| 2025 02 17

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak dei egiten diete Arabako familiei 40 saharar ume har ditzaten uda honetan

Afanis familien elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak aurten ere 'Oporrak bakean' programa antolatu dute erakundeen lankidetzarekin batera

Edizio honetan, harrera familiek laguntza ekonomikoak eduki ahal izango dituzte aisialdiko jardueren gastuak ordaintzeko, hala nola udalekuak edo udako campusak, kontziliazioa errazteko

Gasteiz, 2025eko otsailaren 17a.Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis), eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak dei egin diete gaur goizean arabar familiei, aurtengo udan saharar iheslari kanpamenduetatik datozen haurretakoren bat har dezaten beren etxean. Oraingo honetan, helburua da 8 eta 12 urte bitarteko 40 haur hartzea, Afanisek adierazi duenez.

Aurtengo kanpainaren leloa da ‘Esperantzari leiho bat’  da. 'Oporrak bakean' edizio berriarekin batera, harrerako familien lan solidarioa errazteko berrikuntzak daude. Familia horiek laguntza ekonomikoak jaso ahal izango dituzte bi hilabete horietan familia bateragarri egitea erraztuko duten jardueren gastuak ordaintzeko, hala nola udalekuak, udako campusak edo joko txokoak, besteak beste.

Iaz, Arabako 22 familiak hartu zituzten uztailean eta abuztuan kanpamenduetatik zetozen 11 neska eta 12 mutiko saharar. Aurten, familia berriak behar dira truke horretaz gozatzeko prest. Hala azaldu dute prentsaurrekoan Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Susana Alfonso Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapen Lankidetzarako zuzendariak, Estíbaliz Barrio Afaniseko presidenteordeak eta Mohamed Fadel Mojtar Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariak.

Haur horiek saharar iheslarien kanpamenduetan bizi dira urte osoan, Saharako basamortuan, Aljeriako Hamada deritzon gune batean, bizitzeko lekurik gogorrenetako batean, gabezia handiko egoeran eta behartuta erbesteraturik 1975. urteaz geroztik. Programaren helburua da atsedenaldi bat ematea, Saharako basamortutik atera ahal izan daitezen udako hilabeteetan, 55 gradu arteko tenperaturak jasan behar izaten baitituzte orduan. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzul daitezen, aukera izanez urtearen gainerako zatia indar handiagoarekin eramateko.

Programari esker, azken urteetan ehunka ume sahararrek uda desberdin batez gozatu ahal izan dute, kultura trukea eta Saharako herriak duen egoerari buruzko sentsibilizazioa sustatuz Arabako gizartean. Gainera, egonaldian jarduera ludikoetan, heziketakoetan eta kirolekoetan parte hartzen dute, eta arreta medikoa eta hortzetakoa jasotzen dute. Arreta hori funtsezkoa da haien osasunerako eta ongizaterako, bai eta patologia medikoak prebenitzeko ere.

Era berean, Arabako gizarteak aukera du Saharako kanpamentuen errealitatea ezagutzeko, bai eta Saharako herriak duela 40 urte baino gehiagotik bizi duen abandonu egoera ezagutzeko ere, eta aukera ematen du milaka familiak bertan bizi dituzten baldintza gogorrekin solidario izateko.

Iñaki Gurtubai foru diputatuak gogorarazi duenez, "Saharako hiru haurretatik batek bakarrik jasotzen du hazkunde ona izateko behar den dieta, eta, beraz, Araban egiten duten egonaldiak asistentzia medikoa eta elikadura orekatua bermatuko dizkie". Era berean, azpimarratu du 'Oporrak bakean' dela "Arabako herriaren babes erakusgarria Saharako herriak bere etorkizuna askatasunez erabaki ahal izateko egiten duen bidezko aldarrikapenari". 

"Aukera bikaina da gasteiztar eta arabarren elkartasuna erakusteko, eta gainera, haurren irribarrea da saria. Izan ere, bi hilabetez laguntza medikoa, elikadura orekatua eta aisialdi-jarduerak izan dituzte, osasun mentala eta fisikoa hobetzeko", azaldu du Susana Alfonsok.

Alde baterako harrera egiteko programan parte hartu nahi dutenek telefono hauetara dei dezakete: 650 134 011 eta 665 711 947; edo afanis.org web orrian kontsultatu.

Prentsa oharra

Jaitsi