Foru Aldundiak ostalaritzarako laguntza lerro berri bat prestatu du sektoreko ordezkariekin - arabapress
Foru Aldundiak ostalaritzarako laguntza lerro berri bat prestatu du sektoreko ordezkariekin
- 500.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta bateragarria izango da beste erakunde batzuen laguntzekin
- Cristina González: "erakundeak ostalaritzarako berariazko programa bat abiarazi duen lehen aldia da, baina sektoreak gure laguntza behar du"

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 1a.- Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak lan bilera bat egin du gaur goizean Arabako ostalaritzako ordezkariekin, sektore horri berariaz zuzendutako laguntza lerro berri bat prestatzeko. Laguntza lerro horrek milioi erdi euroko zuzkidura izango du, eta bateragarria izango da beste erakunde batzuen laguntzekin.
Bileran hauexek parte hartu dute: SEA Ostalaritza, Gasteiz ON, Laudioko Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea, APYMCA Ostalaritza, Lautada Bizirik, Guardiako Enpresak Dinamizatzeko Elkartea eta AEnkomer Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailetik, foru diputatuak eta Felipe García arloko zuzendariak parte hartu dute.
Cristina Gonzálezek Arabako ostalaritzako ordezkariei dirulaguntza deialdiaren zirriborroaren ardatz nagusiak azaldu dizkie, haien iritzia jakiteko eta ekarpenak jasotzeko. Zirriborroa idazte fasean dago oraindik, eta ostalaritza negozioei dirulaguntzak ematea proposatzen du, lokalen alokairua, hipoteka maileguak, autonomoen kuotak eta bestelako gastuak ordaintzeko.
"Otsailean onetsiko dugu Arabako Foru Aldundiak ostalaritza sektoreari berariaz zuzendutako lehenengo laguntza lerroa, baina gure taberna eta jatetxeak oso gaizki pasatzen ari dira pandemiari lotutako murrizketen ondorioz, eta erakundeen laguntza behar dute. Deialdiaren gidoia aurkeztu diogu sektoreari, informazioa emateko, haien iritzia jakiteko eta haien ekarpenak jasotzeko ", adierazi du.
Deialdiak 500.000 euroko zuzkidura izango du, eta norgehiagoka bidez banatuko da, negozioa kokagune duen herriaren tamaina eta plantillaren tamaina bezalako irizpideen arabera. Programa Arabako taberna, kafetegi eta jatetxe guztiei irekita egongo da, baina lehentasuna emango die herri txiki eta ertainetan daudenei, kontuan hartuta tokiko erakundeek sektoreari laguntzeko gaitasun txikiagoa dutela.
Bestalde, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa enplegatutako pertsonen kopuruaren araberakoa izango da.
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saila lanean ari da ostalaritzarako laguntzen deialdia onesteko otsailean, dirulaguntzak Arabako taberna, kafetegi eta jatetxeetara irits daitezen 2021. urte honen lehen zatian. Gainera, eskaerak albait lasterren ebazteko, teknikari gehiagorekin indartuko du plantilla.
Bestalde, ostalaritzarako berariazko dirulaguntzen deialdi hori alde batera utzita, sektore hori datozen hilabeteetan argitaratuko diren beste laguntza lerro batzuetan sartzeko aukera aztertzen ari gara.