Arabako Foru Aldundiak udalarteko 13 garraio linea berri diruz lagunduko dizkie 9 udali - arabapress
Arabako Foru Aldundiak udalarteko 13 garraio linea berri diruz lagunduko dizkie 9 udali
Laguntzen helburua da 20.000 biztanletik beherako Arabako udalerriek sustatutako garraio publikoa hobetzea


Gasteiz, 2022ko ekainaren 30a. Arabako Foru Aldundiak, Lurralde Orekaren Sailaren bitartez, 46.029 euro eman dizkie dirulaguntzetan 20.000 biztanletik beherako Arabako bederatzi udali, udalerri barruko garraioa diruz laguntzeko.
Aldundiaren laguntzak jaso dituzten udalen artean daude Kuartango, Gaubea, Zigoitia, Aramaio, Lantaron, Amurrio, Bernedo, Urkabustaiz eta Agurain.
Laguntza lerroaren helburua da 20.000 biztanletik beherako Arabako udalerriek sustatzen duten eta oso-osorik beren lurralde eremuan ematen duten garraio publikoko zerbitzuaren hobekuntza bultzatzea.
Era horretan, Arabako herritarrak lurralde barruan garraio publikoaren bidez errazago mugitzeko helburu komuna lortzen laguntzen du foru aldundiak.
60.000 euroko zuzkidura duen deialdira, baina garraio linea bakoitzeko guztizko zenbatekoa ezin da 6.000 eurotik gorakoa izan, eta udalerri bakoitzeko guztizko gehieneko zenbatekoa, aldiz, 10.000 euro da.
Oro har, emandako laguntzak zerbitzuetara (merkatuak, osasun zerbitzuak, bankuak, saltokiak, udalekuak, herriek eta udalak antolatutako jaiak, udal igerilekuak, kultur jarduerak, etab.) errazago iritsi ahal izatea helburu duten lineetarako dira.
Linea horietako batzuk ekainean jarri dira martxan, hala nola Aguraingo udalerri barruko garraio zerbitzu berria, Agurain eta Opakua, Arrizala, Alangua eta Egileor lotzen dituena. Doako zerbitzu berria jaiegun ez diren astearte guztietan emango da, alegia, merkatua dagoen egunetan.