| 2023 04 27

Foru Aldundiak salatu du bere izenean inprimaki faltsuak jarri dituztela Agurainen

Gasteiz, 2023ko apirilaren 27a. Arabako Foru Aldundiak salatu du foru erakundearen logoa duten iragarki faltsu inprimatuak jarri dituztela Aguraingo espazio publikoan. Inprimakiak Alavabusen 5. lineak maiatzaren 4tik (osteguna) aurrera eskainiko duen Agurain eta Gasteiz arteko zerbitzu berriaren ordutegiei buruzkoak dira.

Arabako Foru Aldundiak argitu nahi du inprimaki horiek ez direla foru erakundearen ekimena.

Inprimatutako iragarkiek Arabako Foru Aldundiaren logotipo ofiziala dute goiburuan, eta gonbit egiten die herritarrei Arabako Foru Aldundiari helarazteko ordutegi horiei loturiko kexak eta iradokizunak. Halaber, foru egoitza elektronikoko zenbait web orri eta helbide elektroniko jarri dituzte horretarako, QR bat barne; baina, berez, helbide eta orri horiek ez dira helburu horretarako.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak, duela urtebetetik hona, erabiltzaileentzako arreta gune bat du gaituta. Han, Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren lineei buruzko informazioa lor dezakete, eta hobetzeko proposamenak, iradokizunak eta kexak aurkez ditzakete 945182060 telefonoaren, alavabus@araba.eus helbide elektronikoaren eta Twitter-eko @AlavabusEus profilaren bidez.

Arabako Foru Aldundia gertaera hori aztertzen ari da, dagozkion legezko neurriak hartzeko.

Prentsa oharra

Jaitsi