Foru Aldundiak prestakuntzako 153 ikastaro eskainiko ditu Arabako enpresek eskatutako arloetarako - arabapress
Foru Aldundiak prestakuntzako 153 ikastaro eskainiko ditu Arabako enpresek eskatutako arloetarako
Nabarmentzekoak dira industriarekin, logistikarekin eta etxebizitzen birgaitzearekin lotutakoak
Cristina González: "Helburua da kalitatezko enplegua sortzen jarraitzea lanbide kualifikazioaren bidez, eta, horrela, pixkanaka aurrera egitea erabateko enplegurantz"


Gasteiz, 2025eko uztailaren 7a.- Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak, aurtengo urtearen bigarren erdian, 153 prestakuntza ikastaro eskainiko dizkie arabarrei, pertsona aktiboen eta, batez ere, langabeen lanbide kualifikazioa hobetzeko. Ikastaro horiek 1.658 plaza dituzte, eta Arabako enpresek eskatutako ezagutzei eta trebetasunei buruzkoak dira.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Felipe Garcia arloko zuzendariak enplegurako 2025eko prestakuntza eskaintza aurkeztu dute gaur, eta programa hori Arabako eskualde eta udalerrietara eramateko egin den ahalegina azpimarratu dute. "Ikastaro gehienak Gasteizen emango dira, baina kopuru handi bat, 58 zehazki, Arabako beste herri batzuetan", zehaztu du foru diputatuak.
Cristina Gonzálezek azaldu duenez, enplegurako prestakuntza programa estrategia oso baten zati da, enplegu anezkekin eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei berariaz zuzendutako proiektuekin batera. Programa horren helburua da “Araban enpleguaren egungo hedatze fasea sendotzea eta enplegua sortzen jarraitzea, eta, horrela, arian-arian erabateko enplegua lortzeko bidean aurrera egitea".
"Hori lortzeko moduan gaude. Ekaina maiatzean baino 260 arabar langabetu gutxiagorekin itxi dugu, hau da, % 1,5eko jaitsierarekin, eta urtarriletik pilatutako jaitsiera 750 pertsonakoa izan da", nabarmendu du.
Horrela, eta lanean ari diren arabarren kopurua ere maila historikoetan dagoela nabarmendu ondoren (169.594 pertsona daude Gizarte Segurantzan afiliatuta), diputatuak honako hau adierazi du: “Bide onetik goaz, baina oraindik lan asko dugu egiteko. Badaude oraindik lan egin nahi eta ezin duten arabarrak, eta pertsona horiek dira gure ardura. Aurkezten dugun prestakuntza eskaintzaren helburua haien gaitasuna hobetzea eta lan merkatuan sartzeko aukerak areagotzea da, hain zuzen ere".
Eskaintza deszentralizatua
2025eko enplegurako prestakuntza eskaintzak 153 ikastaro eta 1.658 plaza ditu guztira, eta 750.000 euroko aurrekontua. Aurrez aurreko ikastaroak dira, oraindik ere, prestakuntza eskaintza horren ardatz, baina Arabako herritarrek aurrez aurrekoak ez diren formatuak ere erabili ahal izango dituzte, “ordu prestasun mugatua duten pertsonei ikastaro horiek egitea ahalbidetzeko, bizi diren lekuan bizi direla".
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak bi deialdiren bidez finantzatuko ditu enplegurako prestakuntza ikastaroak: bat, orokorra, ia 630.000 euroko zuzkidura duena eta prestakuntza zentroei eta irabazteko xederik gabeko unibertsitate eskola/fakultateei zuzendua, eta, bestea, espezifikoa, 122.000 euroko zuzkidura duena eta kuadrillei zuzendua. Hori guztia ekonomiaren egiturari eta eskualde bakoitzeko enpresen eskariei erantzungo dien prestakuntza eskaintza sustatzeko.
“Gure helburua da eskaintza deszentralizatzea, Arabako eremu guztietara iristea eta, horrela, ikastaroak Gasteizen soilik egitea saihestea. Ikastaro gehienak hiriburuan izango dira, baina horietako asko, 58 zehazki, beste herri batzuetan egingo dira, hala nola Amurrion, Aiaran, Barrundian, Kanpezun, Eltziegon, Iruña Okan, Guardian, Lantaronen, Legution, Laudion, Oionen, Erriberabeitian, Agurainen, Donemiliagan, Gaubean eta Zuian”, adierazi du foru diputatuak.
Enplegurako prestakuntza programaren ezaugarrietako bat sartzeko erraztasuna da; izan ere, ikastaroen % 90en edo gehiagoren matrikula erabat dohainik da, eta gainerakoen kostua 15 eta 175 euro bitartekoa da. Ikastaro gehienak datorren irailetik aurrera hasiko dira ematen, eta 10 eta 100 ordu arteko iraupena izango dute.
2025eko enplegurako prestakuntza ikastaroak Arabako ekoizpen sarearen eskariekin eta premiekin lotutako hainbat lanbide arlori buruzkoak dira, eta, horrela, bereziki nabarmentzen dira industriaren sektoreekin lotutakoak, eta, zehazki, automobilgintzaren azpisektorearekin, logistikarekin eta etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntzarekin zerikusia dutenak. Lehen sektorearekin eta etxeko laguntzarekin lotutako ikastaroak ere badaude
Besteak beste, eta industria arloari dagokionez, honako gai hauei buruzko ikastaroak daude: soldadura elektrikoa eta erdiautomatikoa; material berezien soldadura; galdaragintzari aplikatutako garapenak; fabrikazio mekanikoa; mantentze lan elektriko industriala; makina erremintaren programazioa; xafla industrialaren tolesketa; oinarrizko automatizazioa eta automatizazio aurreratua; robotika industrialaren hastapenak; zibersegurtasuna industrian; eta automatismo industrialak.
Logistikarekin lotutako hainbat ikastaro ere eskainiko dituzte: eskaerak prestatzea eta kargak orga jasotzailearekin manipulatzea, biltegia antolatzea, hornikuntza kudeatzea eta kudeaketa logistikoa, bai eta etxebizitzak eraiki eta birgaitzearekin lotutako honako hauek ere: instalazio fotovoltaikoak muntatzea eta mantentzea, instalazio elektrikoak etxebizitzetan; etxebizitzen iturgintza; bioeraikuntza…
Biologia molekularrari eta mikrobiologiari eta beste arlo batzuei buruzko ikastaroak ere badaude, hala nola ostalaritzari eta ibilgailu elektrikoen konponketari eta mantentzeari buruzkoak.
Zerrenda osoa www.araba.eus web orrian dago eskuragarri, bai eta prestakuntza zentroen zerrenda eta haiei informazioa eskatzeko eta ikastaroetan izena emateko harremanetarako datuak ere.