Garapen ekonomikoa eta inbertsioa | 2025 05 26

Arabako EKBk informazio tailerrak emango ditu lurraldeko industria arloan autokontsumo energetikoa sustatzeko

Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak komunitate energetikoen garapenari buruzko 160 kontsulta baino gehiago jaso ditu

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a. Arabako Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak (EKB) bi hilabete eta erdi daramatza martxan, komunitate energetikoak garatu nahi dituzten herritarrei eta erakundeei laguntzeko. Datozen asteetan, industria arloari zuzendutako informazio tailerrak emango ditu lurraldeko kuadrilletan.

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatua Iruña Okan izan da gaur goizean, Arabako EKBren txandakako bulegoan, han baitago gaur, eta harekin izan dira Miguel Ángel Montes udalerriko alkatea eta Rubén Torremocha Añanako Kuadrillako lehendakaria ere. Zaratek nabarmendu duenez, "sektore ekonomikoan ere autokontsumo energetikoa sustatzea funtsezkoa da deskarbonizaziorantz aurrera egiteko. Gure energia autohornikuntza handitu behar dugu lurraldean, eta Foru Aldundian enpresei laguntzen ari gara bide horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa baita haien egungo eta etorkizuneko lehiakortasunerako".

Arabako EKBk, ibilbidearen hasieratik, herritarrek, udalek, administrazio batzarrek, kuadrillek eta ETEek egindako 160 kontsulta baino gehiagori erantzun die. Gehienak honako hauekin lotuta daude: energia komunitarioa abian jartzea; komunitate energetiko batek egin ditzakeen jardueren tipologia; komunitatearen gobernantza, sustapena eta garapena; eta finantzaketa eta laguntzak, besteak beste. Eguzki teknologia fotovoltaikoari, haren funtzionamenduari eta autokontsumo modalitateei buruz ere galdetu dute, eta komunitate energetikoen barruan bideragarritasun tekniko-ekonomikoa aztertzeko eskaerak ere egin dituzte.

Bestalde, gaur egun, hamar bat taldek dute interesa komunitate energetiko bat sortzeko, edo lehen urratsak eman dituzte, eta "EKBen aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzuak aprobetxatzen ari dira iturri berriztagarrietatik sortutako energia propioa sortzeko proiektuak bultzatzeko", nabarmendu du foru arduradunak.

Sektore ekonomikoari zuzendutako informazio tailerrak datozen asteetan egingo dira. Lehenengoa Guardian egin da, eta beste bi egitea aurreikusi da. Bata Legution, hilaren 30ean, eta bestea Aiaran, ekainaren 12an. 

Era berean, abian jarri zenetik, Arabako EKBk komunitate energetikoak ezagutzeko 20 jardunaldi egin ditu herritarrentzat, bai eta tailer espezifikoak ere. Gainera, kuadrilletako, udaletako eta administrazio batzarretako teknikarientzako lehen jardunaldiak egin dira Aiaran eta Arabako Errioxan. 

"Arabako IKBk informazio eta zabalkunde jardunaldiak egiten jarraituko du kuadrilla bakoitzeko herritarrekin, jardunaldi horiek funtsezkoak baitira kontsumo energetiko arduratsuaren jardunbide egokiak sustatzeko. Bidezko trantsizio energetiko eta ekologikoaren erronkari lagunduko dioten jarduketak garatzeko lan egingo dugu", nabarmendu du Zaratek.

Bestalde, eraldaketa komunitarioko bulegoen lan eremuaren beste eginkizunetako bat aholkularitza da, eta gai administratiboetan, juridikoetan, legaletan eta teknikoetan eta laguntzetan eta finantzaketan espezializatutako zerbitzua eskaintzen du, proiektuek sektoreko legezko eta arauzko baldintzak bete ditzaten.

Garapen ekonomikoa eta inbertsioa Foru Aldundia Ekonomia garapena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi