Foru Aldundiak landa merkataritzaren lehiakortasuna babestu eta bultzatzeko plan integral bat abiaraziko du - arabapress
Foru Aldundiak landa merkataritzaren lehiakortasuna babestu eta bultzatzeko plan integral bat abiaraziko du
- 2023an eta 2024an hedatuko da, 485.000 euroko zuzkidurarekin eta EBko Next Generación funtsen finantzaketarekin.
- Cristina González: “Arabako kohesio proiektu bat da, landa merkataritza gure herri txikietan bizi diren arabarrentzako oinarrizko zerbitzu gisa zaindu nahi duena”.

Gasteiz, 2023ko martxoaren 9a. Arabako Foru Aldundiak aurten Arabako Tokiko Merkataritza Bultzatzeko Plana abiaraziko du, 5.000 biztanletik beherako herrietan kokatuta dauden Arabako saltegien lehiakortasuna sendotu, balioetsi eta hobetzeko helburuarekin.
Plan integral hori Next Generation funtsek finantzatzen dute, Espainiako Gobernuaren Suspertze Planaren esparruan, eta 485.000 euroko aurrekontua du, guztira.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak gaur azaldu duenez, plana 2023an eta 2024an hedatuko da, hainbat ekintzaren bidez, arlo hauetan: prestakuntza, marketina eta branding-a, erosketen kudeaketa, logistika, merkaturatzea eta ekintzaile berrien erakarpena. “Arabako kohesio proiektu baten aurrean gaude, landa merkataritza gure herri txikietan bizi diren arabarrentzako oinarrizko zerbitzu gisa zaindu nahi duena”.
“Halaber, egoiliarren gastu arrunta finkatzen lagundu nahi dugu, hiri handietaranzko kontsumo ihesa saihestuz, saltegien arduradunak kualifikatuz eta digitalizazioa sustatuz, erosketa ohitura berrietara egokitzeko eta bezero potentzialak handitzeko. Baita Arabako landa herriak erakargarriago bihurtu eta Arabako herrietara ekintzailetza proiektuak erakartzeko ere”, gehitu du.
Arabako Landa Merkataritza Bultzatzeko Planak 485.000 euroko aurrekontua du, eta honako ekintza hauek hedatuko ditu 2023an eta 2024an:
1 – Erosketak kudeatzeko plataforma elektronikoa
Hornidurak kudeatzeko software espezifiko bat sortzea. Software horrek erosketen zentral moduan funtzionatuko du, landa saltegi txikiei zuzenduta egongo da eta Arabako handizkako merkataritzako kide nagusiei sarbide zuzena emango die. Plataforma horien bidez, landa saltegiak handizkako merkataritzaren eta ohiko beste hornitzaile batzuen eskaintzara sartuko dira, hala nola aholkularitzetara, garbiketa eta mantentze zerbitzuetara, obra eta konponketetara eta abarretara.
Aurrekontua 30.000 euro
2 – Digitalizazio planak Arabako kuadrilla bakoitzarentzat
Arabako kuadrilla bakoitzarentzat digitalizazio planak garatzea, bakoitzaren errealitatera egokituta, kontsumo ohitura berrietara egokitzeko. Digitalizazio plan bakoitzak ibilbide orri bat eskainiko du landa eremuko txikizkako merkataritza eta kontsumitzaileak elkartzen aurrera egiteko.
Aurrekontua 105.000 euro
3 – Ireki eta itxitako merkataritza lokalen errolda, ekintzaile berriak erakartzeko
Irekita eta itxita dauden merkataritza lokalen errolda bat egitea, eta eskualdeetako merkataritza ekipamenduen oinarrizko premiak definitzea, eskuragarri dauden lokalen jabeekin akordioak lortzeko eta hutsik dauden lokal horiek okupatzeko ekintzaileei eta/edo inbertitzaileei zuzendutako informazio kanpaina bat egiteko aurretiazko urrats gisa.
Aurrekontua 80.000 euro
4 – Landa merkataritzako marka irisgarri eta jasangarri batean oinarritutako marketin digitaleko kanpainak
Arabako landa merkataritzaren marka bat sortzea, marketin ekintzak linean zein lineaz kanpo garatzeko. Ekintza horien helburua izango da Arabako landa merkataritzaren kontzeptua eta hura denboran iraunarazteko beharra ezagutaraztea eta nabarmentzea. Marketin digitalean inbertitzeak landa guneetatik bezero potentzialetara iristeko aukera ematen du.
Aurrekontua 50.000 euro
5 – Entrega puntuen sistema adimenduna
BOBIS kontzeptuan (buy online, pick-up in-store) oinarrituta, Arabako kuadrilletan banatutako armairu adimendunen (smart lockers) sistema bat garatzea, produktuen eta zerbitzuen entregen banaketa eta jakinarazpena automatizatzeko aukera ematen duen biltegiratze irtenbide gisa.
Aurrekontua 100.000 euro
6 – Heziketa zikloak edo moduluak sektoreko gaikuntza digitalerako.
Doako tailerrak saltegi txikien eraldaketa digitala sustatzeko eta erosketa ohitura berrietara egokitutako tresna teknologikoak dituzten saltegi berriak abian jartzeko. Azken helburua sormena eta eraldaketa digitala bateratzea da, lehiakortasuna hobetzeko eta balioa sortzeko kudeaketa baliabide baliotsu gisa.
Aurrekontua 40.000 euro
7 – Landa merkataritzako enplegu premien foroa eta sektorea kontsumitzaile berrietara egokitzea
Lankidetza egitura egonkor bat sortzea, Arabako Landa Munduko Retailaren Sektoreko 1. Enplegu Foroa sortu ahal izateko. Foro horrek harremanetan jarriko ditu landa munduan karrera profesional bat garatzeko interesa duten gazte guztiak landa munduan biztanleria finkatzeko eta aberastasuna sortzeko politikak eta estrategiak ezartzeko gaitasuna duten erakunde nagusiekin, landa munduko banaketa sektorean karrera profesionalak eta ekintzailetza bilatu eta garatzeko.
Aurrekontua 20.000 euro
8 – Arabako landa merkataritzaren azoka ibiltaria, "Showroom" modalitatean
Formatu txikiko azoka ibiltaria da, aplikazioak, tresnak, diseinuak, softwarea eta bestelako tresna digitalak erakutsiko dituena. Gune horretan, interesa duten landa saltokiek zuzenean ezagutu ahal izango dute, erakusketa ibiltari baten bidez, zer den “etorkizuneko denda” izena izan dezakeena.
Aurrekontua 60.000 euro

