Foru Aldundiak printzipioen dekalogo bat proposatu du, Arabako zaintza eredu berrirako trantsizioa gidatuko duena - arabapress
Foru Aldundiak printzipioen dekalogo bat proposatu du, Arabako zaintza eredu berrirako trantsizioa gidatuko duena
Gorka Urtaranek etxeko laguntza lehenesten duten neurriak eta egoitza baliabide gehiago zabaltzea planteatu ditu legegintzaldi honetarako, adinekoentzako erantzukizun publikoko plazak % 20 gehitzearen bidez
GOFEren arloak berrantolatuko ditu, erabiltzaileek errazago eskura ditzaten, eta indarkeria matxistaren biktimentzako arreta eta gizarteratzea indartuko ditu, foru erakundean arlo espezifiko bat sortuz
Datozen lau urteetan Arabako Gizarte Zerbitzuen Kalitate Estrategian aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du
Lankidetza bidezko gobernantzaren aldeko apustua egin du, eta Araba 2030 Zainketen Agenda hirugarren sektore sozialarekin eta lotutako gainerako eragile, enpresa eta erakundeekin adosteko asmoa dauka

Gasteiz, 2023ko urriaren 2a."Zaintzen garaian bizi gara, Arabak lurralde zaintzailea izaten jarraitzea nahi dugu, eta administrazio zaintzailea izaten jarraitzea". Horrela hasi du Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Batzar Nagusietan bere sailaren legegintzaldi honetako ildo nagusiak azaltzeko eman duen hitzaldia. Neurri horien oinarri dira Arabako herritarren bizi itxaropen handia eta pertsona askok bizitzaren azken tarteetan izan ohi dituzten mendekotasuna eta desgaitasuna. Erronka horri erantzun ahal izateko, foru diputatuak "printzipioen dekalogo" bat proposatu du, Arabako zaintza eredu berrirako trantsizioa gidatu beharko duena.
Gorka Urtaranek azaldu duenez, trantsizioko gizarte politikei heltzeko egin beharreko urratsek pertsonak eta harremanak ardatz dituen zaintza eredu bat eskatzen dute, erakundeen presentzia handiagoa eta oreka handiagoa dituena genero ikuspegitik, etxeko eta komunitateko laguntza azpimarratzen dituena. Eredu horretan, zaintza bizitzan zeharreko alderdi jarraitu gisa ulertu behar da, zaintza eredu berrira egokitutako egoitza baliabideen sarea hedatzen jarraitu behar da eta iraupen luzeko zainketen kalitate ona, irisgarritasuna eta eskuragarritasuna eskaini behar ditu.
Printzipioen dekalogoa osatzeko, honako hauek ere jaso dira: zaintzaile profesionalen lan baldintzak eta prestakuntza eta gaikuntza hobetzea, zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko neurriak ezartzea, gizarte berrikuntza eta ebaluazioa aplikatzea, eta lankidetza bidezko gobernantzaren aldeko apustua egitea.
Iraupen luzeko zainketen eredu berrira egokitzeko, Gorka Urtaranek iragarri du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) hiru arlotako zerbitzuak berrantolatuko direla. Hala, arreta eta sarbide sozialeko arlo bat egongo da, gizarte zerbitzuen foru sistemara iristen diren arreta eskaerak zentralizatuko dituena, "eskuragarriagoa eta arinagoa" izan dadin; erabiltzaileari bere etxean jarraitzea erraztuko dioten baliabide guztiak bilduko dituen arlo bat, eta zuzeneko zein zeharkako kudeaketako egoitza baliabideak bilduko dituen arlo bat.
Horrez gain, genero indarkeriaren biktimei eta gizartean baztertuta dauden pertsonei arreta emateko arlo espezifiko bat sortuko da. Helburua bikoitza da. Alde batetik, "protagonismoa ematea, genero indarkeriaren aurka borrokatzeko eta indarkeria hori jasaten duten emakumeei arreta emateko politikak direla medio". Arlo horretan, "baliabide gehiago eta hobeak" iragarri ditu. Datozen hilabeteetan, 24 orduko krisi zentro bat irekiko da, sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta emateko, bai eta egonaldi ertaineko egoitza zentro berri bat ere, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, 3 familia unitaterentzako tokiarekin.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen arlo berri horren bigarren helburua izango da egiteke dauden gizarteratzeko zerbitzuak bultzatzea, hala nola laster "housing first" izeneko esperientzia abian jartzea. Esperientzia berri horretan, etxerik gabeko pertsona zuzenean kalean egotetik "etxebizitza iraunkor, duin eta bere beharretara egokitu batera" igaroko da.
ELZ eta baliabide berriak indartzea
Etxeko arreta bultzatzera bideratutako neurrien artean, Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) indartzea aipatu du. Helburua da arreta orduen kopurua handitzea arreta handiagoa behar duten pertsonentzat, etxean jarraitu ahal izateko Etxean Bai Foru Planaren lurralde zentroa ere abian jarriko da, erabat hedatzen denean mendekotasuna duten 500 pertsonari arreta emateko. Era berean, aurreikusita dago Bizitza Independentearen Bulegoa laster irekitzea, bizitza independenterako prestazio ekonomiko berri bat sortzea, eta nahi ez den bakardadearen aurkako 'Araba a Punto' Arabako Estrategia garatzen jarraitzea, lurraldeko udalerriekin lankidetzan.
Atal horretan, pertsonei etxean jarraitzen lagunduko dieten baliabideak eta zerbitzuak hobetzeko egiten ari diren beste jarduera batzuk aipatu ditu, hala nola autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako eguneko zentro berria, laster Zabalganan irekiko dena, desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentro berria, Lakondoa, laster abiaraziko dena, eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako Gasteiz Zentro Okupazionala handitzea, besteak beste.
Gorka Urtaranek adierazi duenez, etxeko arreta bultzatzeak "ez du esan nahi egoitza baliabideak zabaltzen jarraitzeari uko egin behar zaionik", eta adinekoentzako erantzukizun publikoko egoitza plazen eskaintza handitzeko ahalegin handia egiteko konpromisoa hartu du; 200 plaza sortuko dira, eta guztizkoaren % 20 inguruko gehikuntza da hori. Helburu hori lortzeko, jarduera nagusia egoitza berri bat eraikitzea izango da, zaintza zentro berri bat, 120 plazakoa, Salburuan, adimen desgaitasuna eta garapen nahasmenduak dituzten pertsonen zahartzeari buruzko ikerketa zentro bat barnean hartuko duena. Egoitza zentroak eraberritu eta egokituko direla ere aipatu du, hala nola Samaniego egoitzaren birmoldaketa integrala eta adimen desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabide berriak sortzea.
Arabako gizarte zerbitzuen kalitate estrategia
Baliabide berrien zabaltze horren osagarri, arretaren eta zaintza zentroen kalitatea hobetuko da. Ildo horretan, adierazi du, urrian, lurraldeko egoitza publiko eta pribatu guztietan laguntzaren kalitatearen adierazleak ezartzen jarraituko dutela. Jarduera hori "Arabako Gizarte Zerbitzuen Kalitate Estrategia" izenekoaren barruan dago. Foru diputatuak legegintzaldi honetan estrategia horretan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, zeinean honako hauek ere sartzen baitira: Gizarea zaintza ereduaren hedapena, plaza pribatuak ituntzeko esparru akordioa eta haien kalitate baldintzak, Gizarte Zerbitzuak Ikuskatzeko Plana, eta zentroen hobekuntzak, egokitzapenak eta erreformak.
Gorka Urtaranek, halaber, adierazi du uste osoa duela Arabako egoitza pribatuen hitzarmen kolektibo bat sinatzeko unea dela, eta dei egin die sindikatuei eta patronalei elkarrizketa mahaia "lehenbailehen" berraktiba dezaten. "Arabako egoitza pribatuetako langileen lan baldintzak nabarmen hobetu daitezke, eta langileek ezin dute jarraitu estatuko hitzarmenak ezartzen dituen soldata baldintzekin lanean", adierazi du.
Babesgabetasun egoeran dauden adingabeei arreta emateko protokoloak berrikustea eta eguneratzea
Babesgabetasun egoeran dauden adingabeen arloan, zentroetan arreta protokolo guztiak berrikusi eta eguneratuko direla iragarri du, haien osotasuna bermatzeko eta, ahal den neurrian, haien eskubideen edozein urraketa saihesteko; horretarako, GOFEk eguneratu egingo du foru baliabideetan artatutako haurrak eta nerabeak zaintzeko prozedura eta protokolo guztiak jasotzen dituen gida.
Gizarte Politiken Saileko titularrak datozen lau urteetan "lankidetza bidezko gobernantza" eredu bat aplikatzearen eta erabiltzaileekin, profesionalekin, senideekin, hirugarren sektore sozialarekin, enpresekin, erakundeekin eta zaintzarekin lotutako gainerako sektoreekin deliberazio prozesu bat irekitzearen aldeko apustua egin du, zeinak "gizarte politiken erronkei eta etorkizunari erantzuteko gomendio adostu batzuk egitea" ekarriko baitu eta "Araba 2030 Zainketen Agenda" deitu duena zehaztuko baitu.
Indesa zentro okupazionalari dagokionez, Gorka Urtaranek langileen belaunaldi erreleboa erraztearen alde egin du, desgaitasuna duten pertsonak sar daitezen lan eginez, eta merkatu nitxo berriak detektatzearen eta langileak gaitzearen alde ere bai. Era berean, inbertsio plan bat zehaztu nahi du, ikuztegi industriala handitzeko eta sukaldea, Arbuluko lorezaintza instalazioak eta lantegi okupazionalak hobetzeko.