Arabako enplegu anezkak ekuatorera iritsi dira, eta lehen laneratzeak erregistratu dituzte - arabapress
Arabako enplegu anezkak ekuatorera iritsi dira, eta lehen laneratzeak erregistratu dituzte
Zazpi parte hartzaile lanean ari dira dagoeneko, zenbait sektoretan



Gasteiz, 2023ko otsailaren 7a. - Gasteizko enplegu anezkek (2) eta Laudiokoak topaketa bat egin dute gaur, lan bilaketa aktibo, berritzaile eta kolaboratiboko lehen hilabete hauetan izandako esperientziak partekatzeko. Une honetan, erdialdera iritsi da programa hori, eta lehen laneratzeak erregistratu ditu: zazpi parte hartzaile lanean ari dira dagoeneko zenbait sektoretan.
Arabako enplegu anezken topaketa gaur goizean egin da CETICeko ekitaldi aretoan, eta han izan dira Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua, Igor Salazar Gasteizko Udaleko Prestakuntza eta Enpleguko zinegotzia, Ander Añibarro Laudioko alkatea eta Sonia González enplegu anezken programaren lurraldeko koordinatzailea.
Cristina Gonzálezek “babesa eta adorea” helarazi die enplegu anezketako kideei, eta zera nabarmendu du programari buruz: “Azken sei urteetan lortutako emaitza onen bermea du, batez beste % 60ko laneratze tasa izan baita. Gonzálezek nabarmendu du talde horietan hasi ziren zazpi pertsona, lau emakume eta hiru gizon, dagoeneko lanean ari direla zenbait sektoretan, hala nola industria ingeniaritza eta ekoizpenean, ostalaritzan, merkataritzan edo administrazioan.
Araban programa kudeatzen duten Santa María la Real Fundazioko teknikari Leyre Sanz, Saioa Orozco eta Elena Magazek azaldu dutenez, erregistratutako lehen laneratze horien ondoren, hiru enplegu anezketan 44 parte hartzaile daude gaur egun: langabezian dauden 30 emakume eta 14 gizon dira partaideak; 22 eta 60 urte bitartekoak dira denak, eta prestakuntza maila desberdinekoak (DBH, lanbide heziketa, batxilergoa eta unibertsitate ikasketak).
Haietako batzuk lehen lanaren bila ari dira; beste batzuk, ordea, beste lan aukera bat lortu nahi dute, beste sektore batzuetan urteetako esperientzia pilatu ondoren, hala nola administrazioan, lorezaintzan, metalgintzan, ingeniaritzan, marketinean, turismoan, bezeroen arretan, ostalaritzan edo ingurumenean. Gasteiz 1eko teknikari Leyre Sanzek azaldu duenez, “Anezka ikaskuntzarako gune bat balitz bezala bizitzen ari dira, esperientziak partekatu, ezagutzak sakondu eta enplegua bilatzeko tresna berriak eskuratzeko espazio gisa”.
“Aste hauetan, aldarte eta jarrera aldaketa handia nabaritu da, lan eta adiskidetasun giro ona sortu dute eta elkarrekin borrokatu dira beren lanbide eta lan arloko helburuak betetzeko”, erantsi du Elena Magaz Laudioko anezkako teknikariak.
Gasteiz 2ko teknikari Saioa Orozcok, bestalde, adierazi du ahalduntze prozesu garrantzitsu bat eta beren langabeziaren errealitatea interpretatzeko beste modu bat ikusten dituela. “Adinkeriak, esperientziarik ezak edo seme-alabak hazteko urte askoan lan merkatutik kanpo egon izanak gero eta pisu gutxiago dute beren argudioetan, eta orain arte aintzat hartu ez zituzten aukera eta indargune berriak lekua hartzen ari dira”.
Protagonistek hitz egin dute
Jarraian, zenbait parte hartzailek hartu dute parte, esperientzia hori nola bizi duten azaltzeko eta egindako jardueren berri emateko: adimen emozionaleko dinamikak lan prospekzioko plan bat garatzen ikasteko, curriculuma eguneratzea, lana bilatzeko tresna digital berriak ezagutzea...
Horiei, datozen asteetan, beste batzuk gehituko zaizkie, hala nola elkarrizketen entseguak egitea, hautaketa prozesuetan segurtasun eta erraztasun handiagoz aritzeko; enplegagarritasun mapak egitea interesatzen zaizkien enpresekin, eta haietara bisitak egiteko egutegia prestatzea; eta enplegu azoketara, biltzarretara eta profesionalen topaketetara joatea, beren burua ezagutzera emateko eta harreman sarea handitzeko, eta gizarteratzea sustatzeko.
Fundazioaren Enplegu Arloko zuzendari Natalia Serranok, topaketaren amaieran, programaren aurreko edizioen emaitzen xehetasunak eman ditu: 307 pertsonak parte hartu zuten, eta 157k besteren konturako lana aurkitu zuten hainbat sektoretan; 5ek autoenpleguaren alde egin zuten eta beren negozioa jarri zuten abian; eta 31k profesionaltasun ziurtagiriak egin zituzten lan praktikekin, hau da, % 62,8k lan hobekuntza izan zuten.
“Zorionak eman nahi dizkiet parte hartzaileei, esan dituzten hitzengatik, duten jarreragatik eta eraldaketa pertsonal eta profesionaleko prozesu hau bizitzeko duten ilusioa helarazteagatik. Espero dut emaitzak oso laster iristea eta ditugun aurrekari on horiek berdindu edo gainditu ahal izango dituzuela”, gaineratu du.
Enplegu anezken programa Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak bultzatzen dute, eta Lanbideren eta Gasteizko eta Laudioko udalen laguntza dute.

