Arabako adinekoentzako egoitza guztiak geratu dira koronabirusetik libre - arabapress
Arabako adinekoentzako egoitza guztiak geratu dira koronabirusetik libre
Gizarte Politiketako diputatuak azpimarratu du zer-nolako garrantzia duten txertaketak, langileen lanak eta erabiltzaileen zein senideen jokabideak, zentroetan birusa desagerrarazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 12a. Arabako adinekoentzako egoitzetan jada ez dago koronabirusik, Ekora egoitzan (Ekora udalerria) COVID-19an positibo eman zuten hiru pertsonen isolamendua amaitu ondoren. Kasu positiboak izaten jarraitzen zuen lurraldeko egoitza bakarra da.
Lehen olatuaren ondoren, abuztuaren 18an, berriz ere positiboak zeudela jakinarazi zenetik, 344 egoiliar sendatu dira.
Era berean, pandemiaren bigarren eta hirugarren olatuetan 47 erabiltzaile hil dira Araban adinekoentzako egoitzetan, koronabirusak jota. Zifrak berrikusteko eta finkatzeko prozesu baten ondoren lortutako datua da, egoitza zentroek datuak sartu, zuzendu eta jakinarazi ondoren.
Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua pozik agertu da egoitzak "pandemiatik libre" daudelako, zazpi hilabetez birusaren bigarren eta hirugarren olatuen eraginpean egon ostean. Horrela, egoera horretara iristeko eragina izan duten hiru faktore aipatu ditu. Horietako lehena Arabako egoitzetako erabiltzaile eta langile guztien txertaketa izan da.
Halaber, zentroetako langileen esku-hartzea nabarmendu du, eta aitortza egin die "birusa desagerrarazteko eragin oso positiboa" izan dutela nabarmenduz. Eta, azkenik, familien eta erabiltzaileen "portaera" aipatu du, behar bezala jarraitu baitituzte bisitetan eta irteeretan hartu beharreko prebentzio neurriak.
Foru diputatuak, amaitzeko, honako hau eskatu du: "Orain oso garrantzitsua da erne egotea, ez lasaitzea. Eta distantzia fisikoari, gelei eta maskarak erabiltzeari buruzko prebentzio neurriak betetzen jarraitu behar dugu, birusa zentroetan berriro sar ez dadin”.