Foru Aldundiak emakumeen ahalduntze proiektu bat finantzatuko du Gineako Errepublikan - arabapress
Foru Aldundiak emakumeen ahalduntze proiektu bat finantzatuko du Gineako Errepublikan
Foru erakundearen eta Manuel Iradier Elkarte Afrikanistaren arteko lankidetzari esker, hobetu egingo dira elikagaien segurtasuna, komunitateak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia eta landa exodoaren ondorioak

Gasteiz, 2022ko abuztuaren 10a. Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu du Manuel Iradier Elkarte Afrikanistarekin, zeinaren bidez 50.000 euroko dirulaguntza emango baitzaio “Yhangal Bantal Brouwal” proiektua garatzeko. Gineako Errepublikako landako udalerri bateko emakumeen ahalduntzea sustatzea helburu duen ekimena da.
Proiektu hori bigarren urtez gauzatuko da 2022an, baratze kolektiboak sortzea eta mantentzea du ardatz eta esku hartzearen lehenengo urtean parte hartu zuten 15 emakume talderekin lan egingo du. Ekoizpen eredu jasangarria eta gertukoa sustatu nahi du, eta nekazaritzarako ezinbestekoak diren baliabide naturalak babestea ere bai.
Zehazki, ekimen horren bidez hainbat ekintza abian jarri nahi dira elikagaien segurtasuna, komunitateak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia eta landa exodoaren ondorioak hobetzeko, bai eta gizarte kohesioa indartzeko ere.
Tartean diren emakumeak, aldi berean, erreferenteak izango dira komunitateko beste pertsona batzuk nekazaritzako eta nekazaritza eta basogintzako tekniketan trebatzeko, proiektuaren iraunkortasuna bideragarria izan dadin.
Elkarte egitura horietan ezinbestekoa da genero ikuspegia txertatzea, eta ikusi da halako egiturei eustea funtsezkoa dela emakumeei topaketarako, ikaskuntzarako eta garapen pertsonalerako guneak eskaintzeko, esku hartzetik beretik harago.
Hitzarmena foru lankidetza nazioartean arautzen duen programa esparruan sartzen da, eta bat dator Garapen Jasangarriaren aldeko 2030 Arabako Aliantzaren 5. garapen jasangarrirako helburuarekin. 5. GJHren xedea da genero berdintasuna lortzea eta emakumeak eta neskak ahalduntzea sentsibilizazioaren eta estereotipoak ezabatzearen bidez, benetako garapen jasangarria lortzen laguntzeko.
Manuel Iradier Elkarte Afrikanista garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko GKE bat da, erreferentziazkoa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bereziki Araban, eta duela 30 urtetik hona Saharaz hegoaldeko Afrikara begira lan egiten du, giza garapen integrala eta komunitate afrikarren ahalduntzea sustatuz.