Foru Aldundia | 2025 03 06

Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako upategien parte-hartzea bultzatzen du estatuko eta nazioarteko sustapen-estrategian

Ekimen hau Bruselako Munduko Lehiaketaren Wine Bar tabernarekin Mexiko Hirian lortutako akordio estrategikoaren barruan kokatzen da, Arabako Errioxa 2025eko Eskualde Gonbidatu bihurtuko duena.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 5a. Arabako Foru Aldundiak jakinarazpen bat bidali die Arabako Errioxako upategi eta mahastizainei, Estatuko nahiz beste herrialde batzuetako merkatuan sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan parte hartzeko interesa agertzeko deialdi bat ireki dela iragartzeko.

Ekimen hau Bruselako Munduko Lehiaketaren Wine Bar-ekin Mexiko Hirian lortutako akordio estrategikoaren barruan kokatzen da, Arabako Errioxa 2025eko Eskualde Gonbidatu bihurtuko duena ardogintza sustatzeko gune ospetsu honetan. Akordio horri esker, showroom esklusibo bat prestatuko da, Arabako Errioxako Wine Corner izenekoa, eskualdeko ardoak Mexikoko merkatuan hedatzeko eta merkaturatzeko plataforma gisa balioko duena, Arabako ardoak hedatzeko beste ekintza batzuen artean.

Sektoreak ekintza horietan parte hartzea errazteko, Aldundiak deialdi bat ireki du Arabako Lurralde Historikoan ustiapena duten upategi eta mahastizainentzat. Zerrendan sartzeak aukera emango die parte-hartzaileei informazioa jasotzeko eta Aldundiak hainbat merkatutan antolatutako sustapen-ekimenetara sartzeko.

Interesa duten pertsonek Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioaren bidez aurkeztu beharko dute beren interes-adierazpena. Izena emateko epea zazpi egun baliodunekoa da, deialdia ALHAOn argitaratzen denetik hasita.

Ekimen horren bidez, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Errioxako ardoen merkaturatzea merkatu berrietan indartzeaz gain, Mexikon lortutako akordioaren eragina maximizatzea ere bilatzen du, upategiek plataforma hori nazioartean presentzia handiagoa izateko balia dezaketela ziurtatuz.

Informazio gehiago eta izena emateko formularioa eskuratzeko, interesdunek Arabako Foru Aldundiko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzura jo dezakete edo https://egoitza.araba.eus/eu/-/solicitud-de-inclusion-en-el-listado-de-agentes-interesados-en-la-promocion-y-comercializacion-de-rioja-alavesa-en-estado-y-en-terceros-paises web orria bisitatu.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi