Araba Ekinean programako "Zure ideaiak balio du" lehiaketako 20 finalistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte gaur Europa jauregian, Jon Beltran de Heredia arabar ekintzailearen parte hartzea izango duen ekitaldian - arabapress
Araba Ekinean programako "Zure ideaiak balio du" lehiaketako 20 finalistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte gaur Europa jauregian, Jon Beltran de Heredia arabar ekintzailearen parte hartzea izango duen ekitaldian
- Aurtengo edizioa Araba Ekinean programako inoizko ediziorik jendetsuena izan da: 64 ekimen lehiatu dira, 2021ean baino 21 gehiago.
- Ekintzaileen, aholkularitza eta finantza erakundeen eta Business Angelsen arteko B2B topaketa ere egingo da, 16:00etan: aldebiko 80 bileratik gora izango dira Europa Jauregian.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 29a. “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 2021eko edizioko 20 ideia finalisten aurkezpena gaur izango da, Europa Jauregian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ekimena Araba Ekinean urteko programaren barruan dago, eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez) eta Vital Fundazioak bultzatzen dute. Ekintzaileek 5 minutu izango dituzte beren proiektuak erakusteko eta epaimahaia eta publikoa konbentzitzeko beren kategorian onenak direla. Azken erabakia datorren asteartean, urriaren 5ean, jakinaraziko da Ekin Day-n, Araba Ekinean programako ekitaldi nagusian. Publikoaren sari bereziaren irabazlea, ordea, gaurko ekitaldian parte hartzen dutenek aukeratuko dute bozketa bidez. Ekitaldian parte hartzea doakoa da, eta bertaratu nahi dutenek honako web orri honen bidez eman behar dute izena: www.alavaemprende.com. Araba Ekinean programaren “Zure ideiak balio du” XVII. lehiaketak parte hartze errekorra hautsi du 2021ean: lurraldeko ekintzaileek 64 proiektu aurkeztu dituzte, eta horien artean aukeratu ditu epaimahaiak hogei finalistak. Hamar sari banatuko dira, eta, guztira, 11.000 eurotik gora.
Ekitaldia honako agintari hauek inauguratuko dute: Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari eta BIC Arabako presidenteak eta Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak. Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak emango dio amaiera. Bestalde, proiektuen aurkezpenen aurretik, bideo jokoen sektorean proiekzio handia duen Arabako ekintzaile batek hartuko du parte: Jon Beltrán de Heredia, Katoideko zuzendaria eta Gasteizko F2P Campuseko bi edizioen arduraduna. Ekimen horrek bideo joko propioak eraikitzen ari ziren estatuko eta nazioarteko hainbat talde ekarri zituen Arabako hiriburura bi udatan. Beltrán de Heredia, gainera, bakarrizketaria da, eta azalduko du nola ideiak ondo aurkezteak arrakasta lortzea ekar dezakeen, eta aurkezpenak ondo egiteko aholku batzuk ere emango ditu.
Finalistek honako sari hauek eskura ditzakete:
- Ideiarik onenaren On4U saria.
- Ekimenik jasangarrienaren Aclima saria.
- Merkataritzaren eta turismoaren arloko Gasteiz ON saria.
- Nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria.
- Industria arloko ekimen onenaren Michelin saria.
- Zerbitzuen arloko ekimen onenaren Ferrovial saria.
- Krisialditik ateratzeko irtenbide eraldatzaileen Vital Fundazioa saria.
- Berrikuntzako Metxa sari berezia.
- Enpresa arloko eraldaketa sozialaren RPK sari berezia.
- Ikusleen sari berezia.
Ekintzaileen, aholkularitza eta finantza erakundeen eta Business Angelsen arteko B2B topaketa ere izango da gaur Europa Jauregian: aldebiko 80 bilera baino gehiago egingo dira proiektu horiek bultzatzeko.
Azkenik, datorren asteartean, urriaren 5ean, Europa Jauregian, Ekin Day egingo da, Araba Ekinean programaren ekitaldi nagusia, eta egitarau trinkoa izango du, 17:00etatik aurrera: beren proiektuetan arrakasta izan duten ekintzaileek beren esperientziaren berri emango dute, eta, horrez gain, Ekintzaile Handia saria eta etorkizun oparoena duen lurraldeko ekintzailetza ibilbideari Araba Ekinean 2021 saria banatuko dira, eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren irabazlea nor den ere jakingo dugu. Ekitaldia amaitzeko, Arabako ekintzaileen arteko elkarrizketa izango da, besteak beste, Eduardo Anituak, Eneritz Zubizarretak, Miguel Gutiérrez Garitanok eta María José Aranguren Orkestrako zuzendariak hartuko dute parte. Ekitaldia doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago honako web orri honetan: www.alavaemprende.com