Foru Aldundia | 2022 11 15

Foru Ogasunak ticketBAI ezartzetik aldi baterako salbuesteko aukera emango die salbuespenezko egoera teknikoak egiaztatzen dituztenei

Urtean onartutako araudiak sei hilabeterainoko aldi baterako eta pertsona bakoitzeko salbuespen egoera hau txertatzen zuen

Gasteiz, 2022ko azaroaren 15a. Foru Ogasunak ticketBAI ezartzetik aldi baterako salbuesteko aukera emango die (sei hilabetera arteko salbuespena) salbuespenezko egoera teknikoak egiaztatzen dituztenei. Araudian jasota dagoen kasu horri heldu ahal izango diote urte honetan zehar fakturazio sistemak egokitzea eta epe barruan ezartzeko kudeaketa egokiak egitea eragotzi duten xehetasun teknikoak frogatzen dituzten zergadunek.

TicketBAI araudian, zehazki zerga betebeharra garatzen duen erregelamenduan (2021eko urrian argitaratu zen), ekitaldi honetan zehar ezartzeko egutegi mailakatua zehaztu zen. Arau horretan kasu batzuk ere jasotzen dira, non, salbuespen gisa, betebehar horretatik salbuesteko aukera aurreikusten zen aparteko egoera tekniko batean zeuden zergadunentzat, horrek zerga betebehar horretara denboraz egokitzea galarazten bazien.

Laster zergadun guztientzat indarrean sartuko denez, abenduaren 1ean, foru erakundeak komenigarritzat jo du gogoraraztea araudian badagoela aldi baterako salbuespena eskatzeko aukera, ticketBAI betebeharra betetzeko.

Araudian bertan definitu zen bezala, eskaera Foru Ogasunean egin behar da, ziurtagiri elektronikoaren bidez, eta ticketBAI sistemara egokitzea eragotzi duten salbuespenezko inguruabar teknikoen ondorio izan behar du. Zehazki, zergadunaren borondatearekin zerikusirik ez duten kausak egon behar dira jatorrian, eta zergadunak behar besteko aurrerapenaz eta behar bezalako arretaz jardun behar izan du bere negozioa fakturazio elektronikoko sistemara egokitzeko.

Ildo horretan, eskabidearekin batera, nahitaezko datan egokitzeko ezintasuna egiaztatzen duten egiaztagiri eta dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, hala nola eskaerak, enkarguak, kontratuak eta teknologia eta informatika garapeneko enpresekin izandako harremanen gainerako egiaztagiriak, bai eta hornitzaileen ziurtagiriak ere, nahitaezko datan egokitzapenak instalatzea ezinezkoa dela adierazten dutenak.

Gaur egun, merkatuan irtenbide teknologiko errazak daude, behin betiko softwarea iritsi arteko aldi baterako elementu gisa balio dutenak. Hori dela eta, baliteke aldi baterako salbuespena ez onartzea.

Fakturazio digitaleko fakturazio sistema honetara, errolda globalaren arabera 18.000 zergadun gehitu behar dira.. Errolda zifra horrek behera egin du, Foru Ogasunak egiaztatu baitu oraindik ere profesional batzuk alta emanda daudela Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ), baina aspaldi utzi ziotela jarduerari.

Foru Aldundia Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua

Itziar Gonzaloren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi