Zerga sistema berdeko zerga neurri berriak aurtengo ekitaldiaren likidazioan sartu ahalko dira - arabapress
Zerga sistema berdeko zerga neurri berriak aurtengo ekitaldiaren likidazioan sartu ahalko dira
Neurri horiek aurtengo urtarrilaren 1etik aurrerako eragina izango dute, eta baso ustiapenen garapen jasangarria, lanerako joan-etorriak bizikletaz egitea eta ibilgailu elektrikoak eta energia jasangarriak erabiltzea sustatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 8. Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatu Itziar Gonzalok ingurumenari loturiko zerga neurrien eta Foru Gobernu Kontseiluak onetsi berri dituen bestelako zerga neurrien foru arau proiektuaren berri eman du gaur Batzar Nagusietan.
Gobernu Kontseiluak ingurumena eta garapen jasangarria hobetzeko zerga neurri berriak dakartzan foru arau proiektu bat onetsi du gaur. Neurri horiek lotura dutenez errentaren, sozietateen eta ondare eskualdaketen gaineko zergekin, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako eragina izango dutenez, aurtengo ekitaldiaren likidazioan sartu ahal izango dira.
Neurriek lotura dute errentaren, sozietateen eta ondare eskualdaketen gaineko zergekin, eta honako hauek sustatu nahi dira haien bidez: baso ustiapenen garapen jasangarria, lanerako joan-etorriak bizikletaz egitea eta ibilgailu elektrikoak eta energia jasangarriak erabiltzea.
Basoen kudeaketaren arloan, aitorpenetik salbuetsita izango dira baso ustiapenak modu jasangarrian kudeatzen dituztenei emango zaizkien dirulaguntzak. Halaber, baso ustiaketa jasangarria egiten dutenei jarduera ekonomikoaren etekin garbiaren % 10eko murrizketa berezia ezarriko zaie. Era berean, eta arlo horren barruan, ondare eskualdaketen gaineko zergatik salbuetsita izango dira basoak modu jasangarriagoan kudeatzea ahalbidetzen duten aldameneko finken erosketak.
Mendien kudeaketaren ardura duen sailaren ziurtagiria eduki beharko da bai dirulaguntzak salbuesteko, bai etekin garbiaren kalkuluan murrizketa ezartzeko, ondare eskualdaketen gaineko zergatik salbuetsita egoteagatik.
Foru arau proiektuan neurri bat jaso da, autonomoek eta enpresek energia bigunak erabil ditzaten sustatzeko. Hemendik aurrera, teknologia garbietako inbertsioen zerga tratamendua hobetuko da, eta sozietateen gaineko zergan kenkaria ezartzeko urteko muga zabalduko da, % 35etik % 50era.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, aipatutako neurrien bidez bultzatu nahi da langileek bizikleta erabiltzea lanerako joan-etorrietan. Bizikletaren erabilera ez da gauzazko lan etekintzat hartuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
Bestalde, enpresentzat % 10eko kenkaria ezarri da sozietateen gaineko zergan hiriko bizikletak erosteagatik, elektrikoak barne, langileek etxetik lanera eta alderantziz egiten dituzten joan-etorrietan erabiltzeko.
Bateriako ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko, handitu egingo da ibilgailuak erabiltzeagatiko gastu onargarrirako erreferentziazko zenbatekoa, 25.000 eurotik 35.000 eurora, betiere ibilgailu horiek jarduera ekonomikoaren garapenari erabat atxikita badaude.
Ildo horretan, foru arau proiektuak kenkaria ezarri du sozietateen gaineko zergan ibilgailu elektrikoen kargaguneak instalatzeko inbertsioak egiten dituzten enpresentzat. Kenkariaren oinarria honako hauetan egindako inbertsioaren zenbatekoa izango da: obra zibila, instalazioak, kableak eta konexio puntuak, kargaguneak abian jartzeko beharrezkoak direnak.
Garapen jasangarriari loturiko zerga pizgarrien beste neurri bat da % 10eko kenkaria izango dutela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan pertsonek beren ohiko bizilekuko autokontsumorako energia jasangarria sortzeko kooperatibei egiten dizkieten ekarpenek.
Foru arau proiektuaren bestelako zerga neurrien kapituluan, erregela berezi bat ezarri da, 2020ko ekaineko kazkabar erauntsiak mahastietan eragindako galerak direla eta nekazaritzako aseguruetatik jasotako ordainen aitorpenerako.