Arabako egoitzek normaltasuna berreskuratuko dute bihartik aurrera, irteeren eta bisiten gaineko murrizketak amaitzearekin batera - arabapress
Arabako egoitzek normaltasuna berreskuratuko dute bihartik aurrera, irteeren eta bisiten gaineko murrizketak amaitzearekin batera
Osasun larrialdia amaitu ostean zentro soziosanitarioetan hasiko den garai berriaz hitz egin du Emilio Sola foru diputatuak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 6a. Adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzek normaltasuna berreskuratuko dute bihartik aurrera, Lehendakariaren Dekretua indarrean sartzen denean. Dekretu horrek adierazten du amaitu dela Euskadin Covid-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko osasun larrialdiko egoera.
Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gaur goizean iragarri du, Arabako Batzar Nagusietako kontroleko osoko bilkuran, osasun larrialdiko egoera amaitzeak baliorik gabe utziko dituela egoiliarrak bisitatzeko eta irteteko aukerari mugak ezartzen dizkioten indarreko foru aginduak.
Murrizketa horiek, beraz, amaitu egingo dira bihartik aurrera, nahiz eta foru diputatuak gogorarazi duen indarrean jarraitzen duela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren zentro soziosanitarioetan Covid-19tik babesteko protokoloak (abuztuaren 23koa), harik eta protokolo horren eguneraketa edo beste arau elementu batzuk xedatzen diren arte.
Protokolo horretan oinarrituta, beraz, indarrean jarraitzen dute protokoloan bertan aipatzen diren prebentzio neurriek, hala nola egoitzetara sartzen diren pertsonek maskarak erabili beharra eta egoiliarrek erabiltzeko gomendioa, kontraindikaziorik ezean, bereziki bisitariekin harremanetan daudenean; sektorizazio neurriak; pertsonen arteko 2 metroko distantzia, eta egoitza zentroetako sarbideen eta edukieren kontrola.
Emilio Sola diputatua pozik agertu da bisitak eta irteerak normalizatuko direlako eta Arabako egoitzetan ez dagoelako kasu positibo bakar bat ere. “Azken 18 hilabeteotan amestu dut egoera honekin”, adierazi du.