Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratu ditu Arabako baliabide turistikoak sustatzeko eta modernizatzeko - prentsa
Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratu ditu Arabako baliabide turistikoak sustatzeko eta modernizatzeko
Toki erakunde, enpresa eta elkarteentzako hainbat laguntza lerroren bidez
16.000 arabar baino gehiagok egiten dute lan turismoarekin lotutako jardueretan, eta sektoreak Arabako BPGaren ia % 6ko ekarpena egiten du

Gasteiz, 2025eko apirilaren 2a.- Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu aurten Arabako natura, ondare eta enogastronomia baliabideak sustatzera eta turismo azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzera, lurraldea kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa finkatzeko. Baliabide horiek, zeinak 2024koak baino % 10 gehiago baitira, toki erakundeentzako, ETE-entzako eta autonomoentzako eta sektoreko elkarteentzako laguntza lerroen bidez bideratzen dira.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek informazio hori eman du gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta laguntza programa horiek estrategia integral batean kokatu ditu. Estrategia horren ardatzak honako hauek dira: Araba helmuga gisa sustatzea Espainian, bai eta Europako merkatu estrategikoetan ere; trakzio ekitaldiei laguntzea, eta inbertsioak egitea gure baliabideak modernizatzeko.
Gonzálezek azaldu duenez, turismo sektoreko kuadrilla eta udalei, ETE-ei eta autonomoei, eta turismo jardueretan lan egiten duten irabazteko xederik gabeko elkarte eta entitateei zuzendutako laguntzek "lehentasuna dute eragile horiei laguntzeko gure erakargarri naturalak, ondarezkoak eta enogastronomikoak sustatzen, bisitariak erakartzeko gaitasuna duten kultura eta kirol ekitaldiak antolatzen eta gure turismo azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen".
"Guztira, aurten milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditugu laguntza lerro horietara, hau da, 2024ko ekitaldian bideratutako baliabideak baino % 10,3 gehiago", erantsi du.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak joan den otsailean argitaratu zituen turismo informazioko gunea duten kuadrillei eta udalei zuzendutako deialdiak. Eskaerak aurkezteko epea datorren apirilaren 11n amaituko da, eta martxoaren amaieran ETE-ei eta autonomoei eta irabazteko xederik gabeko elkarte eta entitateei zuzendutako deialdiak onetsi zituen. Eskaerak aurkezteko epea, kasuen arabera, apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran amaituko da.
Laguntza lerroen lehenengo multzoak turismoa sustatzeko eta ekitaldiak antolatzeko ekintzak finantzatzen ditu: lineako eta lineaz kanpoko publizitatea, sustapen materiala, web atariak, ekitaldiak, bisita gidatuak, turismo jasangarriko ziurtagiriak, etab. Enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako deialdiek, gainera, linean merkaturatzeko sistemen ezarpena eta elkarte sektorialetako afiliazio kuotak diruz laguntzen dituzte.
Bigarren multzoak azpiegiturak modernizatzeko eta berriak sortzeko inbertsio proiektuak finantzatzen ditu, Arabako turismo eskaintza aberasteko. Deialdi horietan, diruz lagundu daitezkeen inbertsio mota desberdinak ezartzen dira, besteak beste: baliabide eta establezimenduen irisgarritasuna hobetzea, jarduera turistikoak sortzea eta dibertsifikatzea, produktu eta zerbitzu turistikoen energia eraginkortasuna hobetzea, nomada digitalen BuleGO! proiekturako guneak gaitzea, etab.
Emaitza positiboak
Toki erakundeen kasuan, diruz laguntzen dira, halaber, Donejakue Bidean eta Inaziotar Bidean erromesari arreta emateko azpiegiturak hobetzea, eta Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideari (GR38) eta Vasco-Navarro Trenbidearen Bide Berdeari zerbitzuak eta ekipamenduak emateko inbertsioak. Bai eta beste hauek ere: bisitariak hartzeko eraikinak edo informazio turistikoa emateko azpiegiturak konpontzea, handitzea eta haien mantentze lanak egitea edo eraberritzea.
"Programa horiei esker, Arabako toki erakundeekin, enpresekin eta elkarte turistikoekin batera, pertsonei gure natura, kultura eta ondare baliabideak ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen dieten ekipamenduak eta azpiegiturak hobetzen ditugu. Azken helburua da udalerri eta eskualde guztien eskaintza eta zerbitzu turistikoak hobetzea, sustatzea bisitak urtarokotasunetik atera daitezela eta bultzatzea bisitatzen gaituztenek egun gehiago igaro dezatela gure artean", adierazi du diputatuak.
Cristina Gonzálezek "azken urteotan gainerako erakunde publikoekin eta sektorearekin batera garatzen ari garen estrategia partekatuan" kokatu ditu laguntza programa horiek, "turismoak Arabako herritarrentzako aberastasunaren eta enpleguaren eragile izaten jarrai dezan. Estrategia horrek emaitza "positiboak" eskaintzen ditu, eta gero eta jende gehiago sartzeaz gain, jendeak gero eta gau gehiago igarotzen ditu hemen.
"2024 gure historiako urterik onena izan zen: 575.467 sarrera egon eta 1,3 milioi gau kontratatu ziren, 2023an baino % 3 eta % 7,5 gehiago, hurrenez hurren, eta batez besteko egonaldia 2,21 egunekoa izan zen, EAEko altuena. Bilakaera positiboa da, halaber, enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari dagokionez: 2024aren amaieran, 16.119 arabar zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta turismoarekin lotutako arloetan, % 1,5 gehiago. Igoeren 8 ekitaldi baino gehiago metatu ditugu, 2020a alde batera uzten badugu, pandemiagatik ", esan du.
Era berean, nabarmendu du turismoak Arabako Barne Produktu Gordinari (BPGd) egin dion ekarpena, Eustaten 2023ko azken azterlanaren arabera, % 6ra hurbiltzen dela: zehazki, % 5,7koa da, 2022an baino puntu bat gehiago eta 2022an baino bi puntu gehiago. "Zifra horiek agerian uzten dute turismoa gero eta garrantzitsuagoa dela gure lurraldeko aberastasunaren eta enpleguaren eragile gisa", adierazi du foru diputatuak.