Garapen ekonomikoa eta inbertsioa | 2021 03 16

Arabako ekintzaileek martxoaren 31ra arte dute beren proiektuak aurkezteko "Zure ideiak balio du" lehiaketaren 17. Edizioan. 11.000 euro baino gehiago emango dituzte saritan

  • Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten pertsonek beren ideia edo proiektuaren laburpen bat baino ez dute aurkeztu behar, gehienez ere 5 foliokoa, 10 kategorietako edozein sari eskuratzeko.
  • Proiektu finalisten hautaketa apirilean iragarriko da, lineako ekitaldi baten bidez, eta urriaren hasieran Gasteizen egingo den Ekin Day ekimenaren barruan jakingo da nortzuk diren irabazleak.

Araba Ekinean programaren erakunde bultzatzaile diren Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI eta BIC Araba taldearen bidez) eta Vital Fundazioak  gogorarazi dute bi aste baino ez direla falta "Zure ideiak balio du" lehiaketaren 17. ediziorako ideiak eta proiektuak aurkezteko epea amaitzeko. Lehiaketa horrek lurraldeko ideia eta proiektu ekintzaile onenak saritzen ditu, eta kategoria berri bat gehitu du, egungo krisitik irteteko irtenbide hobeak eskaintzen dituen ekimena saritzeko. Guztira 10 sari izango dira, eta guztira, 11.000 euro baino gehiago saridunentzat. Sariak honako hauek dira:

  • Ideiarik onenaren On4U saria. 500 euro.
  • Ideiarik jasangarrienaren Aclima saria. 500 euro.
  • Merkataritza eta turismoko Gasteiz ON saria. 1000 euro.
  • Nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria. 1000 euro.
  • Industria arloko ekimen onenaren Michelin saria: 1000 euro.
  • Zerbitzuen sektoreko ekimen onenaren Ferrovial saria: 1000 euro.
  • Enpresa arloko eraldaketa sozialaren RPK sari berezia: 1000 euro.
  • Krisialditik ateratzeko irtenbide eraldatzaileen Vital Fundazioa saria: 1.000 euro.
  • Berrikuntzako Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emana proiekturik berritzaile eta eskalagarrienari. Saria: plaza bat hurrengo Bootcamp Metxa-rako, 4.000 euroan balioztatua.
  • Ikusleen sari berezia: Ideia finalisten azken aurkezpenera joango diren ikusleen artean aukeratua. 300 euro.

Zehazki, hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 31n, asteazkenean, amaituko da, 14:00etan. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsulta daitezke, baina azpimarratu behar da hautagaiek 5 orri baino gehiago ez dituen memoria labur bat aurkeztu behar dutela beren proiektu ekintzailea azaltzeko. Lurraldeko eragile ekintzaileek osatuko dute epaimahaia, eta datorren apirilean aukeratuko dituzte finalistak. Aurten, berrikuntza gisa, finalista horiek zuzenean emango dira ezagutzera apirilean egingo den lineako ekitaldi batean, lehiaketa irabazi duten eta gaur egun enpresa arrakastatsuak eta finkatuak diren erreferentziazko proiektu batzuekin batera. Ezin dugu ahaztu 700 ekimen baino gehiago igaro direla lehiaketa honetatik. Horietako batzuk albiste izan dira orain dela gutxi, esaterako Corowai, 2019an jasangarritasun eta publiko kategoriak irabazi zituen zuhaitzetako egurrezko txabolen proiektua, "Green Product Awards" delakoetan finalista izan dena. Aurrekoaz gain, finalista dugu Alias Robotics enpresa arabarra ere, zibersegurtasun laborategi bat eraikiko duena Alemanian, Telefonicarekin batera.

Finalistek irailaren 29an Europa Jauregian egingo den ekitaldi irekian aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta urriaren 5ean egingo den Ekin Day jaialdiaren barruan jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren. Lehiaketa honen iazko edizioan 43 proposamen aurkeztu ziren, eta lehiaketaren antolatzaileek aurtengo lehiaketan parte hartzera animatu nahi dituzte ideia edo proiektu ekintzaile bat duten pertsona guztiak. “Haien parte hartzea bultzada handia izan daiteke beren proiekturako; halaxe izan zen garai batean beste ekimen batzuetarako, adibidez, lehenago aipatutakoetarako”, nabarmendu zuten. Araba Ekinean erakundea hasita dago lehiaketa honetarako hainbat hautagaitza jasotzen, hainbat sektoreri eragiten dieten proiektuak proposatzen dituztenak.

Garapen ekonomikoa eta inbertsioa Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Berrikuntza

Prentsa oharra

Jaitsi