Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak | 2025 04 03

Arabako Ogasunak ia 185 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei errenta kanpainan

Rentafácil modalitatean, Foru Ogasunak zergadun guztien % 74,7ri egin dio proposamena

Gaurtik aurrera, datu fiskalak eta Rentafácileko proposamena egiazta daitezke araba.eus webgunean

Gasteiz, 2025eko apirilaren 3a. Arabako Ogasunak ia 185 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak errenta kanpainaren aurkezpenean eman du jakitera zifra hori. Hilaren 7an hasiko da errenta kanpaina, eta ekainaren 25ean amaituko.

 199.860 zergadunek aurkeztu behar dute aitorpena; "Iaz baino % 1 gehiago da hori, biztanleria aktiboak eta lan etekinen hartzaileen kopuruak gora egin duelako. Eta baita aitorpena aurkezteko betebeharra zergadun gehiagok duelako ere", azaldu du foru arduradunak.

Gonzalok Foru Aldundiak zergadunen mesederako bultzatu dituen neurrien garrantzia nabarmendu du, eta haien isla ikusi da kanpainan, hala nola "oinarri orokorreko tarifaren % 2,5eko deflaktazioa, eta baita familien ahalmen ekonomikoa indartzeko aukera ematen duen 30.000 eurotik beherako errentetarako 200 euroko gutxitzea ere".

Autonomoei zuzenduta, likidezia bultzatzeko helburuarekin, foru arduradunak honako hau aipatu du: "nekez justifika daitezkeen gastuen ehunekoa, forfaita, zeina bereziki nabarmentzekoa baita lehen sektorean". Ardoa eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak egiten dituzten autonomoen kasuan, etekin garbia murriztu dezakete, gastuak konpentsatzeko ehunekoa (% 70) aplikatuz.

Era berean, salbuetsita geratzen dira 65 urtetik gorakoek lortutako bizi aseguruen kontratuen biziraupen prestazioetatik eratorritako etekinak, eta salbuetsita geratzen dira, halaber, talidomidak kaltetutako pertsonentzako kalte ordainak.

Itziar Gonzalok nabarmendu duenez, "Arabako Ogasunarentzat lehentasuna da herritarren eskura jartzea inguruabar eta premia bakoitzari erantzuteko bide eta baliabiderik egokienak, eta zerbitzu erosoagoa, eskuragarriagoa eta eraginkorragoa eskaintzea".

Aurreko kanpainetan bezala, borondatezko ordezkaritza gauzatzeko aukera dago. Sistema horren bidez, edozein zergadunek bere konfiantzazko pertsona bat izenda dezake hark ordezka dezan eskatzeko. Hartara, konfiantzazko pertsonak berak ordezkatzen duenaren proposamena egiaztatu, behar izanez gero aldatu eta onartu dezake Rentafácilen eta Rentareden.

Rentafácil

Rentafácil bidezko proposamenak —modalitate erabiliena— guztira 149.371 arabarrengana iritsiko dira, hots, herritar guztien % 74,7rengana. Kopuru horretatik 21.059 proposamen maizterrei edo errentatzaileei dagozkie.Foru Ogasunak abisu gutun bat bidaliko die zergadunei, proposamena egin dela jakinarazteko, eta proposamen hori ziurtagiri digitalarekin edo gabe onartu ahal izango da.

Itziar Gonzalok gogorarazi duenez, "Autolikidazioak telefono mugikorretik edo beste edozein gailutatik onar daitezke, edo, hala badagokio, aldatu". Likidazioa onartu ondoren, Ogasunak dagokion zenbatekoa itzuliko du 48 orduko epean, gutxi gorabehera.Aldaketak egin behar izanez gero, apirilaren 7tik aurrera egin ahal izango dira egoitza elektronikoan, ziurtagiri digitalarekin. Hainbat datu gehi daitezke, hala nola ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkariak, alokairuaren diru sarrerak etxebizitzak alokatuta dituzten jabeen kasuan, eta baita etxebizitza kontuagatiko eta dohaintzengatiko kenkariak ere; eta kontu zenbakia aldatzeko aukera ere badago.

Rentared

Foru Ogasunak, Rentared modalitatearen bidez, aitorpena modu erraz eta erosoan linean egin eta aurkeztea ahalbidetzen du. Horretarako, nahikoa da laguntza programa deskargatzea araba.eus/renta2024 helbidean. "Identifikazio digitalaren bidez, programak aitorpena egiten du, eta zergadunak falta diren datuak bete eta Ogasunera bidali baino ez du egin beharko", zehaztu du foru arduradunak.

Rentaraba

Modalitate honen barnean sartzen dira aitorpenak gestoriek eta aholkularitzek aurkeztea eta Foru Ogasunaren aurrez aurreko arreta.

Aurrez aurreko arreta apirilaren 10ean hasiko da, Foru Ogasunaren Gasteiz, Laudio eta Guardiako bulegoetan.Doako zerbitzu hori zergadun guztiek eskuratu ahal izango dute, salbu eta 2024an jarduera ekonomiko batean aritu direnek, beren ohiko etxebizitza saldu dutenek, higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenek edo merkataritza sozietateetako kotizatu gabeko partaidetzak saldu dituztenek, alokairu turistikorako higiezinak izan dituztenek edo lekualdatutako pertsonen araubide bereziari heldu nahi diotenek.

Aurreikuspen ekonomikoak

Arabako Ogasunak zergadunei guztira 184,7 milioi euro itzultzea espero du. Gainera, ordaintzeko aitorpenen bidez 103,8 milioi euro biltzea aurreikusi du.

Kanpaina honetan 199.860 aitortzaile egongo dira, eta haietatik % 68 baino gehiagoren emaitza itzultzekoa izango da. Batez beste, 1.340 euro jasoko dituzte Arabako Ogasunetik. Gainerakoek, aitorpen positiboek, 2.090 euro ordaindu beharko dituzte batez beste.

Fortuna handien gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga apirilaren 7tik ekainaren 25era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Zerga horiek ekainaren 25a baino lehen ordaindu beharko dira.

Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi

Errenta 2024 kanpainaren aurkezpena

Jaitsi