Foru Aldundia | 2023 03 20

Geoaraba erakusketa Gasteizera iritsiko da, Foru Aldundiaren atari geografikoa ezagutarazteko

Geoarabak batez beste hilean 15.000 bisita izaten ditu, eta gehien kontsultatutako zerbitzuak oinarrizko lurralde informazioarekin eta kartografiarekin nahiz ortoirudiekin lotutakoak izaten dira, eta, ondoren, katastroko informazioa, nekazaritzakoa eta natura ondarearekin lotutakoa

Gasteiz, 2023ko martxoaren 20a. Geoaraba erakusketa Gasteizera iritsiko da, Foru Aldundiaren atari geografikoa eta hainbat gairi buruz kontsulta daitekeen arloko informazio guztiaren edukia ezagutarazteko. Martxoaren 22tik apirilaren 2ra arte izango da Probintzia plazan aurretik lurraldeko hainbat herritan (Izarra, Laudio, Agurain, Kanpezu, Guardia eta Ribabellosa) ikusgai izan den erakusketa ibiltaria.

Geoaraba egitura birtual bat da, eta datu geoerreferentziatuen eta Internet bidez eskura daitezkeen informazio geografikoko zerbitzuen multzo bat eskaintzen du. Erabiltzaile mota guztientzako tresna da, eta askotariko eremuekin lotutako informazio teknikoa eta kalitatezkoa du, hala nola oinarrizko kartografiarekin, administrazio barrutiekin, hirigintza edo katastro informazioarekin, eta abarrekin lotutakoa.  

Atari geografikoak batez beste 15.000 bisita izaten ditu hilean, hau da, 500 bisita egunean. Gehien kontsultatutako zerbitzuak oinarrizko lurralde informazioarekin eta kartografiarekin nahiz ortoirudiekin lotutakoak izaten dira, eta, ondoren, katastroko informazioa, nekazaritzakoa eta natura ondarearekin lotutakoa.

Erakusketak Geoaraban eskuragarri dauden funtzionalitateen berri eman nahi du modu errazean, bai eta bertan argitaratutako askotariko informazio ugariaren edukiaren berri ere. Horretarako, dibulgazioko hainbat eduki aurkezten ditu 4 erakustoki dituzten 8 kubo eta guztira 32 panelen bidez.

Lehenengo kuboan web tresnaren funtzionalitateei buruzko informazioa dago. Gainerako zazpi kuboek, Arabako Lurralde Historikoko kuadrilla bakoitzeko bat, hainbat gai jorratzen dituzte, eta dagokien kuadrillako adibideekin azaltzen dituzte. 

Paneletan, erabilgarritasun desberdinez gain, atarian informazio geolokalizatua ikusgai jartzen duten Foru Aldundiko sailen informazioa jasotzen da. Horren adibide dira kartografia, ortoirudiak, bide azpiegiturak, parke naturalak, ibilbide berdeak, kultura ondarea, katastroa, gizarte zerbitzuak, hirigintza eta lurralde plangintza, mendiak, ehiza eta arrantza, zerbitzu sareak, industria eremuak, toki administrazioa, etab.


Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuaren esanetan, gazteei tresna horren berri ematea ere helburua da Foru Aldundiarentzat, eta, horretarako, 2023-2024 ikasturtean ere ikastetxeetan zabaltzeko kanpainarekin jarraituko dute.

 Jarduera horren bidez, DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek mapekin eta geolokalizazioarekin lotutako informazio digitalean trebatzeko aukera dute. Aurten, aurreko urtean bezala, bideo bat argitaratu dute, ekimenean parte hartu duten ikasleen esperientzia eta ikaskuntza laburbiltzeko: GeoAraba ikastetxeetan / GeoAraba en los centros escolares 2022 on Vimeo

Foru Aldundia Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi