Foru Aldundia | 2022 06 30

Foru Aldundiak Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BEBai aintzatespenak eman ditu

Proiektuak honako erakunde hauek gauzatu dituzte: Afaraba, Asafes, Bideberria foru zentroa eta Urgatzi elkartea, Gurutze Gorria, eta FotoGasteiz Gasteizko Argazkilari Elkartea

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 30a. Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Politiken Sailak Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai2022 aintzatespenak eman ditu gaur goizean. Europa Jauregian egindako ekitaldi instituzional batean, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gizarte arretaren eremuko bost erakunderen lan onaren aintzatespenak eman ditu, sektorean lan egiten dutenak oro har ezagunak eta aitortuak izan daitezkeen ekimen berritzaileei ekiteko motibatzeko asmoz, bai eta erakunde sozial guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatzeko ere.

Kontxi Llorens Villar-ek eta Paula María Casas Martinek aitorpenetako bat jaso dute, Alzheimerra eta beste Dementzia batzuk dituzten Pertsonen Senide eta Adiskideen Elkartea - Afarabaren izenean, ‘Bidaiatu dezagun zure memoriaren barrualdera’ izeneko beren proiektuarengatik.  Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea - Asafesen partez,  Vanesa Vadillo Vicentek eta Iratxe Díaz de Miguel-ek jaso dute BeBai,  ‘Espacio joven. Erroak Gaztegunea’ proiektuarengatik. Bideberria foru zentroko eta Urgatzi elkarteko Jeanette López Alonsok eta Amaia Pascual Ceberiok bezala, inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrekin ‘Solo crios, críos solos’ egindako antzerki lanarengatik.

‘Lehen Urratsa’ gizarteratze proiektuaren kargura dagoen Arabako Gurutze Gorriaren partez, Txomin Ondarre Díez-ek jaso du saria. Gasteizko Argazkilari Elkartea - FotoGasteizko Irune Bonilla Pérezek eta Genoveva Montoya Murillok ere hartu dute BEBai, Autismo Araba elkartearekin lankidetzan egindako ‘Emoción – Artea’ proiektuagatik.

Arabako diputatu nagusiak erakunde horien guztien lana eskertu du, eta pertsona kalteberenen bizitza kalitatea hobetzeko ekimenetan berrituz jarraitzera animatu du sektore osoa. Ekitaldian, gizarte baliabide eta zerbitzuetako profesionalak, erabiltzaileak eta haien senideak izan dira, bai eta lurraldean eremu sozialean diharduten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetako eta erakunde pribatuetako kideak ere.

Aintzatespenak eman aurretik, Miguel Ángel Verdugo Psikologiako katedradunak, Salamancako Unibertsitateko Komunitatean Integratzeko Unibertsitate Institutuaren (Inico) sortzaile eta zuzendariak, duela gutxi Gizarte eta Giza Zientzien Gaztela eta Leon Saria jaso duenak, txosten hau eman du: “La mejora de la calidad de vida: Buenas prácticas y prácticas basadas en la evidencia". Ekitaldiak amaiera bikaina izan du Bideberriko adingabeek antzeztutako ‘Solo crios, críos solo’ antzerki lanaren laburpen batekin.

Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokitzat jotzen da Arabako Lurralde Historikoan iaz egindako proiektu, jarduera eta esperientzien multzoa, zeinak erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzen lagundu baitu, baliabide, zerbitzu eta programa desberdinetan, kalteberatasun eta ahultasun handiagoa duten pertsonei laguntzea abiapuntu harturik, eta afektua eta emozioak izanik ezaugarri komun.

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi