Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua | 2025 06 20

Uztailaren 1ean abian jarriko den Gasteiz-Bilbo emakida bateratu berriak tiket merkeagoa eta hobekuntza garrantzitsuak izango ditu

Tiket arrunta % 33,5 merkeagoa izango da BAT txartelarekin, eta ohiko erabiltzaileentzako bonuak izango dira

Gasteiz eta Forondako eta Loiuko aireportuen arteko linea berriak 13 zerbitzu izango ditu egunean noranzko bakoitzean

Jon Nogales: "Jauzi kualitatiboa egin dugu Gasteiz eta Bilbo arteko errepideko garraio publikoaren eskaintzan, Foronda eta Loiura doan linea berri batekin, tarifa lehiakorragoekin eta zerbitzuaren kalitatearen hobekuntza garrantzitsuekin"
 

Gasteiz, 2025eko ekainaren 20a.- Gasteiz-Bilbo emakida bateratu berria datorren uztailaren 1ean jarriko da martxan, eta tiketa merkeagoa izango da, ordaintzeko BAT, BARIK eta MUGI txartelak erabiliz gero; izan ere, % 20ko deskontu gehigarria izango da horiekin ordainduta. Bestalde, hileko bonuak eta 60 bidaiakoak izango dira ohiko bidaiarientzat. Horrez gain, hobekuntza handiak izango dira erosotasunaren, segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloan. 

Herri arteko garraio emakida berri hori lankidetzan kudeatuko dute Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek, eta Gasteiz Bilborekin eta haren metropolialdearekin lotzen duten linea guztiak hartuko ditu barnean, eta berritasun nagusia izango da linea berri bat ezarriko dela Arabako hiriburuaren eta Forondako eta Loiuko aireportuen artean. Linea berri horrek egunean 13 zerbitzu izango ditu noranzko bakoitzean.

Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatu Jon Nogales Arabako Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, emakida bateratu berriaren ezaugarriak eta berritasun nagusiak aurkezteko, eta ziurtatu du "jauzi kualitatiboa izango dela Gasteiz eta Bilbo arteko eta Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoen arteko errepideko garraio publikoaren eskaintzan".

"Jauzi kualitatibo horren adierazle nagusia Gasteizko erdialdea eta Forondako eta Loiuko aireportuak zuzenean, ibilgailu aldaketarik egin gabe, lotuko dituen linea berria da. Zerbitzu berri horrek Arabako herritarren eta enpresen eskari historikoari erantzuten dio, baina askoz harago doa; izan ere, tarifa lehiakorragoak ditu, BAT txartela gehitzen du deskontuekin ordaintzeko bitarteko gisa, autobus eraginkorragoak eta ekipatuagoak izango ditu, Zuiarako zerbitzua hobetuko da...".

Nogalesek nabarmendu duenez, Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbiderako tiket arruntaren prezioa 6,2 eurokoa izango da uztailaren 1etik aurrera, hau da, une honetan indarrean dagoen prezioa baino % 17 txikiagoa, baina "4,96 euro soilik balioko du BAT, BARIK eta MUGI txartelak erabiliz gero; hau da, bi hiri horien arteko zerbitzu hori erabiltzen duten arabarrek egun ordaintzen dutena baino % 33,5 gutxiago".

Hobekuntza nabarmenak

Arabak eta Bizkaiak 2023ko martxoan adostu zuten A-3700 emakida bateratu berriaren proiektua, eta urte horretako udan onetsi zuten lizitazioa. Proiektu horren jatorria da bi foru aldundiek 2021ean sinatu zuten hitzarmena, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituzten lineak elkarrekin kudeatzeko, hartara Arabako eta Bizkaiko herritarrei zerbitzu publikorik onena bermatzeko, baliabide publikoen erabileran efizientzia eta efikazia irizpideak kontuan hartuta.

Adjudikatutako proiektuaren arabera, A-3700 emakida bateratuak sei linea izango ditu guztira: bost une honetan jarduten duten zazpiak berrantolatzetik sortu dira, egungo mugikortasun beharretara egokitzeko –indarrean dagoen emakida 1987koa da– eta zerbitzu publikoa hobetzeko, eta seigarrena berria da, eta Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin lotuko du.

Emakida berriak hobekuntza handiak ekarriko ditu bi hirien eta lurralde historikoen arteko garraio zerbitzu publikora, indarrean dagoenaren aldean. Hobekuntza horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 

•    Gasteiz eta Bilbo arteko tiket arrunta egungoa baino % 17 merkeagoa izango da. Tiket arruntak 7,45 euroko prezioa du gaur egun; emakida berriko tiket arruntaren prezioa, berriz, 6,20 euro izango da.
•    BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango da, eta tiket arruntean % 20ko deskontua egingo da. Beraz, Gasteiz eta Bilbo arteko bidaiaren prezioa, txartel horiekin, 4,96 euro izango da, egungo tiket arrunta baino % 33,5 merkeagoa. 
•    Hileko bonua eta 60 bidaiako bonua, hasieratik, ohiko erabiltzaileentzat. Urteko bigarren seihilekoan, % 50eko deskontu berezia izango dute 26 urtetik beherako gazteek, eta % 40koa herritar guztiek, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak elkarrekin finantzatuta. Hiru hileko bonua irailetik aurrera, ikasturtearen hasierarekin batera. 
•    15 urtetik beherakoentzako doako txartela urteko bigarren seihilekoan, Espainiako Gobernuak garraio publikoa sustatzeko bultzatutako neurriak aplikatzearen ondorioz. 
•    Ordutegi batzuk aldatuko dira maiztasun konstanteagoa eskaintzeko, eta zerbitzua eguneko azken orduetara zabalduko da, batez ere ostiral eta larunbatetan: egunero 23:00 arte bi noranzkoetan, eta ostiraletan eta larunbatetan 00:00 arte.
•    Zuiako bizilagunentzako zerbitzua nabarmen hobetuko da. Izan ere, emakida berriarekin, honako bidaldi hauek izango dituzte:
o    Eskola egun diren lanegunak (irailetik ekainera): 6 bidaia noranzko bakoitzeko.
o    Eskolarik gabeko lanegunak (uztailetik abuztura): 5 bidaia noranzko bakoitzeko.
o    Asteburuak: 4 bidaia noranzko bakoitzeko
•    Irisgarritasuna hobetuko da mugikortasun urria duten pertsonentzat: plataforma homologatua jarriko da eta berehala gaitzeko gordetako bi plaza egongo dira.
•    Ibilgailu berri erosoagoak (tarte handiagoa eserlekuen artean, bideozaintzako kamerak maletategian, entretenimendu sistema, wifia, USB kargagailuak, etab.), seguruagoak (segurtasun aktiboko eta pasiboko sistema berriak) eta efizienteagoak jarriko dira.
•    Bizikletak garraiatzeko ainguraketa bereziak jarriko dira maletategian. 

Gasteiz-Foronda-Loiu linea berriari dagokionez, Bizkairako ibilbidea Goya zerbitzugunea izandakoan hasiko da, Florida parkearen ondoan, Arabako hiriburuko erdiguneko hotelei eta turismo ostatuei zerbitzua emateko. Hurrengo geldialdiak Gasteizko autobus geltokian, Forondan eta Boluetan (Bilbo) egingo ditu, eta Loiuko aireportuan amaituko da bidaia. 

Autobusek Forondan eta Boluetan geldialdia egingo dute, baldin eta aldez aurretik tiketa erosi duten bidaiariak badaude. Halakorik ez badago, zerbitzua zuzena izango da Gasteiztik Loiura.

Hasiera batean, hamahiru zerbitzu izango dira egunean noranzko bakoitzean, irailetik abuztura bitartean, uda garaian izaten den hegaldi kopuru eta eskari handiagoari erantzuteko; iraila eta ekaina artean, aldiz, bederatzi zerbitzu izango dira egunean noranzko bakoitzean. Loiura doan lehen zerbitzua 04:30ean izango da eta azkena 21:45ean; Gasteizera doazen lehen eta azken zerbitzuak, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira, hurrenez hurren. 

Linea horrek tarifa finko berezia izango du, duen berezitasunagatik eta xedeagatik. Gasteiz eta Loiuko aireportuaren arteko tiketaren prezioa 15 euro izango da, familia ugarientzako deskontuekin, gai horri buruzko legeria aplikagarriaren arabera. Erabiltzaileek BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango dute tiketa, baina kasu horretan ez da deskonturik aplikatuko.

Erantsitako tauletan bi aldietako ordutegien berri ematen da. 

Gainera, foru diputatuak jakinarazi du saila Bizkaiko Foru Aldundiarekin, VIArekin eta enpresa emakidadunarekin lanean ari dela egiturazko eskaintza hori indartzeko Vitoria-Gasteiz-Foronda zerbitzu gehigarriekin, eta hobeto betetzeko Forondako hegaldi batzuek sortutako mugikortasun beharrak. Zerbitzu gehigarri horiek Gasteiz eta Foronda arteko ibilbidea bakarrik egingo lukete, eta alderantziz.

Arabarrek informazio guztia kontsultatu ahal izango dute eta tiketak erosi/erreserbatu ahal izango dituzte datozen egunetan enpresa emakidadunaren web orrian: https://www.autobuseslaunion.com/eu/. Erabiltzaileek tiketak saltzeko/erreserbatzeko hainbat gune izango dituzte, tiketak erosi eta BAT txartelarekin lekua erreserbatu ahal izateko: salmenta gune fisikoak (autobus geltokiak eta ibilgailuak) eta enpresa emakidadunaren web orria.
 
Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, 1,3 milioi pertsona baino gehiagok erabiliko dituzte emakida bateratuko sei lineak lehenengo urtean, eta haietatik 100.000 baino gehixeagok Gasteiz-Foronda-Loiu linea berria erabiliko dute. Aurreikusi da sei lineen eskaria pixkanaka haziko dela emakida bateratuaren hamar urteetan, eta aldiaren amaieran urtean 1,4 milioi bidaiariko zifra gaindituko dela.

             


UZTAILEKO ETA ABUZTUKO ZERBITZUAK

Gasteiz/ 
Loiuko aireportua    Loiuko aireportua/ Gasteiz

Egunero    
Egunero
4:30     6:30 
5:45     7:30 
6:45     8:30 
8:45     10:30 
11:45     13:30 
12:45     14:30 
13:45     15:30 
15:45     17:30 
16:45     18:30 
17:45     19:30 
19:45     21:30 
20:45     22:30 
21:45     23:30 

Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi