Foru Aldundia | 2025 07 07

Foru Aldundiak izapideak hasi ditu 1936ko kolpe militarra eta frankismoa goraipatzearekin lotutako sari instituzionalak kentzeko

Ikerketa historiko bat aginduko du, zehazteko erakundeak iraganean emandako zer ohorek ez duen betetzen Euskadiko Memoria Historikoaren Legea

Gasteiz, 2025eko uztailaren 7a. Arabako Foru Aldundiak izapideak hasi ditu 1936ko kolpe militarra, Gerra Zibila eta diktadura frankista goresten duten pertsonak eta erakundeak goraipatzen dituzten sariak, izendapenak, dominak eta titulu instituzionalak kentzeko.

Ekimen horrekin, Arabako Foru Aldundiak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legea garatuko du, ohore instituzionalak kentzeari dagokionez. Horretarako, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak ikerketa historiko bat egiteko ardura hartuko du, dagoen informazioa biltzeko, eta zehazteko foru erakundeak iraganean emandako zer bereizgarri ofizialek ez duten Euskadiko Memoria Historikoaren Legea betetzen, eta, hala, indargabetu egingo ditu.

Lege horrek ezartzen duenez, Euskadiko memoria historikoaren eta biktimen duintasunaren aurkakotzat jotzen dira 1936ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren oroitzapen, gorespen indibidual edo kolektiboen aipamenak, haien buruzagienak, eta erregimen frankistari lagundu zioten diktadura erregimenaren eta unitate zibil edo militarren oinarri izan ziren erakundeenak. Legeak, zehazki, 1936ko altxamendu militarrean eta diktadura frankistan parte hartu zuten, haiek bultzatu edo legitimatu zituzten, eta legeria errepublikanoa eta hura defendatu zutenak mespretxatzen dituzten pertsonak aipatzen ditu.

Emandako ohorezko sari batzuk Francisco Franco diktadoreari berari eta altxamendu militarreko protagonista gorenetako bati eman zitzaizkien, hala nola Emilio Mola jeneralari, biak ere bere garaian "Probintziaren aita" izenburuarekin goretsiak.

Bildutako informazio historiko guztiarekin, Arabako Foru Aldundiak erregistro bat sortuko du, erakundeak gutxienez XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte emandako dominen, sarien eta ohorezko izendapenena. Hain zuzen ere, Arabako Batzar Nagusiek gaur goizean mozio bat onetsi dute Foru Aldundiari horrelako erregistro bat sortzeko eskatuz.

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi