Foru Aldundia | 2022 06 21

Klima Araba 2050 estrategiak lurraldea eraldatzea proposatzen du, karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetikora egokitzeko

  • Plan estrategiko honetan bederatzi helburu ageri dira, besteak beste: autohornikuntza sustatzea, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murrizteko; energia garbiak eta berriztagarriak bultzatzea, eta konektibitate eta mugikortasun eredu berri bat, ibilgailu pribatuaren alternatibei lehentasuna emango diena
  • Egokitzapenaren ikuspegitik, zeregin garrantzitsua izango dute azpiegitura berdeek, ekosistemen funtzio aniztasunak eta biodibertsitatearen kontserbazioak, funtsezko egikaritze eremu gisa
  • Helburua da lortzea karbono aldetik neutroa izango den eta nazioarteko erronka eta konpromisoekin bat datorren Araba

Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a. Gaur arratsaldean, Ramiro González diputatu nagusiak eta Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak K 2050 Estrategia aurkeztu diote Arabako gizarteari. Dokumentu hori Gobernu Kontseiluak onetsi du gaur, eta, ondoren, Batzar Nagusiek ontzat eman beharko dute.                       

        "Orain, azken txanpari ekingo diogu onesteko, eta erantzukizunez eta malgutasunez jokatuko dugu ahal dugun guztia zabaltzeko gure etorkizuna bermatu nahi duen estrategia baten alde", azpimarratu du Ramiro Gonzálezek.   

Klima Arabak lurraldea eraldatzea proposatzen du, karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetikora egokitzeko. Erreferentziazko dokumentu bat da, datozen 30 urteetarako ibilbide orria markatuko duena, eta lurraldearen klima aldaketa arintzeko eta lurraldearen erresilientzia klima aldaketara egokitzeko apustua indartu eta berresten du. Beraz, zeharkako eta erakunde arteko kudeaketa eta gobernantza tresna bat da, Arabaren aniztasunari eta potentzialari erantzuteko, Europar Batasunak ezarritako helburu eta horizonteekin bat datorrena.

“Arabak klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko duen gaitasuna indartzea da gure lehentasuna. Aurrea hartu behar dugu, eta lehenbailehen egin beharreko trantsizioa azkartu, Europatik datozen helburuak betetzeko” azaldu du Ramiro González diputatu nagusiak aurkezpenean.

Klima aldaketaren aurka borrokatzeko Arabako estrategiak lan ildo guztietan txertatu behar diren lau printzipioak ezartzen ditu. Zehazki, osasun publikoaren babesari eta sustapenari, ingurumenaren babesari eta ingurumen jasangarritasunari, arretari eta erresilientziari eta gizarte kohesioari buruzkoak dira.

Gonzálezen iritziz, "gure ekonomiaren eta gizartearen deskarbonizazio helburuak lortzen aitzindari izan nahi dugu. Horretarako, estrategia bat prestatu dugu, eta ahalik eta adostasun politiko zabalena izatea nahi dugu".

Energiaren eta arintzearen hasierako diagnostikotik ateratako ondorioetatik abiatuta diseinatu da estrategia. Diagnostiko horretan, berotegi efektuko gasen isurketen bilakaera eta haiek energiaren sektorearen barruan zer bilakaera duten zehazten da, lurraldean eragin nabarmena duen sektorea baita. Eta, bestetik, egokitzapenaren ikuspegitik, non klima aldaketarekiko arrisku nagusiak aurkezten baitira Arabako ezaugarri sozioekonomikoak eta biogeografikoak kontuan hartuta.

 Alde horretatik, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuaren ustez, egindako diagnostikoa irmoa izan da, eta adierazi duenez, “2071-2100 aldirako, Araban batez besteko tenperatura ia 4 gradu igoko dela aurreikusi da, eta prezipitazioen kontzentrazioa egun gutxiagotan”. Horrek guztiak etorkizunean laborantzaren lekualdaketa eta industria produktibitatearen gutxitzea ekarriko lituzke, baita kalteak ere gizakien osasunari eta biodibertsitateari, besteak beste.

Helburuak eta ildo estrategikoak

Klima Araba 2050 estrategiaren jarduerak honela antolatuta daude: 9 jomuga, 20 ildo estrategiko eta lotutako 100 ekintza baino gehiago. Proposamen integral honek hauexek lantzen ditu, besteak beste: autohornikuntza sustatzea, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murrizteko; energia garbiak eta berriztagarriak bultzatzea, eta konektibitate eta mugikortasun eredu berri bat, ibilgailu pribatuaren alternatibei lehentasuna emango diena. Ezarritako jomugek trantsizio energetiko bidezko baterantz bideratzen dute lurraldea, eta balio historikoak indartzen dituzte, hala nola ekologia, nekazaritza eta industria potentziala.

BEG berotegi efektuko gasak murriztea eta lehen sektorearen eta elikadura sistemaren erresilientzia handitzea dira proposamenak jorratzen dituen beste erronka batzuk. Dokumentu horrek, halaber, adierazten du zeregin garrantzitsua izango dutela azpiegitura berdeek, ekosistemen funtzio aniztasunak eta biodibertsitatearen kontserbazioak, funtsezko egikaritze eremu gisa. Alde horretatik, Araba lurrazaleko eta lurpeko ur erreserba bat da, oso baliotsua aldi lehor luzeagoei aurre egiteko, funtsezkoak izango baitira klima aldaketaren aurkako borrokan.

Metas de la Estrategia Klima Araba 2050

M1

Arabako eredu ekonomikoaren deskarbonizazioa

M2

Isurketa gutxiko garraioa eta mugikortasuna

M3

Lurralde antolamendu eta hiri egitura eraginkorra eta klima aldaketara egokitua

M4

Natura ingurunea eta biodibertsitatea: lurralde erresiliente eta funtzioaniztuna

M5

Hiri hondakinen prebentzioa eta kudeaketa klima irizpideekin

M6

Arabako Lurralde Historikoan BEG gutxiago isurtzea eta lehen sektorearen eta elikadura sistemaren erresilientzia handitzea

M7

Uraren ziklo integrala. Araba, lurrazaleko eta lurpeko uren erreserba

M8

Jakintza sortzea, arriskuei aurrea hartzea eta berrikuntza

M9

Administrazioa, zerbitzu publikoak eta biztanle prestatuak

 

     

Líneas estratégicas de la Estrategia Klima Araba 2050

L1

Jasangarritasun energetikoko estrategia bat garatzea

L2

Industria jasangarria bultzatzea

L3

Energia berriztagarriak eta erregai berriak sortzeko eta kontsumitzeko trantsizioa

L4

Intermodalitatea, garraio publiko eta kolektiboa eta emisiorik gabeko mugikortasuna bultzatzea

L5

Garraio elektrifikatu eta erregai alternatiboduna bultzatzea

L6

Lurralde eta hiri erresilientzia handitzea

L7

Eraikinen energia eraginkortasuna bultzatzea

L8

Ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzea eta berrezartzea

L9

Ekosistemen funtzio aniztasuna sustatzea

L10

Hiri hondakinen kudeaketari eta horrek klima aldaketarekin duen harremanari buruzko informazioa, sentsibilizazioa eta komunikazioa bultzatzea

L11

Hiri hondakinak arindu daitezen eta haien kudeaketa egokitu dadin bultzatzea

L12

Lehen sektoreko BEG isuriak arintzea

L13

Nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen erresilientzia: nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak klima aldaketara egokitzea

L14

Araban nekazaritza ekoizpen jasangarri, integratu, ekologiko eta tokikoa sustatzea

L15

Nekazaritzako elikagaien sistema jasangarri eta osasungarri bateranzko bilakaera, karbono aztarna txikiarekin

L16

Sektore guztietan baliabide hidrikoa eskuragarri dagoela bermatzea eta uraren ziklo integrala kudeatzea

L17

Klima aldaketan lurralde historikorako izan daitezkeen inpaktuei buruzko informazioa eta azterketa garatzea

L18

Ikerketa eta industria bideratzea klima aldaketa arintzearen eta hartara egokitzearen erronketarako konponbideak bilatzera

19. L

Arabako Administrazio Publikoa, klima aldaketaren arloan eredugarria

L20

Herritarrak klima aldaketaren arloan sentsibilizatzea, prestatzea eta informatzea

 

Metodologia

Planaren garapenean parte hartze prozesu bat sartu da, non lurraldeko hainbat sektoretako eta eremutako administrazioek, eragileek eta eragin taldek parte hartu baitute. Hainbat gai eztabaidatu dira, hala nola garraioa eta mugikortasuna, industria, osasuna, natura ingurunea, hirigintza, hezkuntza edo uraren kudeaketa.

Dokumentua taxutzeko metodologian, besteak beste, inkesta bat egitea aurreikusi da, arabarrek klima aldaketari buruz zer pertzepzio duten jakiteko.  Hartara, parte hartzaileen % 93,3k uste du klima aldaketak aldaketa garrantzitsuak eragingo dituela eta horrek ondorio larriak izango dituela planetan. Zehazki, kezkagarriak dira Araban izango diren ondorioak, batez ere lehorte garaiak, bero boladak eta muturreko prezipitazio gertaeren maiztasuna eta intentsitatea areagotuko direlako.

Ebaluazioa

Ebaluazio eta jarraipen sistema batek ildo estrategikoen aurrerapen eta gauzatze maila neurtuko du, hobekuntzak eta gidalerro berriak proposatzeko, eta bi urtean behingo txostena egingo da. Horretarako, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Behatokia sortuko da, eta honako kide hauek izango ditu: Zuzendaritza Batzordea, Kudeaketa eta Jarraipen Batzorde Teknikoa, Tokiko eta Eskualdeko Lankidetza Mahaia eta Partaidetza Sozialeko Mahaia.

Klima aldaketarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako adituen eta zientzialarien talde baten aholkularitzak osatuko du Behatokia.

Foru Aldundia Diputatu nagusia Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi