Foru Aldundiak Eltziego, Zambrana eta Azazetako zeharbideen segurtasuna hobetuko du - arabapress
Foru Aldundiak Eltziego, Zambrana eta Azazetako zeharbideen segurtasuna hobetuko du
Seinaleztapena eta trafikoa baretzeko neurriak ere indartuko ditu Zalduondo, Gereñu, Dura, Manurga, Berganzo eta Oletako hiri tarteetan

Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.- Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Eltziego, Zambrana eta Azazetako zeharbideen segurtasuna hobetuko du seinaleztapena eta trafikoa baretzeko neurriak indartuta Era berean, helburu berarekin esku hartuko du Zalduondo, Gereñu, Durana, Manurga, Berganzo eta Oleta herrietako hiri tarteetan.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak esku hartze horiek iragarri ditu gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta neurri prebentibo eta aringarrien urteko programaren barruan kokatu ditu. «Programa honek 600.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta istripuak izaten diren tarteetan eta faunarekin istripuak izateko arriskua dagoen tarteetan segurtasuna indartzeko jarduerak ere barne hartzen ditu».
«Urteko kontratu honen neurriak zehazteko, udalen, administrazio batzarren eta herritarren eskaeretatik, bide segurtasuneko teknikarien txostenetatik eta une honetan egiten ari garen 2020-2024 aldiko istripu tasaren azterketatik abiatzen gara.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 2025eko bigarren seihilekoan eta 2026ko lehenengo hilabeteetan hainbat jarduketa egingo ditu Arabako hainbat herriguneetako zeharbideetan eta hiri bideetako tarteetan ibilgailuen abiadura moteltzeko. Egingo diren jarduketak, kasuen arabera, seinaleztapen horizontala eta bertikala indartzea eta trafikoa baretzeko neurriak hartzea izango dira.
Zehazki, eta foru diputatuak zehaztu duenez, 2025/2026 aldirako neurri prebentibo eta aringarrigarrien kontratuak honako hauetan esku hartzea aurreikusten du: A-132 errepidearen zeharbidean, Azazeta parean; A-3210 errepidearen zeharbidean, Eltziego parean; A-3012 errepidearen zeharbidean, Zalduondo parean; eta Gereñuko (A-3110) eta Durako (A-3002) zeharbideetan. Baita hiri tarte hauetan ere: Manurga (A-3610), Berganzo (A-3126), Zambrana (A-3126) eta Oleta (A-3941).
Horrez gain, kontratu horren bidez, hondatuta dauden euspen sistemak ordeztuko dira, motorzaleentzat egokitutako hesi berriak jarriko dira arriskuko zonetan, eta tarte jakin batzuetan txirrindulariak dabiltzala adierazteko seinale gehiago jarriko dituzte.
Esku hartze programak kontuan edukiko ditu Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Arabako errepideetako istripuez aldizka egiten duen azterlanaren ondorioak. Orain egiten ari den azterlan horrek 2020-2024 aldia hartzen du, eta istripuen kontzentrazio tarteak zehazteko eta haien segurtasuna hobetzeko ekintzak planteatzeko erabiliko da. Ekintza horiek kontratu honekin finantzatuko baitira.
Azkenik, neurri prebentibo eta aringarrien programak honako hauek ere jasotzen ditu: faunari buruzko seinale bereziak jartzea ehiza espezieekin istripuak izaten diren bide tarteetan; eta fauna uxatu eta erakartzen duten produktuak erabiltzea animaliak bidegurutze seguruetara bideratzeko (fauna pasabideak), eta horrela haiek oraingo bidegurutzeetan ez sartzeko.
Aurreikusita dago kontratu berriaren kontura hauek egitea: ehizarako itxitura egitea A-1 autobian, 322 eta 323 kilometro puntuen artean; fauna erakartzeko/uxatzeko gailuak jartzea A-1 autobian, N-102 autobian eta N-240, A-132, A-624, A-2124, A-2622 y A-3318 errepideetan; eta faunaren arrisku seinaleak jartzea zenbait errepidetako zati jakin batzuetan (A-124, N-240, A-2128...), dauden seinaleak osatzeko.