Gizarte Zerbitzuak | 2022 04 01

Arabako Foru Aldundiak maiatzetik ekingo dio berriro desgaitasuna duten adingabe eta gazteentzako atseden programari

  • Zaintzaileek atseden denbora bat hartzeko aukera ematen du

  • 7 eta 30 urte bitarteko ume eta gazteentzako 120 plaza eskainiko dira, eta egonaldiez gozatu ahal izango dute Barria eta Espejoko aterpetxeetan

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 1a. Arabako Foru Aldundiak bostgarren urtez jarraian bultzatuko du desgaitasuna duten eta laguntza handia behar duten 7 eta 30 urte bitarteko pertsonentzako atseden programa. Barriako eta Espejoko foru aterpetxeetan egingo da.

Informazioa eskuratzeko eskaera aurkezteko eta eskatutako dokumentazioa bidaltzeko epea apirilaren 5ean amaituko da. Informazioa IFBSprogramarespiro@araba.eus eta IFBSprogramaocio@araba.eus helbide elektronikoetara bidal daiteke, edo hitzordua eska daiteke 945 151116 telefonoan.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egindako Atseden Programak 120 plaza eskainiko dizkie, maiatzetik urrrira bitartean, desgaitasuna duten haur eta gazteei bi aterpetxeetan asteburuetako egonaldiak egiteko. Normalean, haur eta gazte horiek familiaren laguntza sarean artatzen dituzte. Haren xedea da zaintzaileei aukera ematea atseden hartzeko, indarberritzeko edo beren garapen pertsonalerako, edo bestela ezinezko gertatuko litzaiekeen premia egoeraren bati aurre egiteko.

Nola atseden egonaldiak Zainduz Araba Programan sartuta dauden, familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen dutenek egonaldira ezer ordaindu gabe joan daitezke, urtean 15 egun gehienez.

Programa egiten ari den bitartean, umeek eta gazteek harreman pertsonal berriak edukitzeko, gaitasunak garatzeko eta autonomia eta autodeterminazioa handitzeko ekintzak egingo dituzte, pertsona bakoitzaren beharrizanak ardatz hartuta. Monitore espezializatuek osatuko dute arreta taldea, eta programako parte hartzaileei behar dutenean laguntzeko eginkizuna izango dute, albait gehien parte hartu dezaten.

Plazak esleitzeko lehentasuna izango dute mendekotasun gradurik handiena dutenek, eta mendekotasun gradu bakoitzean, desgaitasun ehunekorik handiena dutenek.

Gizarte Zerbitzuak Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi