Foru Aldundia | 2022 03 18

Foru Aldundiak kanpaina bat bultzatu du arranoen talka murrizteko mahastietako besora metalikoetan

Aguila a-LIFE proiektuaren esparruan, eta Arabako Errioxako bost upategiren lankidetzaren bidez, irtenbide posible bat aztertzen ari dira: alanbre esekiak mahatsondo enborreraino jaistea, aihenik eta orririk ez dagoen hilabeteetan; abendutik apirilera

Gasteiz, 2022ko martxoaren 18a. Foru Aldundiak garatutako Aquila a–LIFE proiektuak Arabako Errioxan egiten ari den hirugarren lan urteari ekin dio, Bonelli arranoaren populazioa indartzeko ekintzak 2022rako batzen jarraitzeko.

Horretarako, baliotsuak dira Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak dagoeneko aurreikusita dituen jarduera batzuk, zeinak bideratuta baitaude ale horiek egunero borrokatu behar dituzten mehatxuak murriztera; talkak, adibidez. Horiek horrela, nabarmendu behar da nola jada inplementatzen ari den ekintza bat arranoentzako talka arriskua murrizteko. Foru erakundeak kanpaina bat bultzatu du, tokiko upategi eta mahastizainekin borondatezko lankidetza izateko, talka murrizteko hainbat alanbre hari erabiltzen dituzten eta besora jarrita dauden mahastietan.

Besora jarritako egitura metaliko horiek gero eta sarriago ikusten dira Arabako Errioxako paisaian, eta inausketaren ondoren landaretzarik ez dagoen bitartean, aihenak gidatzen dituzten alanbreak airean esekita geratzen dira haiek eusten dituzten zutoinen artean.

Zurrunak eta lodiera txikikoak direnez, arranoek eta beste hegazti batzuek ez dituzte ondo antzematen alanbre horiek. Mahasti askotan harrapakin ugari daudenez, askotan arranoak eta gainerako hegazti harrapariak hara joaten dira erakarrita, eta alanbreekin talka egiteko arriskua izaten dute, horrek dakartzan ondorio lazgarriekin.

Proba pilotu honetan bost upategi parte hartzen ari dira: Casa Primicia, Eguren Ugarte, Bodegas Murúa, Bodegas Faustino eta Bodegas Baigorri. Irtenbide posible bat probatzen ari dira; hau da, alanbre esekiak mahatsondo enborreraino jaistea, aihenik eta orririk ez dagoen hilabeteetan; abendutik apirilera.

Hartara, Bonelli arranoaren aleek talka egiteko arriskua nabarmen murrizten da, eta, aldi berean, neurri horrek beste hegazti batzuei ere mesede egiten die.

Esperientzia pilotu eta frogagarria da. Helburua da metodo hori Bonelli arranoarentzat eta mehatxatuta dauden beste espezie batzuentzat interesekoak diren Arabako Errioxako guneetako mahasti guztietara esportatzea; halaber, balio erantsia ematen dio natura errespetatzen duen mahastizaintzari.

Horrez gain, ez ditu Bonelli arranoaren gaineko kalteak soilik arinduko; ondorioak zeharkakoak izango dira, hainbat hegazti espezieren mesedetan: eguneko eta gaueko harrapari handiak, estepakoak eta zinegetikoak, hala nola, miru gorriak, hontzak, usapalak, birigarroak eta eperrak.

Gainera, ekimen honetan parte hartzen duten upategiei edo mahastizainei aukera emango zaie “besorako proiektuarekin lankidetzan diharduen mahastia”ren zigilua lortzeko, bai eta informazio panel bat jartzeko ere ekimena gauzatzen ari den finketan, proiektuarekiko konpromisoa eta espeziearen kontserbazioan eta babesean duen inplikazioa ikusarazteko.

Aguila a-LIFE proiektuari esker, 2020. urtetik gaur arte Bonelli arranoaren 11 txita askatu dira guztira, eta datorren udaberrian beste bost edo sei askatzeko asmoa dago.

Foru Aldundia Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi