Foru Aldundia | 2022 05 05

Kontrastako araztegiko obrak aurreikusitako epeetan egiten ari dira aurrera, eta Aldundiak urtearen amaierarako martxan jartzea aurreikusten du

Estazio berriak bi isurketa puntuak bakar batean bateratuko ditu, behin betiko konponbidea emateko arazketaren egungo arazoari

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 5a. Ingurumen Saileko foru diputatu Josean Galera Kontrastara hurbildu da gaur goizean, jakiteko zein egoeratan dagoen udalerriko araztegi berria eraikitzeko obra.

Foru arduradunaren iritziz, “lanak epearen barruan daude, eta horrek aukera emango du azpiegitura hidrauliko hori urte amaierarako edukitzeko eta hondakin uren arazoari irtenbidea emateko. Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako esparru akordioan Aldundi honek hartutako konpromisoa da, zeinaren bidez erabaki baikenuen hobetzea Haraneko hondakin uren arazketa sistema, eta jarduera honekin osatuta geratuko da”.

Araztegi berri hau iparraldeko isurialdeko hobi septikoaren ondoan dago, eta Kontrastako hondakin uren egungo arazketa sistema ordezten du. Sistema horrek bi arazketa sistema ditu, dekantazioa bakarrik duten hobi septikoetan oinarrituak, eta haietako bakoitza beste isurialde batean kokatuta, biztanleria dagoen orografiaren ondorioz.

Estazio berriak bi isurketa puntuak bakar batean bateratuko ditu, behin betiko konponbidea emateko arazketaren egungo arazoari; hartara, ez da isuriko egun Ullara-Biarra errekara (Larrondoa ibaira isurtzen da) isurtzen dena, zeinak erregimen irregularra baitu eta udan lehor geratzen baita, eta horrek isuritako efluentearen autoarazketa ahalmen txikiagoa dakar.

Azpiegitura hau eraikitzeak ponpaketa estazio bat egitea aurreikusten du, hondakin urak hegoaldeko isurialdetik iparraldera eramateko. Estazio horretan, egungo hobi septikotik gertu, arazketa sistema berria jarriko da, iragazki berde bertikalen teknologian oinarritua.

Sistema horien bidez, besteak beste, ihiak landatzen dira, haien errizomek eta sustraiek iragazkia aireztatzea eta homogeneizatzea ahalbidetzen baitute, eta horri esker, hondakin uren arazketan mantentze kostu txikiagoa izango da eta instalazioa hobeto integratuko da paisaian. Zehazki, bi mailatan kokatutako arazketa putzuen bi lerro instalatzea aurreikusi da, 2.500 m2 inguruko azalera okupatuz.

Obren barruan sartzen dira, halaber, ponpaketa estazio berrira sartzeko bidea hobetzea eta hiriguneko euri urak ibilgu publikora arte biltzen dituen euri uren kolektorea luzatzea.

Aurreko urteetan, Foru Aldundiak dagoeneko egin ditu Done Bikendi Haraneko araztegiaren obrak, bai eta Uribarri Haraneko, Aldako eta Done Bikendi Haraneko kolektore sarea ere. Beraz, gaur egun egiten ari diren obrekin amaiera emango litzaioke Haraneko hondakin uren arazketaren hobekuntzari, zeinaren inbertsioa 3.508.183 euro baita.

“Hobekuntza hori eginda, beste urrats bat eman da hondakin urak ibilgu naturaletara itzuli aurretik behar bezala tratatzeko Aldundiak hartutako konpromisoan. Horrela, Arabako ur masen egoera hobetzearen aldeko apustua egin da, zeinak baitira lehentasunezko espezie ugariren edo galzorian daudenen bizitokiak” nabarmendu du Josean Galerak.

Foru Aldundia Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi