Aldundiak turismo enpresen lehiakortasuna hobetuko du, "Alerta Goiztiarra" programaren bidez - arabapress
Aldundiak turismo enpresen lehiakortasuna hobetuko du, "Alerta Goiztiarra" programaren bidez
- Negozioaren azterketa bat eta ekintza plan bat barne hartzen ditu, kudeaketa indartzeko eta nazioarteko bezeroak erakartzeko
- Cristina González: “sektoreko enpresei tresnak eta aholkularitza espezializatua eskaintzen dizkiegu teknologia berriak ustiatzeko, haien erakargarritasuna areagotzeko eta salmentak hobetzeko”

Gasteiz, 2022ko abuztuaren 25a.- Arabako Foru Aldundiak "Turismoko Alerta Goiztiarra" programa berria garatuko du datozen hilabeteetan, Arabako turismo enpresen eskura tresna eta aholkularitza espezializatua jartzeko, haien lehiakortasuna hobetze aldera. Programak plan pertsonalizatu eta integral bat diseinatuko du negozio bakoitzerako, funtsezko arloak barne hartuta, hala nola kudeaketa, marketina eta teknologia berriak.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek azaldu du teknikari espezializatuek enpresa parte hartzaileen azterketa eta azterlan bat egingo dutela, “haien merkataritza kudeaketako egitura eta negozioaren indargune eta ahulguneak ezagutzeko, eta, ondoren, haien salmentak hobetzera bideratutako ekintza plan bat egiteko. Arabako turismo sektorea indartzen lagundu nahi dugu, eta nazioarteko bezeroak erakartzeko duen gaitasuna indartu”.
“Programa honen bidez, halaber, teknologia berrien berrikuntzaren eta erabileraren kultura txertatu nahi dugu sektoreko enpresetan, online sustatzeko eta merkaturatzeko, eta jendaurreko arreta indartzeko” gaineratu du.
"Turismoko Alerta Goiztiarra" programak lau fase ditu, eta abiapuntu dute Arabako Merkataritza Ganberako teknikariek (programa garatzen laguntzen duen erakundea) enpresa parte hartzaile bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aztertzen dituztela, balizko puntu kritikoak eta optimiza daitezkeen alderdiak identifikatzeko. Azken helburua lehiakortasuna eta salmentak hobetzea da.
Ekintza plan baten definizioa da bigarren fasea. Plan horretan zehazten da zer jarduketa egin behar diren baloratutako alderdi bakoitzean, epe laburrean eta ertainean hobetu daitezkeen alderdiak zuzentzeko. Balorazioa eta ekintza plana formalki aurkezten zaizkio enpresari, txosten konfidentzial baten bidez, nola abian jartzen den eta ondoren nola gauzatzen den aztertzeko.
Programaren hirugarren fasea definitutako ekintzak inplementatzean datza. Ekintza horiek gauzatzeko, enpresek lineako aholkularitza izango dute sor daitezkeen zalantzak argitzeko, bai eta aholkularitza profesionala ere beharrezkoak diren gaietan (komunikazioa, marketin digitala, arlo ekonomiko-finantzarioa, visual merchandising, IKTak, ingurumenaren arloko gaiak, etab.).
Azkenik, eta laugarren eta azken fase gisa, proposatutako irtenbideen ezarpenaren azken balorazioa ageri da.
Cristina González foru diputatuak nabarmendu du turismo sektoreari zuzendutako programa hau azken urteotan lortutako emaitza onen ondoren jarri dela abian, tokiko txikizkako merkataritzari zuzendutako antzeko programa batekin. “Turismoko Alerta Goiztiarra' programan parte hartu nahi duten turismo enpresek Arabako Merkataritza Ganberan lor dezakete informazio gehiago eta izapidetu ditzakete beren eskaerak.