Foru Aldundiak autoestimu eta autodefentsa tailer bat eskainiko du, LGTBI+ pertsonak ahalduntzeko kuadrilletan eta Trebinun - arabapress
Foru Aldundiak autoestimu eta autodefentsa tailer bat eskainiko du, LGTBI+ pertsonak ahalduntzeko kuadrilletan eta Trebiñun
Tailerra genero aniztasuna eta/edo sexu orientazioa era txarrean bizi duten pertsonei zuzenduta dago, baita, bizi duten urraketaz jabetzen direnean, gaizki sentitzen direnei ere

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 1a. Foru Aldundiak autoestimu eta autodefentsa tailerra bultzatuko du lurraldeko eta Trebiñuko enklabeko LGTBI+ errealitateen arloko esku hartze estrategiaren barruan.
Ekintza horiek egiteko ideia aurrera eramateko, lurraldeko kuadrilletan eta Trebiñun LGTBI+ errealitateak diagnostikatu dira, eta, ondoren, parte hartu duten erakundeekin partekatu diren emaitzak aztertu dira.
Autodefentsa eta autoestimu tailerrak azterketa egin ondoren jasotako eta planteatutako beharrizanei eta eskariei erantzuten die. Hain zuzen ere, Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak baimena eman dio proiektua hiru kuadrillatan egiteari, hain zuzen, Aiaraldean, Gorbeialdean eta Arabako Errioxan.
Proposamena beren genero aniztasuna eta/edo sexu orientazioa era txarrean bizi duten pertsonei zuzenduta dago, baita, bizi duten urraketaz jabetzen direnean, gaizki sentitzen direnei ere. Ildo horretan, helburuetako bat da LGTBIfobiaren ondorioz izandako erasoen inguruan lan egitea, autoestimutik eta ahalduntze kolektibotik abiatuta.
Ainhoa Campo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariaren ustez, autodefentsa beharrezkoa da egunero indarkeriazko egitura oso bat jasaten duen identitatea osasuntsu sendotzeko, eta Aldundiak proposatzen duen bezalako tailerrek lagundu egiten dute LGTBI+ pertsonak ahalduntzen dituzten trebetasunak garatzen, haien identitatea eta autoestimua mindu ez daitezen.
Tailerrean metodologia aktiboa eta parte hartzailea planteatzen da, erabiltzaileak protagonista izan daitezen. Proposatutako jarduerak bizipen esparru batean gauzatuko dira, eta, besteak beste, hausnarketa ariketak, esperientziak partekatzekoak, jolasak edo zapalduaren antzerkia garatzea dago aurreikusita.
Erakusketa
Bestalde, urteko azken lauhilekoan, “Gorroto delituak sexu orientazio eta genero identitateagatik (OSGI). Begirada orokorra" erakusketa ibiliko da lurraldeko hainbat herritatik zehar. Erakusketaren helburua LGTBI+ kolektiboak sexu orientazio eta genero identitateagatik pairatzen dituen gorroto delituen egoera ikusaraztea da.
Panelen bidez, gorroto delituek tokian, estatuan eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan zer egotera duten aurkezten da. Ikuspegi horrek herrialde bakoitzaren egoera zehatza ebaluatzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, behar diren baliabideak eskaintzen ditu gorroto delituen ugalketan politika orokorrek zer eragin duten identifikatzeko.
Erakusketaren helburua da, batetik, analisi kritikoa eta herritarren mobilizazioa sustatzea salaketa egiteko, eta, bestetik, kolektiboaren eskubideak sustatzea.
Sexu orientazio eta genero identitateagatiko gorroto delituak errealitate globala dira, mundu osoan eta gizarte guztietan gertatzen dena, eta aniztasunen intolerantzian eta gaitzespenean oinarritzen dira.