Foru Aldundiak genero indarkeriaren biktimentzako baliabideen sarea indartu du, gero eta handiagoa den arreta eskaerari erantzuteko - arabapress
Foru Aldundiak genero indarkeriaren biktimentzako baliabideen sarea indartu du, gero eta handiagoa den arreta eskaerari erantzuteko
Foru zerbitzu psikologikoan artatu diren genero indarkeriaren biktimen kopuruak gora egin du aurten ere, 1.263 pertsonara iristeraino, inoizko gehien
Emilio Sola foru diputatuak neurri gehiago iragarri ditu, hala nola egonaldi ertaineko egoitza zentroa handitzea eta sexu indarkeriaren biktimentzako 24 orduko krisi zentroa sortzea

Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a. Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solak iragarri du “baliabide gehiago, plaza gehiago eta zerbitzuak hobetzeko bitartekoak” jarriko direla abian, Arabako genero indarkeriaren biktimek duten gero eta arreta eskaera handiagoari erantzuteko. Aurten ere gora egiten jarraitzen du foru zerbitzu psikologikoan arreta jasotzen duten biktimen kopuruak (emakumeak, haurrak eta nerabeak), eta berriz ere zifra errekor bat dago aurten, zeinak 2021eko aurreko erregistro historikoa gainditzen baitu.
Aurtengo urtarriletik urrira, indarkeria matxistan espezializatutako arreta emateko Hegoak Foru Zerbitzuko talde psikologikoak 1.263 biktima artatu ditu, 2021ean artatutakoak baino berrogeita hamar gehiago; izan ere, ekitaldi horretan erregistratu zen ordura arteko jarduerarik handiena, 1991n zerbitzua sortu zenetik.
Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solak eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko genero indarkeriaren taldeko psikologo Pilar Sanz de Pablok genero indarkeriaren biktimei arreta ematen espezializatutako Arabako Foru Aldundiko zerbitzuen jardueren balantzea egin dute gaur goizean, azaroaren 25erako egun gutxi falta direlarik (Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna).
Emilio Solak nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak zer nolako konpromisoa hartu duen indarkeria matxistaren biktimentzako gizarte baliabideak indartzen jarraitzeko, eta iragarri du plaza eta arreta zentro berriak sortuko direla 2023an, bai eta egungo zerbitzuak hobetuko direla ere. “Gure konpromisoa da lanean jarraitzea genero indarkeriaren biktimei ematen zaien arreta hobetzeko, irmo sinesten dugulako emakumeek eskubidea dutela indarkeria matxistarik gabe bizitzeko” adierazi du foru diputatuak.
Neurrien artean nabarmentzen dena da Egonaldi Ertaineko El Carme Egoitza Zentroaren edukiera handitzea, aldi berean 4 bizikidetza unitate hartu ahal izatetik 7 hartu ahal izatera igaroko baita, hau da, gaur egun baino hiru gehiago. Era berean, nabarmendu du 24 orduko krisi zentro bat jarriko dela abian, sexu indarkeriaren biktimei arreta emateko. Zentro hori Next Generation EU funtsek finantzatuta eraikiko da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Hegoak Foru Zerbitzua hartzeko lokal berriak egokitzeaz gain, arreta psikosozial eta soziojuridikorako Interneten bidezko aurretiazko hitzorduaren sistema aktibatuko da, baliabidera sartzeko lehenengo hitzorduaren egungo prozedura hobetzeko. Era berean, iragarri du erakundeen arteko koordinazio mahaia sortu eta bultzatuko dela lurralde mailan.
Hegoak Foru Zerbitzua
Emilio Solak Arabako biktimentzako arreta espezializatuko zerbitzuen egoera xehatu du. Hegoak Arreta Psikologikoko Zerbitzuak ematen du egoeraren adierazle nagusia, artatzen dituen pertsonen kopurua dela eta. Urteko lehen hamar hilabeteetan soilik, 1.263 biktimari eman zaie arreta, eta 45 tratu txarren emaileri. 2021. urtearen amaieran erregistratutako errekorra gainditu da, 1.208 biktimari eman baitzitzaien arreta. Foru diputatuak gogorarazi duenez, "azken hamarkadan, bikoiztu egin da arreta psikologikoko zerbitzu honetan artatu diren emakume eta seme-alaba biktimen kopurua".
Arreta eskaera berrien arteko goranzko joerak ere jarraitzen du. Hala, guztizkoaren erdia baino gehiago (646) laguntza mota hori eskatzen duten biktima berriak dira.
|
|
2011 |
2019 |
2020 |
2021 |
2022ko urtarrilla-urria |
|
GUZTIRA |
540 |
1.092 |
1.071 |
1.208 |
1.263 |
|
Berriak |
340 |
657 |
591 |
684 |
646 |
Hegoak Foru Zerbitzuaren beste arlo bat da lurraldeko edozein emakumeri orientazio juridikoa ematea bere eskubideei eta haiek erabiltzeko bideari buruz, bai eta familia arloko eta indarkeria matxistaren aurkako eskubideak baliatzearekin lotutako administrazio izapide edo erreklamazioetan laguntzea ere. Urteko lehen hamar hilabeteetan 267 emakumerekin hitzorduak hitzartu dira, 2021. urte osoko ia kopuru bera.
Emakume gehiago egoitza harreran
Arreta psikologikoa eta juridikoa ez ezik, egoitza baliabideetara jo behar duten emakume biktimen eta haien seme-alaben kopurua ere handitu da, ezin baitute beren etxeetan bizitzen jarraitu. Aurten, 155 biktimek erabili dute egoitza harrerako baliabideen sarea dagoeneko: haietatik, 71 emakumeak dira, 84 haur edo nerabeak haien kargura. Iazko aldi berean baino 28 pertsona gehiago dira.
Foru diputatuak Hegoak Foru Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko eskatu die laguntza behar duten emakume guztiei. Ordutegia zabala da harekin harremanetan jartzeko eta lurralde osoan banatuta dago; ez da beharrezkoa salaketa jarri izana, hitzordua oso egun gutxitan ematen da eta esku hartzea berehalakoa da premiazko kasuetan. Bikotean gertatzen diren tratu txarren biktimentzat eta sexu erasoen (azkenaldikoak edo ez) biktimentzat da, bai eta zeharkako biktimentzat ere, hala nola ama, lagun edo senide batentzat.
Larrialdiren bat gertatuz gero, deitu SOS-DEIAKera 112 zenbakira.
Genero indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzua: 900840111
Informazioa eta orientazioa: Auzoko edo udaleko oinarrizko gizarte zerbitzua
Hegoak Foru Zerbitzuan hitzordua eskatzeko telefonoak:
Amurriorako: 945891161
Laudiorako: 944034850
Gasteiz, Agurain, Guardia eta Oionerako: 945151015 edo 945124892

