Kultura | 2021 02 03

Gatz Harana Fundazioak bere jarduera ikasgeletara hurbilduko du Vital Fundazioaren laguntza ekonomikoari esker

Ekimen honek COVID-19ak sortutako krisiak irakaskuntzan izan duen eragina arintzen lagunduko du, ikasleei aurrez aurreko esperientziak eragotzi baitizkie.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 3a.- Vital Fundazioak, Arabako erakundeek 2020 – 2021ean garatu beharreko jarduera eta proiektuetarako laguntzen azken deialdian, Gatz Harana Fundazioak bere jarduera ikasgeletara eramateko egin zuen proposamen bat aukeratu zuen. Fundazioak 12.500 € jarri ditu, eta, horri esker, lurralde osoko ikasleek ezagutu ahal izango dute zer esperientzia metatu duten Añanan urte luzez zientzia-, kultura- eta natura-ingurune paregabean lanean. UPV/EHUk munduko aire zabaleko ikerketa-laborategi garrantzitsuenetakotzat jotzen du, zientziaren adar askotan dituen ahalmen handiei esker.

Ekimen horrek COVID-19ak sortutako krisiak Gatz Harana Fundazioaren prestakuntza-lanean izan duen eragina arintzen lagunduko du, ikasleei parte-hartzea eta balio komunitarioak sustatzeko balio duten aurrez aurreko esperientziak eragotzi baitizkie. Azken bost urteetan 50.000 ikaslek gozatu zuten aire zabalean dituen jarduerez.

Vital Fundazioaren laguntza horri esker, haurren irakaskuntza modu guztiz seguruan osatuko duten hezkuntza-esperientziak sustatuko dira, Gatz Haranaren bitartez, zientzia ikuspuntu desberdinetatik bizitzera eramango dituen programa askotariko eta dibertigarri baten eskutik: geologia, kimika, fisika, paleontologia, historia, gastronomia, osasuna, etab.

Helburu horri jarraiki diseinatu dira ikastetxeek eguneroko hezkuntza-jardueran garatzen dituzten edukiak osatzeko tailerreko metodologia erabiltzen duten unitate didaktikoak. Horrela, taldeetan segurtasun osoz lantzeko proposatzen diren gaiak gastronomia osasungarria, paleontologia, lanbide tradizionalak, natura zientziak, osasuna eta giza gorputza dira.

Programa didaktikoak, ezagutza-pilula eran, honako hauek sustatzea du helburu: ikerketa-lana taldean egitea, ekimen- eta irmotasun-espiritua, adimen-malgutasuna eta ikasleen gogoeta- eta kritika-interpretaziorako gaitasuna, baita besteen iritziekiko errespetua ere, ideiak eztabaidatzean argudiatuz.

Unitate didaktiko bakoitza etxean edo ikasgelan ondo egin daitezkeen jarduerek osatzen dute. Unitateak erronka bat proposatzen du edukiak indartzeko eta jarduera tailerraren iraupenetik harago zabaltzeko.

Ikasmailaren araberako unitate didaktikoak honako hauek izango dira:

LH 1.-6.

LH 3.-6.

LH 5.-6.

DBH

Gastronomia osasungarria

Iraganeko aztarnak

Lanbide tradizionalak

Osasuna eta giza gorputza

Natura zientziak

Tailerrak telefonoz erreserbatu daitezke, 945 351 111 zenbakian, edo reservas@vallesalado.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Gatz Harana Fundazioak, hogei urteko lan mardularen ondoren eta sari garrantzitsuak jaso ondoren, paisaia bikain bat berreskuratzeko proiektuaren garrantzia nabarmentzea lortu du, non historia, arkitektura, arkeologia, paisaia, geologia, bioaniztasuna eta ingurumena uztartzen diren; izan ere, horiek guztiek egiten dute gatz harana leku ezin hobea gizarteari interes handiko hainbat gai zuzenean helarazteko.

Hasieratik, berreskuratze- eta azterketa-lanak eta ezagutzak gizarteratzea uztartu dira, eta, zehazki, eskola-taldeen kasuan, adin guztietara egokitutako hainbat ibilbide didaktiko eta parte-hartzaile egin dira. Aldi berean, hainbat ikaskuntza-laborategi garatu dira, hala nola gatz-dastatzeak edo gatzgile-tailerrak. Tailer horietan, adin guztietako neska-mutilek produktu tradizionalen balioa eta gatzgileen lanbidea ezagutzen ikasi ahal izan dute.

Kultura Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi