Foru Aldundia | 2023 02 24

Kirol erakundeek protokolo bat izan beharko dute adingabeen aurkako indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta haren aurka jarduteko

Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako aldundiekin batera, aholkularitza eta prestakuntza plan bat jarri du abian, kirol eragileek Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babesteko Legearen betebeharrak aplikatu ahal izan ditzaten.
Gainera, babes ordezkari bat izendatu beharko dute, protokoloaren aplikazioa monitorizatu beharko dute, eta nahitaezko prestakuntza egin
Biktimek telefono bat izango dute eskuragarri kirol eremuan gertatzen diren sexu jazarpenari, sexu abusuari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko

Gasteiz, 2023ko otsailaren 24a. Arabako kirol erakunde guztiek protokolo bat izan beharko dute, ordezkari bat esleitu beharko dute eta protokoloaren aplikazioa monitorizatu beharko dute adingabeen aurkako indarkeria motak prebenitzeko, detektatzeko eta haien aurka jarduteko, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babesteko 8/2021 Lege Organikoaren betebeharrak betetzeko.
Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako aldundiekin gai horren inguruan lanean urtebete baino gehiago daramanak, kirol erakundeei aholkularitza eta laguntza emateko plan bat diseinatu du, betebehar horiei aurre egin ahal izateko. Hala adierazi du gaur Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Arabako Batzar Nagusien Batzordean.
Legeak adingabearen ongizatea sustatzen du eremu guztietan, eta kirol arloa garrantzi bereziko alderdia da. Horregatik, “jardun egin behar dugu”, Legearen 47. eta 48. artikuluetan zehazten den moduan. “Lege honen eta modu protokolizatuan egingo dugun aplikazioaren helburua da adingabeek edozein indarkeria motaren aurrean dituzten eskubideak bermatzea, baita sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzio goiztiarra, babesa eta kalteen konponketa ere, tratu ona ziurtatuz” adierazi du Del Valek..
“Kirol Zerbitzutik — gaineratu du — helburutzat jarri dugu ez bakarrik legezko betebehar horiek betetzea, baita adingabeentzat ingurune seguru eta babeslea sortzea ere, eta, gainera, kirol erakundeei laguntza eta babesa ematea Legeak behartzen dituen gaietan”. Izan ere, batez ere lau dira Foru Aldundiak kirol eragileentzat diseinatu dituen laguntza ekintzak. Informazio hori dagoeneko kirol erakundeei bidali zaie eta haiekin lanean ari gara:

1. Hemendik aurrera, kirol erakunde guztiek ezarritako protokoloa aplikatu behar dute, eta beren protokoloa garatu ahal izango dute, edozein indarkeria mota detektatzeko eta, hala badagokio, nola jokatu jakiteko.
• Protokolo propioa garatu ahal izan dezaten, eredu bat landu dugu, erakundeen gidari izango dena eta dagoeneko haien esku jarri dena.
2. Erakundeek pertsona bat izendatu beharko dute babes ordezkariaren zereginetarako. Pertsona jakin bat, lider izateko, koordinatzeko eta protokoloa betetzeko eginkizuna esleituta duena.
3. Legeak prestakuntza espezifikoa jasotzera behartzen ditu adingabeekin ohiko harremana duten pertsona guztiak. Horregatik, Kirolaren Euskal Eskolarekin batera, Foru Aldundiak eta Eskolak berak osorik ordaindutako bi prestakuntza maila eskainiko dira.
• Adingabeekin ohiko harremana duten pertsona horientzako hasierako maila. Sentsibilizazio ikastaroa
• Aurreratua babes ordezkarientzat
4. Adingabeekiko betebeharrak betetzea errazteko baliabide horiei guztiei harremanetarako zerbitzu irekiak gehitzen zaizkie:
• “Zure Taldekoak Gara” zerbitzua: erakundeek kirolaren eremuan sexu jazarpenari, sexu abusuari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko informazioa eta arreta emateko jarri duten telefono espezializatua, arazo hori pairatzen ari diren biktimentzat, baina baita haien ingurukoentzat, federazioentzat, klubentzat eta elkarteentzat ere. Tel.: 688 671 000
• Foru Aldundiaren Kirolaren webgunean informazio guztia dago jarrita, baina baita Zain-en telefonoa ere, behar duten erakundeei aholkuak emateko eta betebeharren ezarpenari buruzko zalantzak argitzeko. Tel.: 631 089 069
• “Zeuk Esan” telefonoa, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzako Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Zerbitzuaren telefonoa. Tel.: 116 111
• Eta, jakina, beste kontaktu batzuk, hala nola Kirolaren Euskal Eskola, Arabako Foru Aldundiaren Kirol Zerbitzua edo erakundeekin lan egin duten haurren eta nerabeen aholkularitzarekin lotutako erakundeak.
Hemen aurki daitezke guztiak: https://web.araba.eus/es/deporte/plan-integral-proteccion-infancia-y-adolescencia-frente-a-la-violencia.
Kirolarekin lotutako indarkeriaren sailkapena eta adibideak
Protokoloak mota guztietako indarkeriak prebenitu, detektatu eta horietan espezifikoki esku hartu nahi du. Indarkeria horiek hiru motatakoak izan daitezke:
1. Nork bere buruari eragindako indarkeria
2. Pertsonen arteko indarkeria
3. Testuinguru indarkeria
Erantsitako taulan bakoitzaren adibideak ikus daitezke.

Foru Aldundia Kirola

Prentsa oharra

Jaitsi