Foru Aldundiak 377 000 euro baino gehiago bideratu ditu Arabako baliabide turistikoak berritzeko - arabapress
Foru Aldundiak 377.000 euro baino gehiago bideratu ditu Arabako baliabide turistikoak berritzeko
Kuadrilletako eta udaletako hogeita hamar proiektu finantzatzen ditu
Proiektuak askotarikoak dira, besteak beste: bizikleta elektrikoen alokairua, aterpetxeak, coworking-espazioak, autokarabanetarako instalazioak, interpretazio zentroak eta seinaleak


Gasteiz, 2025eko uztailaren 11.- Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 377.000 euro baino gehiago bideratuko ditu aurten Arabako baliabide turistikoak eta azpiegiturak berritzeko, lurralde historikoko udalentzako eta kuadrillentzako laguntza lerro baten bidez. Helburua da Arabak bidaiarien eskura jartzen dituen turismo zerbitzuak eta esperientziak hobetzea, eta, horrela, probintzia kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa finkatzea.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak eta Felipe García arloko zuzendariak deialdi horien ebazpena aurkeztu dute gaur, eta jakinarazi dute aldundiak finantzatuko dituen Arabako toki erakundeen hogeita hamar proiektuen berri eman dute.
"Horrela, natura-, ondare- eta enogastronomia-helmuga gisa dugun lehiakortasuna indartu nahi dugu".
"Gure lurraldea aisialdiaz gozatzeko aukeratzen duten bidaiariei gero eta zerbitzu eta esperientzia gehiago eskaintzen dizkien kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarria da", gaineratu du foru diputatuak.
Cristina Gonzálezek azaldu duenez, deialdi horiek «irisgarritasun- eta energia-efizientziako irizpideak dituzten proiektuak finantzatzen dituzte: aterpetxeak, bizikleten alokairua, errealitate birtualeko APPak, seinaleak, autokarabanentzako instalazioak, interpretazio zentroak eta turismo bulegoak, etab. Gure helburua da: bidaiariak sasoi jakin batzuetan ez metatzea eta banaketan aurrera egitea lurralde osoan, eta, horrela, gure artean denbora gehiago geratzea eta arabarrei enplegua eta aberastasuna sortaraztea».
"Bide onetik goaz. Horrela, eta 2025eko urtarrila-maiatza aldiko datuen arabera, 2024ko bisitarien errekorrari eusten diogu, eta gure ostatuetan kontratatutako gauak % 5 hazi dira, milioi erdira hurbilduz. Hazkunde horri esker, okupazioa eta batez besteko egonaldia % 5,5 igo dira iazko aldi beraren aldean, eta batez besteko egonaldia 2,33 egunekoa izan da, Euskadiko altuena".
Arabako kuadrillei zuzendutako lehen laguntza lerroak 167.000 eurorekin finantzatuko ditu honako proiektu hauek:
• Arabako Mendialdea: Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua, erabat automatizatua, Santikurutze Kanpezuko autokarabanen eremuaren ondoan, Antoñanako turismo bulegoan funtzionatzen duenaren osagarri. 5 bizikleta izango ditu, eta mantentze lanak eta seinale berriak Izki BTT zentroko lau ibilbidetan.
• Añana: bizikleta elektrikoak alokatzeko puntu automatizatua Gesaltza Añanako aparkalekuan, EBko Next Generation funtsekin finantzatutako sare zabalago batean integratua.
• Arabako Errioxa: igogailua jartzea Bilarko ondare arkeologikoaren interpretazio zentroa izango delakoan, eraikineko terrazara sartzeko. Terraza horretatik Guardia eta "Chabola de la Hechicera" trikuharria ikusi ahal izango dira. Proiektu hori Europako funtsekin finantzatutako Arabako Errioxako Turismo Jasangarritasuneko Planaren parte da, eta "Hechicera" trikuharria bisitatzen dutenek Bilar ere bisitatzea du helburu.
• Aiaraldea: 2024an hasitako proiektua amaitzea, bost mendi ibilbidetan informazio panelak, norabide seinaleak eta interpretazio elementuak jartzeko.
• Gorbeialdea: eskualdeko baliabide turistiko nagusiak eta mendi ibilaldiak eskuratzeko informazio digitala hobetzea Googlemaps eta Wikiloc bidez, bi baliabideren (Arratzua-Ubarrundiako muralak, eta pagadiak) eta ibilbide zikloturisten kokapena, irudiak eta informazioa sartuz; eta Murgiko Turismo Bulegoaren irudia hobetzea.
• Arabako Lautada: informazio panel berriak Aguraingo eta Dulantziko erromesen aterpetxeetan, eskualdeko mapa turistikoarekin, udalerriko kale izendegiarekin eta inguruko baliabide turistiko garrantzitsuenei buruzko informazioarekin; eta Gebarako Gaztelua birtualki berreraikitzeko aplikazioa, 360º-ko teknologian oinarritutako murgiltze esperientzia eskaintzeko bisitariari.
Udalei zuzendutako laguntza lerroaren bidez finantzatutako proiektuei dagokienez, honako hauek dira:
• Gasteiz. Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema berria. Sistema horrek 50 bizikleta eta 4 geltoki izango ditu, eta batez ere udalak eta Europar Batasunak finantzatuko dute.
• Zambrana. Autokarabanek ur zikinak hustu, deposituak bete eta bateriak kargatu ahal izateko gunea. Frontoiaren ondoan kokatuko da; bertan, aparkaleku handia, igerilekuak, kirol eremua eta taberna-jatetxea baitaude.
• Lagran. Autokarabanen aparkalekurako sarbideak kontrolatzeko sistema ezartzea, plazen erreserbak kudeatzeko.
• Lapuebla de Labarca. Lokal bat eraberritzea, 2023an inauguratutako egungo erromesen aterpetxean integratzeko, Inaziotar Bideari lotuta. Eraberritzeari esker, aterpetxearen edukiera 8 pertsonatik 16ra handitu ahal izango da, eta, horrela, pertsona talde handiek gaua igaro ahal izango dute.
• Bastida. Take Your Selfie sistema instalatzea udalerriko hiru puntutan, bisitariek kalitate handiko argazkiak hartu ahal izan ditzaten puntu estrategikoetan, kokapen profesionalarekin, hirugarrenen laguntzarik gabe eta ondare ingurunea nabarmenduz; autokarabanen eremuko hornidura elektrikoaren digitalizazioa; eta hiri altzariak "Bastida, ardo modernoaren sorlekua" markarekin.
• Agurain. Aterpetxea eraberritzea, mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna hobetzeko (banaketa berria, desnibelak kentzea eta ateak handitzea); eta LED argiak jartzea. Erabilera turistikorako aterpetxe bat da, eta Donejakue Bideko erromesen aterpetxea.
• Artziniega. Coworking-gunea Kultur Etxea berrian, 6/8 posturekin, Arabako Foru Aldundiaren Turismoko BuleGO! ekimenaren esparruan, nomada digitalak erakartzeko; eta errealitate areagotuko aplikazioa, Erdi Aroko hiribildu hori, hango ondarea eta museo eskaintza ezagutu eta bisitatzeko, informazio historikoarekin, gida eleaniztunarekin, 360º-ko argazki eta bideoekin...
• Dulantzi. Udalerriko turismo informazioko seinaleak erabat berritzea; eta autokarabanen eta kirolen eremuaren ondoko eraikinetan horma irudiak sortzea.
• Guardia. 'Erraldoia' mahats bilketaren gaiarekin, herriko erraldoien konpartsari gehituko zaiona; Done Joan elizako dorrearen argiztapena energia eraginkortasuneko irizpideekin berritzea; eta Paganosko atearen mahai panoramikoa egokitzea.
• Amurrio. Turismo informazioko panel berriak diseinatu eta jartzea.
• Gaubea. Ekitaldietarako altzariak.
• Asparrena. Arrazpi harrobi eta zamalekura espazioan eta denboran "bidaiatzeko" eta harria ateratzeko, lantzeko eta garraiatzeko prozesua "ikusteko" aukera ematen duen errealitate birtualeko sistema.
• Eltziego. Turismo bulegoaren energia efizientzia hobetzea.
• Santikurutze Kanpezu. Coworking-espazio berria gaitzea.