Foru Aldundiak Eraginkortasunerako Plan Estrategiko bat diseinatu du aparteko gastuak murrizteko eta baliabideak optimizatzeko - arabapress
Foru Aldundiak Eraginkortasunerako Plan Estrategiko bat diseinatu du aparteko gastuak murrizteko eta baliabideak optimizatzeko
Sailarteko batzorde bat sortuko du, eraginkortasunerako proiektu edo jarduera puntualak zehazteko eta ebaluatzeko

Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak gaur goizean Batzar Nagusien osoko bilkuran jakinarazi duenez, bere saila Eraginkortasunerako Plan Estrategiko bat diseinatzen ari da, foru erakundean aparteko gastuak murrizteko eta baliabideak optimizatzeko. Jarduera hori legegintzaldi honetarako Gobernu Planean jasota dago, 5. ardatzaren barruan ("Araba ondo gobernatua").
Planaren alderdi garrantzitsuenetako bat sailarteko batzorde bat sortzea da. Batzorde hori foru erakundea osatzen duten sailetako ordezkariek osatuko dute, eta bere egitekoen artean egongo da egokitzat jotzen dituen eraginkortasunerako helburu eta proiektu edo jarduera puntualak zehaztea, definitzea eta ebaluatzea.
"Epe luzerako balio izateko asmoz, helburu argi eta lorgarriak ezarriko dituen oinarrizko dokumentu bat sortzeko asmoz ari gara lanean. Testu horrek kudeaketa teknikak eta tresnak ere jasoko ditu", zehaztu du foru arduradunak.
Ekintza ildo horretan, Gonzalok nabarmendu duenez, "dokumentuak zehaztu beharko du erakunde publiko baten zein jarduera eremutan optimiza daitekeen ondasun eta zerbitzu publikoak emateko erabilgarri dauden baliabideen erabilera".
Eraginkortasunerako Plan Estrategikoak lortu nahi dituen helburuen artean dago erakundeak gastua arrazionalizatzeko kultura bere egitea eta gastua optimizatzea ahalbidetuko duten metodologiak zehaztea, sustatzea eta ezartzea, eta baliabideen erabilera alferrikakoa edo ez-eraginkorra identifikatzea. Eta, Itziar Gonzalok aipatu duenez, beste hau ere bai: "Sistemak ezartzea, baliabideen optimizaziotik sortzen diren soberakinak lehentasunezko arloetan berrinbertitzeko, hala nola azpiegiturak edo gizarte premiei erantzutea".
Planaren edukiari dagokionez, "behin eraginkortasun printzipioaren kontzeptua eta arau esparrua azalduta, haren neurketa aztertuko da, eta planak ondorioak izan ditzakeen eremuak landuko dira".