Kultura | 2021 05 28

Martiodako erlikiak Arte Ederren Museoan izango dira ikusgai urtarrilera arte

Zaharberrikuntza Zerbitzua ia sei urtez aritu da Martiodako Done Joan Ebanjelariaren elizako erlikia multzo paregabea aztertu, kontserbatu eta zaharberritzeko lanak egiten.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 28a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren menpe dagoen Zaharberrikuntza Zerbitzuak sei urte baino gehiago eman ditu Martiodako Done Joan Ebanjelariaren elizako erlikia multzo paregabea aztertu, kontserbatu eta zaharberritzeko lanak egiten eta, orain, publikoak hartaz gozatzeko aukera izango du Arabako Arte Ederren Museoan. Kultura eta Kirol Saileko diputatu Ana del Val inaugurazioan izan da, baita Zaharberrikuntza Zerbitzuaren burua, Cristina Aransay, ere.

Tebastar legioaren edo tebeoen eta Santa Ursularen segizioko birjinen erlikia multzoa hauek osatzen dute: erlikia altzari bat, beira arasak eta erretaula bat, zeinak guztira 17 burezur, aldaka zati bat, hainbat hezur luze osorik eta zati txiki pila bat baititu, guztiak gizakien hezurrak, brodatu eta parpailak dituzten oihalezko apaingarriekin. Hezur gehienetan paperezko txartelak daude, eskuz idatzita, hezurra zein santurena den zehazten dutenak. Lanak Martiodako Done Joan Ebanjelariaren elizako sakristian zeuden, eta Aldundiko egoitzara eraman zituzten 2015ean, zaharberritze tratamendua hasteko.

“Zaharberrikuntza Zerbitzuak gaur aurkezten dugun erlikia multzoa hartu zuenean, kontserbazio egoera oso kaskarra zen”, azaldu du Ana del Val foru diputatuak. “Baina gaur, ia sei urteko etengabeko lanaren ostean, Arabako ondarearen obra paregabe hau miretsi dezakegu, ahanzturatik salbatu eta dagokion balioa eman baitzaio. Gaur egun, mundu osoko monasterio eta eliza kristauetan aurki ditzakegu hezurren erlikiak, baina Martiodakoa bildumarik ugarienetako eta interesgarrienetako bat da, eta egindako zaharberritzeari eta azterlanei esker, gure bildumetako elementurik erakargarrienetako bat izango da, zalantzarik gabe, eta horrek ziur bisita asko ekarriko dituela aurten”.

Historian zehar, erlikiak kapital sinboliko garrantzitsua izan dira, bai debozioari dagokionez, bai gizarteari eta politikari dagokionez. Gauza sakratuak eduki eta kontrolatzen zituztenen prestigioa handitu egiten zen. Litekeena da multzo honetako piezak Hurtado de Mendoza sendiarenak izatea, Austriarren gortean nazioarteko diplomazian aritzen zen arabar leinu garrantzitsuarenak. Familiako zenbait kidek Bruselan lan egin zuten eta bertan bizi izan ziren XVII. mendearen erdialdean, eta, agian, Martiodara itzultzean, zalantzarik gabe flandestarrak diren objektu horiek ekarri zituzten.

Hezurrak Santa Ursularen segizioko birjinen eta tebastar legioko soldaduenak dira. Baina garrantzitsuena ez da erlikiak izatea, baizik eta erlikia ontziak. Erlikiaren balio espirituala erlikia ontziak artelan gisa duen balio materialarekin berresten da, forma eta zentzua  eta sinbolismoa ematen baitizkio. Erlikietako batzuk XVII. mendearen lehenengo erdialdean egindako oihalekin daude apainduta. Metal preziatuzko hariekin brodatutako oihal aberatsak dira, lore marrazkiak eta letrak dituztenak.  Beste batzuk landare itxurako apaingarriz apaindutako markoetan daude.

Cristina Aransayren esanetan, “Martiodako giza hezurrak hainbat material desberdinez estalita eta apainduta daude: batzuk oihal xumeak dira, baina gehienak kolore biziko oihal aberatsak dira, zilarrez, alez eta lentejuelaz brodatuak. Bestelako apaingarriak ere badira: zetazko loreak, argizaria, papera edo metala. Lanak egin bitartean, paper zatiak (inprimatuak zein eskuz idatziak) eta pergaminoak ere aurkitu dituzte, betegarri edo forru gisa edo santuen hezurrak identifikatzeko erabilitakoak. Erlikiak, duela hainbat mendetatik egon dira ikusgai, ondo zaindutako urre koloreko eta polikromatuko zurezko beira arasa edo erretaula baliotsuen barruan, eta horri esker, begiratu egin zitezkeen”.

Zaharberrikuntza Zerbitzuaren arduradunaren esanetan, “Material eta euskarri desberdin ugari zeudenez, kontserbazio egoerak ere askotarikoak ziren eta, hori dela eta, talde proiektu handia izan da, oso ondo planifikatutako metodologia zientifikoaren arabera antolatua. Diziplina anitzetatik egin da lan, eta, multzoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko lanak ez ezik, beste asko ere egin dira: dokumentazio grafiko eta fotografiko sakona; ikerketa historiko, artistiko, teknologiko eta dokumentala; azterketa botaniko eta antropologikoak; azterketa erradiografikoak eta eskanerraren bidezkoak; materialak identifikatu eta konposatzeko analisi fisiko-kimikoak; datazioak, eta abar. Horretarako, Zaharberrikuntza Zerbitzuak kanpoko espezialisten laguntza ere izan du, eta eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik eta haiei esker ikasitakoagatik”.

Zaharberrikuntza Zerbitzuak diziplina askotako lantalde profesionala koordinatu du, arlo hauetako adituek osatua, besteak beste: zaharberrikuntza eta kontserbazioa (ehunak, hezurretako materiala, metalak, pintura geruzak, zura, etab.), antropologia, dokumentazioa, historia eta botanika. Adituek irizpide hauei jarraitu diete: osotasun historiko, fisiko eta estetikoa errespetatzea, ahalik eta gutxien esku hartzea, prebentziozko kontserbazioa lehenestea eta ahalik eta informazio gehien biltzea dokumentazio sakonaren eta analisiaren bidez.

Hala, hainbat azterlan egin dituzte, eta laster emango da argitara lortutako emaitza ugariak aztertu, antolatu eta egituratuko dituen argitalpena, egindako lana askoz ere zehatzago erakusteko. Hauek dira egindako azterlanak: dokumentazio grafikoa eta fotografikoa, UV luminiszentzia ikusgai induzitua, erradiografia eta eskanerra, erradiokarbono bidezko datazioa, materialak identifikatzea, azterketa antropologikoa, identifikazio botanikoa, filigranak identifikatzea eta zigilugrafia.

Kontuan izan behar da lanek intsektuen, onddoen eta karraskarien eraso larriak zituztela. Gainera, deformazioa, hutsak, korrosioa eta zikinkeria geruza handia zuten, mendeetan zehar pilatuak. Zientzia eta teknika azterlanak hasteko, argazkiak egin zituzten argi mota ezberdinak erabiliz. Jarraian, X izpien eta eskanerraren bidezko azterlanak egin zituzten. Bestalde, tratamenduaren aurretik eta hark iraun bitartean, 40tik gora lagin hartu zituzten, eta horiek materialak identifikatzeko, fabrikazio teknikak aztertzeko eta margo geruzen, argizarien, lakreen, estalduren, paperen, metalen, ehunen eta hezurren datazio azterlanak egiteko erabili zituzten. Hezur hondakinen antropologia azterlana ere egin dute, aurkitutako landare osagaien azterlan botanikoa eta burezur batzuetan eta tibia, humero eta femurretan aurkitutako lakreen zigilugrafia azterlana.

Kultura Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi

Eskuorria

Jaitsi