Gasteiz/Foronda/Loiu autobus linea berria uztailaren 1ean jarriko da abian - arabapress
Gasteiz/Foronda/Loiu autobus linea berria uztailaren 1ean jarriko da abian
Bilbao/Gasteiz A-3700 emakida bateratua abian jartzeko esparruan

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 30a.- Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin lotuko duen autobus linea berria uztailaren 1ean hasiko da lanean. Uztailean eta abuztuan eguneko hamahiru zerbitzu eskainiko ditu noranzko bakoitzeko, eta irailaren eta ekainaren artean egunean bederatzi zerbitzu.
Linea hori Bilbo/Gasteiz A-3700 emakida bateratu berriaren parte da. Emakida horrek Arabako hiriburua Bizkaiko hiriburuarekin eta haren metropolialdearekin lotzen duen errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio lineak biltzen ditu. Emakida berriak, aireportuekiko lotura berriaz gain, hobekuntza handiak ekarriko ditu erosotasun, segurtasun eta irisgarritasunari dagokienez.
Emakida berri hori modu kooperatiboan kudeatuko dute Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera.
Bizkaiko Foru Aldundiak Autobuses La Unión SA enpresari adjudikatu dio aurten Bilbo/Gasteiz A-3700 emakida bateratua, hamar urterako, arrisku eta mentura modalitatean. Emakida hori uztailaren 1ean (asteartea) hasiko da lanean, eta "hobekuntza handiak egingo dira erabiltzaileentzako zerbitzuan eta txartelaren prezioan, eta ibilgailu erosoagoak, seguruagoak, efizienteagoak eta irisgarriagoak izango dira".
"Emakida hori abian jartzearekin, gainera, eskari historiko bati erantzungo diogu: Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin zuzenean lotzea", azpimarratu du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak.
A-3700 emakida bateratuak sei linea izango ditu guztira: bost une honetan jarduten duten zazpiak berrantolatzetik sortu dira, egungo mugikortasun beharretara egokitzeko –indarrean dagoen emakida 1987koa da– eta zerbitzu publikoa hobetzeko; eta seigarrena berria da, eta Gasteiz Foronda eta Loiuko aireportuekin lotuko du.
Gasteiz/Foronda/Loiu linea berriak Goya gasolina zerbitzugune zaharrean hasiko du Bizkairako ibilbidea, Florida parkearen ondoan, Arabako hiriburuko erdiguneko hotelei eta turismo ostatuei zerbitzua emateko, eta hurrengo geltokia Gasteizko autobus geralekua izango da. Ondoren, Forondako aireporturantz jarraituko du, eta Loiuko aireportuan amaituko da bidaia.
Autobusek Forondan geldialdia egingo dute, baldin eta aldez aurretik erositako txartela duten bidaiariak badaude. Halakorik ez badago, zerbitzua zuzena izango da Gasteiztik Loiura.
Abiaburuko eskaintzan, hamahiru zerbitzu izango dira uztailean eta abuztuan, hegaldien gehikuntzari eta udako bidaien eskari handiagoari erantzuteko, eta noranzko bakoitzeko bederatzi zerbitzu egunean, irailetik ekainera bitartean. Loiurako lehen zerbitzua 04:45ean izango da eta azkena 21:45ean; Gasteizera doazen lehen eta azken zerbitzuak, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira, hurrenez hurren.
Linea horrek tarifa finko berezia izango du bere berezitasunagatik eta xedeagatik. Gasteiz eta Loiuko aireportuaren arteko txartelaren prezioa 15 eurokoa izango da, familia ugarientzako deskontuekin, gai horri buruzko legeria aplikagarriaren arabera. Erabiltzaileek BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango dute txartela, baina kasu horretan ez da deskonturik aplikatuko.
Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek emakida bateratu berriaren eskaintzaren xehetasun guztiak eskainiko dituzte laster egingo duten prentsaurrekoan.