Foru Aldundia | 2022 06 09

Foru aldundiak Afarabarekin duen lankidetza indartu du, dementziak dituzten pertsonentzako hiru programa berriri lagunduz

Ramiro González diputatu nagusiak Alzheimer eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senideen eta lagunen Arabako elkartearen egoitza bisitatu du, erakundeak 30 urte betetzen duela eta

Gasteiz, 2022ko ekainaren 9a. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak Salburua auzoko Afaraba elkartearen egoitza bisitatu du gaur goizean Gasteizen. Bertan, Foru Aldundiarekin lankidetzan, Alzheimer gaixotasuna eta antzeko beste dementzia batzuk dituzten pertsonei arreta emateko erakundeak abian jarri dituen programa berrien berri izan du. Bisita elkarte horren jardueraren 30. urteurrenaren ospakizunarekin bat dator, joan den urtarrilean izan baitzen.

Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatu eta bere saileko eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko beste kargu batzuekin batera, diputatu nagusia zuzendaritza batzordeko kideekin bildu da, besteak beste, erakundeko presidente eta presidenteorde Miguel Ángel Echevarríarekin eta Peio López de Munainekin, hurrenez hurren, bai eta Susana Cuesta elkarteko zuzendariarekin eta talde profesionalarekin ere. Ondoren, aurten abian jarritako programa berrietako baten garapena bisitatu du.

Arabako Foru Aldundia, GOFEren bitartez, eta Afaraba 1997az geroztik lankidetzan ari dira elkartearen jarduerak egiten Alzheimer gaixotasuna eta antzeko beste dementzia batzuk dituzten pertsonei arreta emateko, pertsona horien senideei orientazioa emateko eta Haize Berri psikoestimulazio zentroaren kudeaketan eta funtzionamenduan laguntzeko.

900 bazkide baino gehiagok, berrogeita hamar boluntario inguruk eta 15 profesionalek ahalbidetzen dute erakundearen eguneroko lana. Ramiro Gonzálezek eskerrak eman ditu, hain zuzen ere, duela hiru hamarkadatik hona Afarabak Alzheimer eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen eta haien senide zaintzaileen ongizateari laguntzeko egiten duen lanagatik, bai eta Arabako gizartean patologia horien kontzientziazioarekiko eta sentsibilizazioarekiko duen konpromisoagatik ere.

2022an, Foru Aldundiak erakundeari ematen dion laguntza indartu nahi izan du, hitzarmenari egiten zaion ekarpena % 10 handituta. Aurten, 280.819 euro izango dira; izan ere, momentu honetan koronabirusaren pandemiak eta adineko asko egon diren isolamenduak adinarekin lotutako narriadura kognitiboko prozesu batzuk azaleratu edo larriagotu baitituzte.

Horri gehitu behar zaio arabarrak gero eta gehiago bizi direla, eta horrek eragin lezake datozen urteetan pertsona askok Alzheimerra edo adinari loturiko beste dementzia batzuk pairatzea eta horiei eta haien familiei arreta eman beharra egotea.

Horregatik guztiagatik, Afarabak hiru programa berri jarri ditu abian aurten, dementziak dituzten pertsonen psikoestimulazioa eta aktibazio kognitiboa sustatzeko. Dementzian esku hartzeko programa bat da, honako hauetan oinarrituta: Montessori metodologia –diputatu nagusiak lekuan bertan ikusi ahal izan du bisitan–; Aupa programako lantegiak, landa eremuko udalerrietan egiten direnak; eta Banoa programa, etxeetan laguntza emateko pandemian hasitako ekimena jasotzen duena.

Hiru berrikuntza horiez gain, pandemiaren ondoren, Sakatu On programa berreskuratu da, talde txikietan eta Haize Berrin baino intentsitate txikiagoarekin egiten dena.

Hitzarmen hori ez da foru erakundearen zuzeneko eskumenen zerbitzuak emateko; halere, GOFEk lurraldeko hainbat elkarterekin sinatuta dauka, elkarte horien xedeetako bat delako arreta ematea mendetasuna, desgaitasuna edo hainbat gaixotasun daukaten edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei.

Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi