Foru Aldundia | 2025 06 25

Arabako Foru Aldundiak harrera egin dio Down Araba-Isabel Orbe Elkarteari, haren 30. urteurrena dela eta

Gasteiz, 2025eko ekainaren 25a. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak Down Araba-Isabel Orbe Elkartearen ordezkariak hartu ditu gaur arratsaldean Aldundiaren Jauregian. Elkarteak 30 urte daramatza jardunean, eta foru ordezkariak eskerrak eman dizkio Down sindromea duten pertsonen eskubideak eta interesak errespetatu eta betetzeko eta pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko egin duen lanagatik.
Ekitaldi horren bidez, Arabako Foru Aldundiak omenaldia egin nahi izan die Down Araba-Isabel Orbe Elkarteko partaide izan direnei eta gaur egun partaide direnei. Ekitaldian Javier Aguirreurreta presidente duen entitatearen zuzendaritza batzordea izan da, bai eta elkarteko bazkide, senide eta boluntario ugari ere.

Arabako diputatu nagusiak Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatua izan du lagun, eta zorionak eman dizkio elkarte horri, egindako lan handiagatik. Elkarte horrekin lankidetzan dihardu Foru Aldundiak duela urte batzuetatik hona, Down sindromea duten pertsonei beren bizitza autonomoaren esparruan erabakiak hartzeko gaitasuna garatzeko aukera emateko eta bizitza independenterako sarbidea ahalbidetzeko, hala nahi duten pertsonei.

1994an, Gasteizko guraso talde batek bat egitea erabaki zuen Down sindromea duten seme-alaben etorkizunaz kezkatuta. Seme-alabei aplikatzen zitzaizkien hezkuntza teknikak urriak ziren, eta ez ziren oso ezagunak. Hezkuntza baliabideek ez zuten Down sindromea zuten pertsonei trebetasunak eta abileziak ematearen aldeko apustua egiten, pertsona horiekin autonomia pertsonala garatzeko aukera izan zezaten.

Horrela sortu zen 1995eko otsailaren 16an "Isabel Orbe" Down Sindromearen Aldeko Elkartea. Izen horrekin, urte horretan bertan hildako Isabel Orbe psikiatraren figura omendu zen, eta harreran hartaz ere gogoratu dira. 2008an, elkarteak Down Araba-Isabel Orbe izena hartu zuen. Gaur egun, elkarteak 60 familia biltzen ditu, bao eta 9 langile eta 20 boluntario ere, zeinek 30 urte geroago, oztopoak erorarazten, aniztasuna ospatzen eta helburu berberen alde borrokatzen jarraitzen baitute, hau da, Down sindromea duten pertsonen eskubideak eta interesak errespetatzea eta betetzea.

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi