Foru Aldundiak ekainetik ekingo dio berriro adimen desgaitasuna duten adingabe eta gazteentzako atseden programari - arabapress
Foru Aldundiak ekainetik ekingo dio berriro adimen desgaitasuna duten adingabe eta gazteentzako atseden programari
120 plaza eskainiko dira Barria eta Espejoko aterpetxeetan asteburuko egonaldiak izango dituzten haur eta gazteentzat, eta, aldi berean, atseden hartzeko denbora emango zaie zaintzaileei
Era berean, berriz ekingo zaio pertsona horientzat bereziki diseinatutako aisialdiko eta denbora libreko programari, eta beste 30 plaza eskainiko dira

Gasteiz, 2023ko apirilaren 19a.Arabako Foru Aldundiak seigarren urtez jarraian bultzatuko du adimen desgaitasuna duten eta laguntza handia behar duten 7 eta 30 urte bitarteko pertsonentzako atseden programa. Barriako eta Espejoko foru aterpetxeetan egingo da programa.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egindako Atseden Programak 120 plaza eskainiko dizkie, ekainetik azarora bitartean, desgaitasuna duten haur eta gazteei bi aterpetxeetan asteburuetako egonaldiak egiteko. Normalean, haur eta gazte horiek familiaren laguntza sarean artatzen dituzte. Haren xedea da zaintzaileei aukera ematea atseden hartzeko adimen desgaitasuna duten beren senideak artatzean, indarberritzeko edo beren garapen pertsonalerako, edo bestela ezinezko gertatuko litzaiekeen premia egoeraren bati aurre egiteko.
Nola atseden egonaldiak Zainduz Araba Programan sartuta dauden, familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen dutenek egonaldira ezer ordaindu gabe joan daitezke.
Zerbitzua eskuratzeko eskaera aurkezteko eta eskatutako dokumentazioa bidaltzeko epea maiatzaren 5ean amaituko da. Informazioa IFBSprogramarespiro@araba.eus helbide elektronikora bidal daiteke, edo hitzordua eska daiteke helbide horretan bertan edo 945 151116 telefonora deituta.
Programa egiten ari den bitartean, umeek eta gazteek harreman pertsonal berriak edukitzeko, gaitasunak garatzeko eta autonomia eta autodeterminazioa handitzeko ekintzak egingo dituzte, pertsona bakoitzaren beharrizanak ardatz hartuta. Monitore espezializatuek osatuko dute arreta taldea, eta programako parte hartzaileei behar dutenean laguntzeko eginkizuna izango dute, albait gehien parte hartu dezaten.
Plazak esleitzeko lehentasuna izango dute mendekotasun gradurik handiena dutenek, eta mendekotasun gradu bakoitzean, desgaitasun ehunekorik handiena dutenek.
Aisialdiko eta denbora libreko programa
Osagarri, Arabako Foru Aldundiak aisialdiko eta denbora libreko programa aktibatuko du datorren udan, adimen desgaitasuna eta laguntza premia handia duten haur eta gazteentzat.
Gazte horientzat bereziki diseinatutako aisialdi eta denbora libreko programa bat da, zeinek aisialdi eta elkarbizitza egun batzuez gozatu ahalko baitute, ingurune seguru batean eta jarduera inklusiboak eginez, eta horrek haien autonomia pertsonalari eta gizarte harremanei lagunduko die, gizarteratzeko modu gisa.
Kasu honetan, astebeteko bi txandatan egingo da uztailean eta abuztuan, eta 30 pertsonak baliatu ahal izango dute programa. Izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da.