Foru Aldundiak Arabako erpin geodesikoen sarea ezagutarazteko proiektu bat jarri du abian - arabapress
Foru Aldundiak Arabako erpin geodesikoen sarea ezagutarazteko proiektu bat jarri du abian
Laster kaleratzeko da argitalpen bat, sareko 38 erpin geodesikotatik igarotzen diren 15 ibilbideak egiteko informazio guztia jasotzen duena, ibilbide bakoitzaren track-arekin lotutako QR kode bat erantsita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 2a. Foru Aldundiak, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuaren bidez, abian jarri du dibulgazio proiektu bat, Arabako erpin geodesikoen sarea herritarrei ezagutarazteko eta hurbiltzeko. Sare horri balioa emateko helburuaz, foru erakundeak argitalpen bat taxutu du, hainbat erpin geodesiko elkarrekin lotzen dituzten 15 ibilbide biltzen dituena. Lurralde osoan banatutako ibilbideak dira, erpin sarearen parte bat ezagutzeko eta Arabako bazter asko berraurkitzeko aukera emango dutenak.
Laster kaleratzeko da argitalpen bat, sareko 38 erpin geodesikotatik igarotzen diren 15 ibilbideak egiteko informazio guztia jasotzen duena, ibilbide bakoitzaren track-arekin lotutako QR kode bat erantsita. Gainera, ibilbide bakoitzaren luzera, desnibela eta zailtasun-maila azalduko dira, nork bere ahalera eta helburuetara ongien egokitzen den helmuga eta zailtasuna aukeratu ahal izan ditzan.
Informazio hori guztia geo.araba.eus geoatarian egongo da eskuragarri.
Erpin geodesikoak kolore zuriko seinaleak dira, zutabe zilindrikoen formakoak eta hormigoizko oinarri kubikoa dutenak. Normalean, mendi gailurretan eta gure lurraldeko puntu garaienetan ikusten ditugu. Seinale horiek duela hamarkada batzuk eraiki ziren, eta batetik beste batzuk ikus daitezke, triangelu-sare bat osatzen dutela. Triangelu horiek funtsezkoak dira geodesian (Lurraren forma eta neurriak aztertzen dituen zientzian), Lurraldea ezagutzeko eta hainbat motatako kartografia egiteko.
«Nahiz eta gaur egun satelite bidezko geolokalizazio sistema berriek protagonismoa kendu dieten kartografiaren eremuan, mantendu eta babestu beharreko azpiegitura baten osagai dira oraindik ere, bai beren balio teknikoarengatik, bai ondare balioarengatik», nabarmendu du Josean Galerak, Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak.
Araba biltzen duen erpin geodesikoen sarea 254 erpinek osatzen dute guztira, eta horiek, legez babestuta, gure paisaiaren parte bat dira. Seinale horietatik 74 bat datoz Geografia Institutu Nazionalaren (IGN) sarearen erpinekin. Izan ere, 2012an, AFAren eta IGNren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez, sarea berriz behatu eta birkalkulatu zen, eta bi sareek elkarrekin dituzten erpin geodesikoen koordenatu berriak lortu ziren.
Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuak aldizka mantentze-kanpainak egiten ditu, eta distantzia luzeetatik ikusgai egiten dituen kolore zuri bereizgarriaz pintatzen ditu berriro.
GeoArabako bisorean erpinen kokalekua kontsultatu daiteke, eta haien azalpen laburrak deskargatu. Azalpen horiek informazio garrantzitsuena jasotzen dute (koordenatuak, altitudea, neurriak, heltzeko bidea, etab.), eta orain dela gutxi berriro diseinatu dira, haien itxura berrituz eta eskuragarriago eginez. Gainera, geoatari honetako deskarga-zentroaren bidez, Arabako erpin geodesikoen sareko azalpen guztiak dituen katalogo-liburu bat deskarga daiteke.