Ingurumena | 2025 03 13

Foru Aldundiak dibulgazio jardunaldi batzuk programatu ditu Izkiko parke naturalean dagoen okil ertainaren balioa nabarmentzeko

Ekimenaren bidez parkearen inguruneari buruz sentsibilizatu eta Arabako Mendialdeko birding-a, ekoturismoa eta tokiko produktua sustatu nahi da

Gasteiz, 2025eko martxoaren 13a.Izkiko parke naturalean Iberiar Penintsulako okil ertainen populazio garrantzitsuenetako bat dago. Parkearen sinbolo bat da, eta duen garrantzia dela-eta, Foru Aldundiak sentsibilizazio teknikoko eta dibulgazioko jardunaldi batzuk programatu ditu haren balioa nabarmentzeko. 

"Okil ertainaren jaialdia" izenburupean, jarduera programa bat diseinatu da, eta, aldi berean, aukera bat da parkearen ingurunearen dibulgazio orokorra egiteko eta ekoturismoa, birding-a eta tokiko produktua sustatzeko.

Okil ertaina Izkiko haritzetan dagoen bizilagunik bitxiena da. Parkean dentsitate handiak izaten ditu, eta kilometro karratuko 25 ale izatera iristen da, hau da, Iberiar Penintsulako ale guztien %20 inguru bizi dira bertan. Horregatik, Izkik eginkizun garrantzitsua betetzen du espeziearen kontserbazioan, bai kopuruaren aldetik, baita Kantauriko mendikateko eta Pirinioetako populazioen arteko zubiarena egiten duelako.

Izkiko parke naturalak Natura 2000 Sarean Natura Turismoaren Jasangarritasuna Aitortzeko Sistemaren ziurtagiria du. Ekimenaren bidez, ekoturismoa Arabako Mendialdeko eragile sozioekonomiko gisa eta Parke Naturalaren kontserbazioko aktibo gisa bultzatu nahi da. Jaialdiak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren finantzaketa du, Euskadiko ekoturismo sarearen sustatzaile gisa, eta sare horren parte dira Izki, Valderejo, Gorbeia edo Salburuko gune babestuak.

Martxoaren 20an eta 21ean hasiko da jaialdia, Hugo Robles ikerlariaren "Los secretos del duende alado" okil ertainari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin. Hugo Robles Izkiko aholkulari zientifikoa da 2012tik. Ostegunean, hilak 20, Salburuko hezeguneetako Ataria interpretazio zentroan ikusi ahal izango da dokumentala, eta ostiralean, hilak 21, Izkiko Parketxean, Korresen. Emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo da bertaratutakoekin.

Agendarekin jarraitzeko, apirilaren 5ean, larunbatean, sei jarduera egingo dira egun osoan zehar: okil ertaina begiztatzen saiatzeko irteera bat, hegaztien kantu lantegia, naturan orientatzeko jolasak haurrentzat, bizikleta elektrikoan bisita gidatua Vasco-Navarroko bide berdetik, onddoak identifikatzeko ilustrazio tailerra edo jarduera bat; izan ere, onddo horiek okil ertainarekin oso lotuta daude, onddo mota horiek dituzten zuhaitzetan egiten baititu habiak.  Jarduera horietan guztietan, izena eman behar da parte partu ahal izateko.

Apirilaren 6an, igande goizean, jardunaldia aire zabalean egingo da. Korresko aisiagunean, tokiko produktuen eta eskulanen azoka, show-cookinga, hegaztien eraztunketa, txikientzako sukaldaritza tailerra eta okil ertainaren gaineko mural bat egingo dira. Jarduera guztiak irekiak dira eta ez dute inskripziorik behar.

Ekimen horrek, gainera, Salburuko hezeguneen Ataria interpretazio zentroaren, Izki LGEaren eta Arabako Mendialdeko Kuadrillaren laguntza izan du. Informazio eta inskripzio guztiak Izkiko Parke Naturalaren webgunean daude eskuragarri: izkiparkea.eus.

Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi