Foru Aldundia | 2022 09 16

Arabako Foru Aldundiak familia harrera gertuagotik ezagutzeko aurrez aurreko informazio hitzaldiak antolatuko ditu berriz astelehenetik aurrera

Saioak hilean behin egingo dira eta babesgabetasun egoeran dauden haurrak eta nerabeak hartu nahi dituztenentzat dira

Gasteiz, 2022ko irailaren 16a. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, aurrez aurreko informazio hitzaldiak antolatuko ditu berriz irailaren 19tik (astelehena) aurrera babesgabetasun egoeran dauden adingabeen familia harreraren inguruan, udako etenaldiaren ondoren.

Honako egun hauetan izango dira hitzaldiak urte amaiera arte: irailak 19; urriak 17; azaroak 14 eta abenduak 19. Hitzaldiak 17:30etik aurrera izango dira Arabako Familia Harrerako Programaren (Paafa) bulegoetan, Gasteizko Olagibel kaleko 1 zenbakiko 1. bulegoan. Aldez aurretik izena eman behar da 945 773052 telefonoan edo acogimiento@araba.eus helbide elektronikoan.

Familia harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren haurrei beraiena ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena; harrerari esker, aldi berean, beren gurasoekin harremanetan jarrai dezakete kaltea konpontzeko. Adin txikiko asko daude foru sareko etxebizitza eta zentroetan, eta aukera dago familiek haietako gehienak harreran hartzeko.

Familia profil eta mota guztiek har dezakete haur bat harreran: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek.

Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte saioetan. Hitzaldietan, harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratuko dira; informazioa emango da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan; protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamikoaren bidez.

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi