Ogasuna | 2021 05 10

Arabako Ogasunak 91,9 milioi euro berreskuratu zuen zerga iruzurrari aurre egiteko 2020ko planean

  • Ikuskapen Zerbitzuak guztira 3.595 jarduketa egin zituen 2020ko ekitaldian, 1.410 pertsona fisikoekin eta 2.185 pertsona juridikoekin.
  • Fiskaltzak, Foru Aldundiak eskatuta, delitu fiskaleko espediente bat ireki zuen, 7 milioi eurokoa.
  • 2021erako, Iruzurraren aurkako Planak lehentasuna emango die jarduerei informazioa lortzeko, prebentziokoak eta erregularizazio eta kobrantzari buruzkoak, garapen teknologikoak indartzearen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 10a. Arabako Foru Aldundiaren Iruzurraren aurkako Planak 91,9 milioi euro berreskuratu zituen 2020an, ekitaldian zehar egindako 3.595 jardueren ondorioz; horietatik 1.410 pertsona fisikoekin egin ziren, eta 2.185 pertsona juridikoekin.

"Iruzur fiskala ekintza insolidarioa da eta herritar guztientzako kaltea, eta are gehiago, osasun krisi larrian egonik, Arabako enpresen eta etxeen ekonomian zuzenean islatzen baita. Gizarte baten ongizate maila zuzenki proportzionala da jasotzen dituen zerbitzu publiko guztiekiko, eta politika publikoak biltzen dugunaren araberakoak dira. Horregatik, Ogasun Saila etengabe aritzen da iruzur fiskalaren aurkako borrokan", adierazi du Itziar Gonzalo Ogasun Saileko foru diputatuak.

2020an 91,9 milioi berreskuratu ziren

Prentsaurrekoan, Itziar Gonzalok azpimarratu duenez, "Iruzurraren aurkako 2020ko Planak 91,9 milioi euro berreskuratzea ahalbidetu zigun, 3.595 ekintzari esker. 2019an baino 7,8 milioi euro gutxiago dira, baina gogorarazi behar dut pandemiak administrazio prozedurak geldiaraztera behartu gintuela martxoaren 14tik uztailaren 1era arte, eta, bestalde, ez dut zalantzarik iruzurraren aurkako borroka urtetik urtera eraginkorragoa dela".

Berreskuratutako 91,9 milioi euroetatik, 72 milioi zergak ikuskatzeko zerbitzuaren jarduerei dagozkie, eta 19,3 milioi, berriz, Arabako Ogasunaren kudeaketa zerbitzuei.

Zergak ikuskatzeko zerbitzuaren jarduketengatik berreskuratutako 72,6 milioi euroen % 87 lan atxikipenei (23,6 milioi), sozietateen gaineko zergari (25,4 milioi) eta BEZari (14,6 milioi) dagokie.

"Lan atxikipenak, 23,6 milioi, nabarmen igo dira 2020an, beste administrazio batzuetan behar ez bezala sartuta zeuden atxikipenak berreskuratzearen ondorioz. Batez ere, Administrazioko funtzionario erretiratuen eta erakunde publikoetako langileen atxikipenak dira, behar ez bezala sartuak", azaldu du foru diputatuak.

Sozietateen gaineko zergatik berreskuratutako 25,4 milioi euroen zati bat sozietateen gaineko zergan doikuntzak, kenkariak eta zerga onurak kontrolatzeagatik 6 espediente izapidetzetik dator. Jarduera horiengatik 8,5 milioi euro berreskuratu dira guztira. Gainerakoa, sozietateen gaineko zergaren bidez bildutako 25,4 milioietara arte, zergan bertan eta BEZean islatu diren jarduketetatik eratorri da.

Jarduera ekonomikoaren kontrolaren atalean, guztira 843 jarduketa egin ziren emaitza negatiboak edo onura txikiak izan zituzten jarduera ekonomiko, sozietate edo autonomoen gainean; izan ere, gastu faltsuak edo neurriz kanpokoak jarri baitituzte. Jarduera ekonomikoen kontrolaren barruan, aitorpenik aurkeztu ez dutenak ere aztertzen dira, eta 38,2 milioi bildu dira hainbat zerga kontzeptutan.

"Gogoratu behar da iruzur fiskalak murriztu egiten duela erakundeek zerbitzuak eskaintzeko duten gaitasuna, eta eragin negatiboa duela herritar gehienengan eta, bereziki, baliabide gutxien dituzten herritarrengan", zehaztu du Ogasuneko foru diputatuak.

2020an, 21 espediente itxi ziren, 7,2 milioi euroko emaitzarekin, zerga irregulartasunen zantzuak dituzten kolektibo, pertsona eta bilbe jakin batzuen ikerketaren ondorioz, hala nola fakturak faltsua jaulkitzea eta jasotzea.

Itzulketen kontrolari dagokionez, 1.048 jarduketa egin ziren, 5,4 milioi euroko emaitzarekin. Honako hauek izan dira jarduketen ardatzak: BEZa, jarduera ekonomikoen egiaztapena eta ikerketa, eskaera garrantzitsuak eta hirugarrenei egotzitakoekin bat ez datozen gastu aitortuak zituztenak, PFEZaren itzulketen kontrola eta sozietateen gaineko zergaren itzulketen kontrola.

Bestalde, aurkeztutako aitorpenen eta Ogasunaren datuen arteko inkoherentziak egiaztatzeko 1.335 jarduketa egin ziren, eta 4,2 milioi euro berreskuratu ziren horren ondorioz. Beste ikuskapen jarduketetako bat da zergak hainbat lurraldetan ordaintzen dituzten enpresen eragiketen kalkulua kontrolatzea. Guztira 284 espediente itxi dira, eta 4,1 milioi euro berreskuratu.

Justifikatu gabeko ondare irabazien kontrolean, 2020an, 1,1 milioi euroko 16 espediente izapidetu ziren, txekeak eta eskudiru mugimenduak kobratu edo atzerriko kontuen titulartasuna ikertzearen ondorioz.

Zergen ikuskapenean azaleratutako 72,6 milioi euro horiez gain, zerga bilketako zerbitzuak 5.392 jarduketa egin eta 10,2 milioi euro berreskuratu ditu, ezarritako epeetan ordaindu gabe zeudenak.

Zerga bakoitza modu independentean kudeatzen duten kudeaketa zerbitzuei dagokienez (BEZa, sozietateak eta PFEZ), 19,3 milioi euro bildu ziren.

Zerga iruzurraren aurkako 2021eko plana

Iruzurraren aurkako 2021eko planean, Ogasuneko diputatuak gonbita egin die Arabako ikastetxe guztiei Foru Aldundiaren herritarren eta zergen hezkuntza programarekin bat egin dezaten, hau da, ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko komun batekin. 

"Programa hori, zalantzarik gabe, epe ertain-luzerako tresna garrantzitsua da iruzurraren aurkako borrokan. Gizarte aurreratu batean, funtsezkoa da gazteek zergen balio sozialaz eta gastu publikoarekin duten loturaz jabetzea", gogorarazi du Ogasun Saileko foru diputatuak.

Zergadun guztiek zerga betebeharrak betetzen dituztela bermatzeko helburuarekin, Arabako Ogasunaren Iruzurraren aurkako Planak hiru jarduera lerro nagusi ezartzen ditu 2021erako:

  • Informazioa eskuratzeko jardunak

  • Prebentzioko jardunak

  • Erregularizazio eta kobrantza jardunak

Hiru jardun mota horiek gauzatzeko, Arabako Ogasunak digitalizazioa indartzera eta Estatuko zein nazioarteko beste erakunde batzuekiko koordinaziora bideratutako ekintzak egiten ditu. "Informazioa modu automatikoan trukatzeko sistema global baterantz goaz, ezinbestekoa adibidez atzerrian ezkutuko ondareak eta errentak aurkitzeko", azaldu du Itziar Gonzalok.

Bestalde, iruzurra prebenitzeko eta detektatzeko jarduerak honela sailkatzen dira: proiektu teknologiko berrietan oinarritutako jarduerak, ikastetxeetan gauzatzen diren zerga heziketako programen garapena, zerga betebeharrak borondatez betetzea sustatzeko informazio eta laguntza teknikoko zerbitzuak ematea eta beste jarduera batzuk. Proiektu teknologikoen artean, garatze fasean den ticketBAI proiektua nabarmentzen da.

2021ean egingo diren erregularizazio jarduera nagusiak honako hauek dira: taldeen kontrola, bai fiskalena, bai enpresena; aitorpenen aurkezpenen kontrola; aitortu ez diren ondasun eta eskubideen existentzia detektatzea; enpresak berregituratzeko eragiketen analisia; eta ordainketak egitera eta ordaintzera behartuta daudenen kontrola.

Azkenik, dirubilketako jarduketen helburua da zorren kobrantza ziurtatzea hauen bidez: geroratzeak eman, erantzukizuna egozteko jarduketak, besteak beste.

Amaitzeko, Ogasun Saileko foru diputatuak gogorarazi duenez, "Iruzur Fiskalaren aurkako Plana tresna estrategikoa da betebehar fiskalak betetzen ez dituztenentzat, solidarioak ez direnentzat. Horregatik, iruzur egoerak antzemateaz gain, iruzurraren aurkako gure jarduera saiatzen da zergadunen kolektiboa jabetzen ere, zerga betebeharrak borondatez bete ditzan".

Ogasuna Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi