Foru Aldundia | 2023 02 02

Foru Aldundiak bideojokoak programatzeko tailerrak antolatuko ditu, nesken artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko

Lurraldeko hainbat udalerritan egingo dira, kuadrilla bakoitzeko bat, hilabete honetako 6tik 14ra bitartean

Gasteiz, 2023ko otsailaren 2a. Otsailaren 11n Zientziaren eta Teknologiaren Arloko Emakumeen eta Neskatoen Nazioarteko Eguna izango da, eta Foru Aldundiak bideojokoak programatzeko tailerrak antolatuko ditu, nesken artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizteko.

Orientazio akademikoko eta sentsibilizazioko proiektu horren helburua da neskek ulertzea kontrolatzeko gai diren eta adierazteko erabil dezaketen tresna bat dela teknologia. Jolas eta aisialdi osagaiak oinarri hartuta, “teknologiaren arloko emakumeen irudi eta rolak aldatuz, neskatoen interesa piztu eta sustatzea da helburua, teknologia etorkizuneko irtenbide profesional gisa ikus dezaten. Horretarako, alde batera utzi behar dira etiketak eta arlo honetan erreferente diren emakumeen lana erakutsi”, nabarmendu du Ainhoa Campo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen foru zuzendariak.

Ildo horretan, tailer horien helburuen artean dago landa eremuko emakumeak lan mundu teknologikoan eta arlo horretako ekintzailetzan sartzea indartu, enpatizatu eta sustatzea. 

Tailerrek oinarrizko programazioari buruzko prestakuntza eskainiko dute, tresna teknologikoen bidez, bideojoko formatuan. Parte hartzaileek planteatutako erronkak aztertuko dituzte eta kodeen aldaketaren bidez konponbidea eman, lortu nahi den emaitza erdiesteko. Proben zailtasuna gero eta handiagoa izango da, parte hartzaileak programaren funtzionamendu logikora ohitzen diren heinean.
 
Saio horiek hilabete honetako 6tik 14ra bitartean egingo dira, lurraldeko hainbat udalerritan, kuadrilla bakoitzeko bat; zehazki, Zigoitian, Maeztun, Agurainen, Zuhatzu Kuartangon, Aiaran eta Trebiñun.

Ainhoa Camporen ustez, aukera ona da neskek lehen harremana izan dezaten proiektu teknologiko baten garapenarekin. Proiektu horrek ahaldundu egingo ditu, beren hautuak baldintzatzen dituzten estereotipo mugatzaileei aurre egiteko”.

Foru Aldundia Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna

Prentsa oharra

Jaitsi