EBk kalitatea aitortzen dio Arabako Foru Aldundia buru duen 'B-Mentor' prestakuntza proiektuari - arabapress
EBk kalitatea aitortzen dio Arabako Foru Aldundia buru duen 'B-Mentor' prestakuntza proiektuari

Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.- Europar Batasunak Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak bultzatutako 'B-Mentor' prestakuntza proiektuaren kalitatea eta "emaitza apartak" aitortu ditu. 'B-Mentor' proiektuak erakundeen, prestakuntza zentroen eta enpresen esku jartzen ditu mentoringean oinarritutako prestakuntza baliabideak, turismo sektoreko profesionalen kualifikazioa hobetzeko helburuarekin.
Prestakuntza baliabideak doan daude eskuragai b-mentor.eu web orrian.
Europar Batasunak jardunbide egokitzat hartu du proiektua, "emaitza apartak, egokitasuna, komunikazio potentziala, inpaktua eta diseinua direla-eta". 'B-Mentor' proiektuak mentoringean oinarritutako prestakuntza eredu bat eta zenbait tresna garatzen ditu. Tresna horietan prestakuntza pilulak eta ikaskuntza fitxak sartzen dira, metodologia hori aplikatzea errazten dutenak, turismoaren arloko gaitasun profesionalak sustatzeko ezagutza trukatuz.
"Proiektuaren sustatzaile garen aldetik, oso pozik gaude Europar Batasunaren balorazioarekin; izan ere, prestakuntzaren arloko berrikuntzarekin dugun konpromisoa aitortzen du, enpleguaren kalitatearen arloan ditugun helburuak lortzeko estrategia gisa, hain estrategikoa den sektore batean, turismoaren sektorean", adierazi du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak.
Arabako Foru Aldundiak gidatu du ‘B-Mentor’ proiektuaren garapena, EBk finantzatzen duena Erasmus+ deialdiaren barruan bere europar bazkideekin batera, hala nola Media Creativa 2020 (Espainia), Krakowskie Centrum Zarzadzania (Polonia), CNA Associazione Provinciale di Pesaro e Urbino (Italia), Hellenic Management Association (Grezia) eta Nevsehir il Kultur ve Turizm Mudurlugu (Turkia).
70 adituk eta langilek baino gehiagok baliozkotutako proiektu horrek tresnak eskaintzen ditu prestakuntza ekintzak garatzeko mentoringean oinarrituta, hau da, turismo arloan ezagutza, esperientzia eta gaitasunak dituzten pertsonen aholkuen bitartez ikastea. Horrela, ikasketa malgua errazten du, turismo sektorean berrikuntza, enplegua eta enpresa izpiritua suspertzeko.

