Gasteizko Conecta Empleo anezka abian da 18 parte hartzailerekin - arabapress
Gasteizko Conecta Empleo anezka abian da 18 parte hartzailerekin
-
Oraindik badago lekua eta interesa dutenek lanzaderasconectaempleo.es web orrian edo Ignacio Ellacuría udal zentroan eman dezakete izena.
-
Arabako langabetuei aholku eman eta lana bilatzen laguntzen die.
Oraindik badago lekua eta interesa dutenek lanzaderasconectaempleo.es web orrian edo Ignacio Ellacuría udal zentroan eman dezakete izena.
Arabako langabetuei aholku eman eta lana bilatzen laguntzen die.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 16a.- Gasteizko Conecta Empleo anezka berria abian jarri da aste honetan, arabarrei beren lan bilaketa berraktibatzen laguntzeko helburuarekin, lan orientazioko teknika berrien bitartez. Lan bilaketa aktiborako talde hori langabezian dauden 12 emakumek eta 6 gizonek osatzen dute; 35 eta 59 urte bitartekoak dira denak, eta prestakuntza maila desberdinekoak (DBH, LH, batxilergoa eta unibertsitate ikasketak).
Haien lanbide ibilbidea heterogeneoa da: batzuek lehenengo lana aurkitu nahi dute, eta beste batzuk beste lan aukera baten bila ari dira, hainbat sektoretan urteetako esperientzia izan ondoren, hala nola administrazioan, merkataritzan, informatikan, ikus-entzunezkoen ekoizpenean edo biologian. Ekimen hori Santa María la Real fundazioak eta Telefónica fundazioak bultzatzen dute, Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagunduta (POISES programa), eta Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ditu lankide.
Gasteizko Conecta Empleo anezkak 18 kiderekin ekin dio ibilbideari, baina zenbait toki hutsik daude eta, beraz, oraindik aukera dago proiektuan parte hartzeko, zeinaren batez besteko laneratze tasa % 60 izan baitzen aurreko ekitaldietan. Interesa dutenek izena eman dezakete linean www.lanzaderasconectaempleo.es web orrian, edo era presentzialean, Ignacio Ellacuría udal zentroan (Castro Urdiales kalea, 10-12), 9:00etatik 14:00ak arte.
Cristina González Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak nabarmendu duenaren arabera, anezken emaitzek erakusten dutenez, anezkek funtzionatu egiten dute, eta enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak eskaintzen dituzte: “Arabako langabetuek tresna hau erabiltzea nahi dugu, ikusgarritasuna izan dezaten, harreman sareak sor ditzaten, enpresetara bisitak egin ditzaten eta lan bilaketan laguntza dutela senti dezaten”.
“Beraz, Arabako langabeak animatzen ditut informatzera eta anezka honetan izena ematera, oraindik libre dauden tokiak aprobetxatuz”, erantsi du.
Santa María la Real fundazioko teknikari Ana Belén Sánchez da anezkako hautaketa prozesuaren eta koordinazioaren arduraduna. Azaldu duenez, parte hartzaileen profilak askotarikoak eta elkarren osagarri dira, eta adierazi du berehala hasiko direla lanean taldea sortzeko, haien zeharkako gaitasunak eta gaitasun digitalak hobetzeko, esperientziak partekatzeko, lan bilaketa elkarlanean berraktibatzeko eta lan aukera berriak lortzeko.
“Lanaren bilaketan egunean jarri nahi dute, alegia, lan merkatu berriaren funtzionatzeko era eta laneratzeko teknika berriak ezagutu nahi dituzte. Beren helburuak lortzeko, konfiantza dute elkarlanean”, adierazi du Ana Belének.
Formatu mistoa
Anezkak formatu mistoa du. parte hartzaileak astean zenbait egunez bilduko dira era birtualean, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, eta era presentzialean, talde txikietan, Gasteizko Udalak lagatako instalazioetan. Bertan, beharrezkoak diren higiene, segurtasun eta gizarte urruntze neurri guztiak beteko dira.
Proiektuan parte hartzen duten arabarrek hainbat ekintza egingo dituzte: adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lana bilatzeko plan integral bat garatzen eta beren lan arloko helburua fokalizatzen ikasteko; curriculuma eguneratzen ikasiko dute; lan elkarrizketak entseatuko dituzte, hautaketa prozesuetan konfiantza eta segurtasuna hartzeko; zeharkako gaitasunak eta trebetasun digitalak indartuko dituzte; probetxua aterako diete Smartphone-ari eta sare sozialei, linean lana bilatzeko; enplegagarritasun mapak egingo dituzte eta enpresekin harremanetan jarriko dira.