Foru Aldundiak bat egingo du Planetaren Ordua kanpainarekin, aldaketa klimatikoaren inguruan sentsibilizatzeko - prentsa
Foru Aldundiak bat egingo du "Planetaren Ordua" kanpainarekin, aldaketa klimatikoaren inguruan sentsibilizatzeko
Foru erakundea WWF (World Wildlife Fund) erakundeak sustatutako kanpainari atxiki zaio aurten ere, eta 20:30etik 21:30era egingo den itzalaldiarekin bat egin du.

Gasteiz, 2025eko martxoaren 21a. Bihar Foru Jauregiko, Arte Ederren Museoko eta Probintzia plazako argiak itzaliko dira, WWFk sustatutako "Planetaren Ordua" ekimena dela-eta. Itzalaldia 20:30etik 21:30era izango da.
Foru aldundiak aurten ere bat egin du ekimen horrekin; izan ere, kanpaina horren helburua da planeta osoa mobilizatzea eta elkartzea helburu beraren inguruan, hain zuzen, klima aldaketaren eta natura galeraren aurkako borrokan. Faktore horiek elkartuz gero, arriskuan jartzen dute egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi kalitatea.
Kanpainak, gainera, arreta jarri nahi du ekosistemak suntsitzeak biodibertsitateari dakarkion mehatxuan. Ekintza sinbolikoa da, energia kontsumoaren eraginkortasunaren eta murrizketaren alde eta energia garbien alde, CO2 isurketak gutxitzeko ezinbestekoak baitira.
Itzali argia eta eman ordubete Planetari lelopean, 2007. urtean Sidneyn sortutako ekimenak mundua klima aldaketaren arazoaz kontzientziatu nahi du, eta ia 200 herrialdetako milaka hiri biltzen ditu.
Foru Aldundiak Arabako udalak eta, oro har, herritarrak animatzen ditu bat egin dezaten ekimenarekin, eraikin eta etxeetako argiak itzaliz, gure planeta eta bertako dibertsitatea defendatzearen alde eginez.