Foru Aldundia | 2022 03 22

Gasteizko eta Laudioko enplegu anezkak ehuneko 56ko laneratzearekin amaitu dira

Cristina González: "Programa honi jarraipena emango diogu, enplegu politika aktibo eraginkorrak behar ditugulako ziurgabetasunak markatutako egoera honetan"

Gasteiz, 2022ko martxoaren 22a.- Gasteizko (2) eta Laudioko enplegu anezken seigarren edizioaren laneratze indizea % 56 izan da. Guztira, 50 pertsonak parte hartu du azken bost hilabeteetan enplegu bilaketa aktiboko talde horietan: emakume eta gizon horietatik 24 besteren kontura ari dira lanean, beste pertsona batek ekintzailetza aukeratu du eta beste 3 profesionaltasun ziurtagiriak egiten ari dira lan praktikekin.  

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak emaitza horien balantze "positiboa" egin du, eta berretsi du programa horrek jarraitzen duela 2022ko bigarren zatian. "Ziurgabetasunak markatutako abagunean gaude, eta inoiz baino gehiago behar ditugu enplegu politika aktibo eraginkorrak, langabezian dauden arabarrei lanpostu bat aurkitzen laguntzeko. Eta enplegu anezkak hala dira"

Arabako enplegu anezkak joan den urrian jarri ziren martxan, Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak bultzatutako lan orientazioko eta langabeziaren aurkako programa berritzaile gisa. Guztira, 50 langabe daude, prestakuntza maila eta lan ibilbide desberdinak dituzten 21 eta 60 urte bitarteko 35 emakume eta 15 gizon, eta aktiboki parte hartu dute lan bilaketa aktibo eta kolaboratiboko talde horietan.

Ordutik, parte hartzaileek jarduera egutegi oso bat egin dute beren lan bilaketa berraktibatzeko eta optimizatzeko, Santa María la Real Fundazioko enplegu teknikarien aholkularitzarekin eta laguntzarekin: autoezagutzako eta adimen emozionaleko lantegiak egitea bilaketa planifikatzen eta helburuak bideratzen ikasteko; curriculumak eguneratzea eta modernizatzea; lan elkarrizketen simulazioak eta taldeak hautatzeko prozesuak egitea, eta abar.

Gainera, zeharkako gaitasunak eta trebetasun digitalak indartu dituzte, komunikazioko, marketineko eta marka pertsonaleko teknika berriak ikasi dituzte, eta enpresa sarearekin harremanetan jarri dira.

Programaren seigarren edizioak aurreko urteetako emaitza onak lortu ditu, % 56ko laneratzea hain zuzen. Horiek horrela, 50 parte hartzaileetatik 24k besteren konturako lana aurkitu dute hainbat sektoretan (administrazioa, mantentze lanak, ekoizpen industriala, geriatria, estetika…), beste batek marketineko bere negozioari ekin dio eta beste 3 "profesionaltasun ziurtagiriak" ikasten hasi dira, lan praktikekin.

Jarreraz aldatzea

Anabela Runak, Elena Magazek eta Julieta Reynosok, anezken teknikari arduradunek, bereziki nabarmentzen dute parte hartzaileen jarrera aldaketa. "Anezkena programa eraldatzailea da. Ez dira urrian hasi ziren pertsona berak; orain beste jarrera positibo bat dute, ezagutzak, zeharkako gaitasunak, trebetasun digitalak eta kontaktu profesionalen sarea dituen motxila bat, beren lan etorkizuna eraikitzen jarraitzeko".

"Oso esperientzia baliotsua izan da, bai lan arloan, bai eremu pertsonalean. Irakatsi digu nola egin behar diogun aurre enplegu bilaketari, indartze pertsonalaren bidez, lan orientazioko tresna espezifikoekin, segurtasuna eta norberarenganako konfiantza garatuz eta jarrera berri baten edukiz. Zalantzarik gabe, langabezian dauden beste pertsona batzuei gomendatzen diet", azaldu du Gasteizko Enplegu Anezkan parte hartu duen Sara Quintanak.

Unai Pagaldayk, beste parte hartzaile batek, gomendatzen die programa hau "lanbide arloan zein arlo pertsonalean eskalatzeko prest sentitzen diren pertsona guztiei ere, enplegagarritasuna nabarmen handitu dugulako eta erronka berriei aurre egiteko tresna gehiago ditugulako"; bere ikaskide Arrate Agirrezabalek, berriz, ziurtatu du anezkak "segurtasuna, konfiantza eta nire ikaskide eta nire enplegu teknikariaren laguntza handia eman didala".

"Onerako harritu nau, uste nuen lan eskaintzak partekatzeko lekua izango zela, baina neure burua hobeto ezagutzeko, nire profil profesionala baloratzeko eta nola proiektatu jakiteko denbora ere izan da. Asko ikasi dut eta orain baliabideak dauzkat enplegu bilaketa eraginkorragoa izan dadin", adierazi du.

Bestalde, Miren Arbide Laudioko anezkako parte hartzaileak "ikaskuntzaz eta autoaurkikuntzaz betetako esperientzia bati buruz" hitz egiten du. "Anezkak lagundu digu geure burua hobeto ezagutzen, dakigun guztia baloratzen, tresna berriak aurkitzen eta ezagutzen genituen beste batzuk hobetzen. Eta, nire ustez, garrantzitsuena da aukera eman digula gure egoera berean dauden eta lotura paregabea sortu ahal izan dugun pertsonak ezagutzeko".

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak finantzatu du Gasteizko eta Laudioko enplegu anezken garapena; Santa Maria la Real Fundazioa, berriz, haiek antolatu eta gauzatzeaz arduratu da. Hiru enplegu anezka hauek Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak langabeziaren aurka borrokatzeko daukan estrategiaren zati bat dira. Estrategia horren finantzaketan Lanbidek ere parte hartu du.

Foru Aldundia Enplegu sustapena Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi