Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du abian GeoAraba ataria Arabako ikasleei hurbiltzeko - arabapress
Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du abian GeoAraba ataria Arabako ikasleei hurbiltzeko
Proiektu hori joan den ikasturtean hasi zen, proba pilotu gisa, eta emaitza onak izan zituen
Esperientzia on horren ondoren, kanpaina 2022-2023 ikasturtean gauzatuko da sare itundu eta publikoko zenbait ikastetxetan, bai Gasteizen, bai Arabako Lurraldeko Historikoko gainerako tokietan

Gasteiz, 2022ko irailaren 14a. Arabako Foru Aldundiak, Ingurumen eta Hirigintza Sailaren bidez, 2022-2023 ikasturtean “Play Geoaraba” kanpainarekin jarraituko du. Ekimen horren helburua da Arabako bigarren hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako ikasleei hurbiltzea probintziako lurralde antolamenduari buruzko guztiaren eta zenbait terminoren ezagutza, hala nola mugarriak, mugak, kontzejuak, kuadrillak, udalerriak eta abar. Geoarabaren bidez egingo da, zeina baita Arabako Foru Aldundiaren informazio geografikoko ataria; kasu honetan, tresna pedagogiko gisa erabiliko da ikasgeletan.
Geoarabak ahalmen izugarria du lekuak bilatzeko eta intereseko eremuko mapak edo gaiak sortzeko, lurraldearen bilakaera erakusten duten hainbat garaitako irudiak eta kartografiak alderatuz. Tresna horren bidez, halaber, lurraren profilak lor daitezke eta distantziak eta gainazalak neurtu, bai eta datuak deskargatu eta inprimatu ere, besteak beste.
Atarira webgune bakar batetik baino ezin daiteke sartu, eta hain formatu sinplean, non ikasleek mapekin eta geolokalizazioarekin lotutako informazio digitalarekin ohitzeko aukera izango baitute. Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatu Josean Galeraren ustez, nabarmentzekoa da “horrelako kanpainak abian jarri izana, ikasleei beren jakin-mina pizten duen eta oro har ezezaguna den informazioa eta edukia hurbiltzen baitiete. Modu erakargarrian eta oso didaktikoan planteatu da, eta emaitza oso ona izan da parte hartu duten ikasleen artean”.
Kanpainak DBHko ikasleentzako prestakuntza jardunaldi bat planteatzen du, haietako bakoitzaren ordenagailuen erabileraren bidezko ikaskuntza esperientzia baten bidez sortua. Inplikatutako ikasleen eskola adinarekin enpatizatzeko, pertsonaia bat sortu da, youtuber bat, ikasgeletan formatu digitalean sartzen dena. Ad hoc sortutako pertsonaia horrek Arabako Lurralde Historikoan gertatutako arazo larri bat azaltzen die, eta arazo horri irtenbidea eman behar diote AFAren webgunea eta Geoaraba erabiliz. Ikasleek atarian sartu beharko dute distantziak bilatu eta neurtzeko; mapekin, GPS koordenatuekin eta abarrekin ohitzeko, eta, horrela, arazoa konpondu ahal izateko.
Tresna horren erabilerari esker, Arabako Lurralde Historikoari buruzko ezagutza sakonagoa finkatu ahal izango da gelan; eduki digitalak uztartuko dira kokaleku geografiko fisiko batekin, ikastetxearen eta inguru eta gizartearen arteko erlazioa sortzeko.
2021-2022 ikasturtean esperientzia pilotu bat egin zen, eta bost ikastetxek parte hartu zuten. Jardueraren emaitza oso positiboa izan zen, bai irakasleentzat, bai ikasleentzat. Prestakuntza jardunaldiaren ostean bideo bat grabatu zen mundu digitalak ikasleengan inguruko ondarearen eta geografiaren gaineko jakin-mina sor dezan garatutako zabalkunde esperientzia biltzeko. Ikus-entzunezko material hori eskuragarri dago araba.eus webgunean.